Koko Abeberry

Daniel Landart
2017ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Jatorriz zuberotarra eta Biarritzen kokatua zen Abeberry familian bost anaia baziren: Albert, Pierre, Maurice, Jakes eta Jean-Claude, azken honi denek Koko deitzen ziotelarik. 1932ko urrian sortua zen.

Aita okina zuten eta ama errientsa. Biarriatzen hotel bat ere atxiki zuten. Gurasoak zendu eta, Jakesek eta Koko-k hotelean apartamenduak egin zituzten. Koko eta bere emaztea bertan bizi ziren.Bost anaietatik hiru abokatuak ziren: Pierre, Maurice eta Koko. Baina Pierre, bere ofizioa utzirik, San Domingoren ordenako kide bilakatu zen. Koko aldiz, lehenik gaztelera lizentzia eskuraturik, Parisera joan zen lanera eta Hermès saltegifamatuan lan egin zuen. Parisen zegoela, erabaki zuen munduaren itzuliaren egitea.

Koko ezkondu zen 1990ean. Azken lau urte hauetan, belaun bateko ebakuntzaren ondotik, arazo larriak bazituen. Azkenean, bihotzekoak emanda zendu da 2017ko otsailaren 21ean, arratsalde erditsutan, bere emaztearen ondoan Le Monde egunkariaren irakurtzen ari zelarik.

Sudurra odoletan... 1971n, Donibane Lohizunen ospatzekoa zen Aberri Eguna, prefetaren manuz, debekatu zuen alkateak, eta eguerditan, Luis XIV. enparantzan, iskanbilak gertatu ziren jendarmeen eta abertzaleen artean. Sudurrean matraka ukaldi bat bildurik hurbildu zitzaidan Koko Abeberry, bistaz bakarrik ezagutzen nuena, garai hartan Parisen lan egiten baitzuen.

Gero, Baionako Fakultatea hasi zelarik Zuzenbide kurtsoak ematen, erabaki zuen abokatu ikasketak egitea eta Euskal Herrira etorri zen bizitzera.

Donibane Lohizuneko Aberri Egun debekatuan manifestatu izanagatik, Telesforo Monzon eta Txillardegi Euskal Herritik urrundu nahi baitzituen Estatuak, haien sostenguz gose greba bat egin zuten Baionako katedralean eta Koko Abeberryk parte hartu zuen.

Parisen zegoelarik ere Enbata mugimendukide baitzen, «etxeratu» eta, oraindik kar handiagoarekin segitu zituen bilkurak, sekulako artikulu andanak idatziz Enbata astekarian, eta gainera, inprimategiko zuzenketak segurtatuz. Enbata mugimendua 1974an debekatu zuen Estatu frantziarrak eta astekaria ere gelditu zen. Urte baten buruan berriz agertu zelarik, Koko Abeberry jarri zen Legearen aitzinean berme. Idazteko erraztasun harrigarria zuen.

Abokatu ikasketak bukatu eta, lehenik Maurice bere anaiaren bulegoan, eta gero bere gain, abertzale asko defenditu zituen, izan ETAkoak ala IKAkoak, besteak beste. Denbora berean, Giza Eskubideen Ligan parte hartu zuen, eta abertzaletasunak bultzaturik, lagun batzurekin sortu zuen Euskal Herriko Giza Eskubideen zaintzeko komitea, Argilea kazeta ere argitaratuz.

Abertzale sutsua, baina kostaldean sortu beste milaka bezala, euskararik ez jakin. Konturaturik, zinez euskaldun izateko, euskaradun izan behar zela, Koko hasi zen euskararen ikasten, eta azken urte hauetan, euskaraz ari ginen gure artean. Jarraituki parte hartzen zuen Biarritzeko Mediatekako Irakurketa Klubean, baita ere astean bi aldiz Mintza Lagun taldean. Bestalde, Euskal Kultur Erakundeak eta AEK-k antolatu lehenbiziko Diktaketa lehiaketan, lehen saria erdietsi zuen.

Itxuraz beti gazte, denetaz kurios, eta politikaz bereziki, harekin solastatzen nintzen bakoitzean gogoa aberasturik ateratzen nintzen.

Gizon maitagarria zen Koko, gizon eztia, abertzale agertzeko eta giza eskubideen alde borrokatzeko beti prest.

Pantxika bere alarguntsari, Jakes anaiari eta familiako guztiei doluminak eskaintzen dizkiet. Adiskideki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.