Aintzat osasungintza euskalduntzeko mugimenduko kidea

Kirurgialari euskaldunak letragabearentzat

Adrian Unai Zelaia
2025eko abuztuaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sarriegi jokatzen dugu erreaktiboki Euskal Herrian eta Euskalgintzan. Albiste bat, elkarrizketa bat, epai bat, eraso bat. Ondoren, erantzuna. Tamalez, berriro ere inertzia berak nakar Ander Gurrutxagaren elkarrizketa euskarafoboa aztertzera. Gustura gelditu zen, tartean zera iradokita: kirurgialari bikain edo magnifikoa hobe da euskalduna baino.

Soziologo horrek ez du inongo autoritaterik bere espainiartasun identitario eta politikoa paziente euskaldunen gain botatzeko. Katedradun, dekano, EHUko soziologia saileko buru, errektoreorde eta Jaurlaritzaren sailburuordea izanagatik ere, zientziari, osasungintzari eta hizkuntzari buruz deus ere ez dakiela frogatu du sasi-akademiko horrek.

Osasun arretan, baita espezialitate kirurgikoetakoan, komunikazioa ezinbesteko tresna da. Kirurgia paziente zein senideekin adostu, planifikatu eta koordinatzea ez da gaitasun tekniko soila. Pazientea erdigunean jartzea beharrezkoa da prozesu kirurgiko osoak emaitza egokiak izan ditzan. Teknika kirurgiko zehatzena ere justifikazio, jarraipen eta komunikaziorik gabe desastre ziurra da, urgentziazko zein programaturiko kirurgian. Tabernako koinatu horrentzat automatak gara. Soziologo makala, tresna berak denentzako berdin balio duela badio.

Bestalde, zein da kirurgialari ona? Gaur egun espezialitate kirurgiko ezberdin ugari egoteaz gain, azpi-espezialitate ugari dauzka horietariko bakoitzak. Azpi-espezialitate bakoitzean ere, formazioa nahiko antzekoa izaten da, eguneratua eta jarraitua bada bederen, baina ezin da magnifikoa izan.

Anderrek ez daki nola kuantifikatzen den osasun langileen gaitasun teknikoa. Ez da egiten. Elkarrizketa egin dion egunkariaren gisako panfleto subentzionatuetan bai agertzen direla sailkapenak, baina klinika pribatuetako langileek bertan agertzeko ordainduta, inongo ebidentzian oinarritu gabe, marketin hutsa. Osasun adierazleak ez dira nominalak izaten, zentroka edota herrialdeka ere ebidentzia zientifikoan sakontzea izan ohi da helburua. Ikerketa zientifikoa kirurgia mota ezberdinen arteko lehian zentratu ohi da eta ez kirurgialarien artekoan. Mediku ona nahi du, baina ez daki zer den mediku ona. Bere gobernukideek lan eskaintza publikoetan egituratutako ustelkeriarekin nola jakin zein den ona eta zein ez.

Analfabeto zientifikoa Ander, are gehiago gainerakoek osasun zerbitzuetara jotzean langile konkretuak aukeratzen dituztela uste badu. Osasun pribatuaren kontzeptu elitista. Kirurgialariaz gain, garbitzaileak, erizainak… denak mespretxuz ahaztu ditu.

Bere jakintza esparrutik kanpoko gaia izanik ere, bere burua legitimazioz bete du ebidentzia zientifikoaren aurka joateko. Pazienteen pertzepzio eta tratamenduen betetze maila garrantzitsua baita jardunean zehar, interbentzio kirurgikoa beste edo gehiago. Noski Danimarkaren gisako estatudun nazio orotan bertako hizkuntza ikastera behartzen zaituztela, arrazoi osoz gainera. Bertako pazienteekin beren hizkuntzan ez jardutea ez delako jarduera pragmatikoa edo klinikoki etikoa.

Osasungintzatik atera gabe, ezin ahaztu Euskal Herrian lan egiteko espainiera edota frantsesa derrigorrak direla. Ez jakitea ez da hautazko, ez da eztabaida ideologikoaren parte. Hizkuntza horien ezinbestekotasuna zalantzan jarri gabe egindako adierazpenak egitea kolonialismo politiko hutsa da. Baina nola espero nazio kontzientziarik hezigabe horrengandik, elkarrizketa berean euskara eta lapurtera hizkuntza ezberdintzat jotzen dituen norbaitengandik.

Abeltzaintza lan duina da oso, baina horixe da hizkuntzarik gabeko osasungintza Gorrotxategi jauna, abeltzaintza. Egunero dauzkagu errektoreorde, dekano, sailburuorde ezjakinak, botere eta pribilegio posizio batetik euskara eta euskaldunon osasuna gutxiesten. Haien erruz eta ustelkeriaz darraigu egoera honetan. Egun dauzkagun territorio libre bakan horiek euskalgintzari eta euskararen aldeko militantziari esker baino ez dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.