Herri bat garelaaldarrikatzen dugu. Batzuek, behintzat. Eta Herria maiuskulaz idazten dugunean denok daukagu buruan zein herri den. Errealitateak, ordea, administratiboki eta politikoki zatikatuta egoten behartzen gaitu. Errealitate hori indarrez inposatua den ala gehiengo baten borondatearen ondorioa den beste kontu bat da. Errealitate horrek berak (indarrez inposatutako errealitateak, kasu honetan) sinbolo batzuk onartzen ere behartzen gaitu.
Dagoena dago, eta, beraz, Euskal Herri hori amets dugun guztiok behartuta gaude zirrikituak bilatzen eta gune ez-fisikoak sortzen, ahalik eta herrikide gehien eroso, etxean eta herri batekin identifikatuta sentiaraziko gaituzten gune ez-fisikoak sortzen, hain zuzen. Jo dezagun horiei esaten diegula aberri txikiak; edo errepublika txikiak. Ez nahiko genituzkeen bezain zabalak eta handiak, baina...
Hizkuntza ardatz nagusia dela argi daukagu (askorentzat gure aberria euskara da; edo gure errepublika euskara da). Denok bat eta besteengandik desberdin egiten gaituena horixe da. Beste hizkuntza batzuekin bizi behar badu —eta beharko du—, bizi dadila. Bale.
Horretatik aparte, ez dakit askoz gauza gehiago daukagun. Sobran ez gaude, behintzat.
Esaterako, batzen gaituen himnorik ez dugu; himno ofizialik. Logikoa.Gorriak pasatu dituzte euskal selekzio bezala munduaren aurrean agertzea lortu duten batzuek (txapela!) podiumean zein himno kantatu behar zuten erabakitzeko unean. EAEko himnoa erabakitzeko momentuan ere Eusko Abendaren Ereserkia aukeratu zuen orduko gehiengo politikoak, beste alderdi batzuek proposatutako Agur Jaunak, Gernikako Arbola, Jaiki Jaiki edo Eusko Gudariak baztertuta (eskerrak bost alderdi ziren!). Eta horrekin, logikoa denez, ezin egon denak eroso.
Azkenaldian, badirudi kanta bat bihurtzen ari dela Euskal Herriko himno ez-ofizial: Txoria Txori (hori dio Wikipediak). Pozgarria benetan. Badirudi kanta horretan oso erraz eta eroso biltzen garela euskal herritar guztiok (kantatzen dutenak gutarrak diren sentsazioa). Ez da unea esateko «nik hau edo bestea nahiago». Doala errotzen eta aurrera. Horra aberri txiki bat. Aurrerapauso itzela. Kantaren letra ere ederra da, garaiotakoa. Agian gerraz eta nazio-loriez hitz egiten ez duen Europako himno bakarra izango da. Eutsi diezaiogun. Eta espero dezagun, tribuzaletasunak eraginda, inork ez esatea kanta hori ez dakit nongo futbolzaleena dela edo horrelako zerbait. Kito bestela.
Eta banderak? Orain arte bazegoen bat Euskal Herri politikoa irudikatzen zuena, horretarako dira-eta banderak (hori, gure kirolari ausartek erakusten zutena). Argi genuen denok. Urrutira joan gabe horra Iruñeko sanferminetan edo hainbat herritan ikurrina ateratzen egindako ahaleginak eta urtetan odolean ere ordaindu behar izan diren egunak.
Hala ere, ez dakit zenbat urte geratuko zaizkion ikurrinari denok batzen gaituen bandera gisa. Tourrean ere, ikurrina erraldoia osatu behar genuela-eta, ilusionatuta asko. Munduaren aurrean herri desberdina eta bat garela aldarrikatuko genuke. Baina... azkenaldian askotan lez, kateak eta harribitxia dituen bandera gorria (ere) atera behar omen da. Ikurrinarekin batera-edo. Ugariago zenbaitetan. Aberri Egun bateratu baterako deietan ere banderak (pluralean) ateratzeko eskatu dute ekimen horren bultzatzaileek.
Ez dut irakurri edo entzun arrazoi bat ere zergatik izan behar duen horrek herri moduan sinbolizatzen gaituena. Ez dakit ikurrina ordezkatzea nahi dugun, gustu kontua den, eta ezta nork bultzatzen duen ere, norbaitek eragin behar du-eta. Ulertezina zait zergatik gastatu behar ditugun energia apurrak gure artean areago desberdintzen eta daukaguna ezabatzen. Ez dakit zein den arazoa, baina oraintsura arte hori gainditutako zerbait izan da. Zazpi lurraldeetako abertzaleok behintzat batzen gintuen zerbait bagenuen: bandera.
Mundu lotsarren funtzionatzen dugu askotan, antza, nork zer esango, eta diskurtso politikoki zuzenak pulpitu asko ditu. Ordezkari politikoei, honelako auzietan, bustitzea, perspektibaz jokatzea eta lerro estrategikoak markatzea dagokie. Ez legoke gaizki, beraz, balazta apur bat zapaltzea geure artean (geure artean) bereizteko eta desberdintzeko grina edo lasterketa horretan, eta luzera begira jokatzea, urratsak oinarrizko batasun baterantz eginda eta ez alderantziz.
Aberri txiki askorik ez daukagu. Badirudi kanta bat behintzat izaten hasi garela. Urrats bat aurrera etabat edo bi atzera egiteak ez gaituinoiz inongo helmugara eramango. Tartekoa bada ere.
Kito: banderarik ere ez daukagu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu