Iazko ekainaren 10ean, lagun batzuek Mark Brown irakaslea Alkizara eraman genuen, Ur Mara Museoa ezagutzera. Herrigintzaren eta pentsamenduaren arteko elkargune gisa aurkeztu genion museoa, uste baikenuen Alkizako kultura, natura eta sormenarekiko konpromisoa AEBetatik etorritako gonbidatuak estimatuko zituela.
Brown egun batzuk lehenago izan zen EHU eta DIPCren artean antolatutako mintegi batean, zientziaren eta demokraziaren arteko harremanak aztertzen. Science in Democracy (MIT, 2009) liburuan defendatzen duen ideiaren arabera, zientzia ez da politikatik aparte dagoen esfera neutro bat, baizik eta prozesu demokratikoen osagai aktibo eta eraldatzailea. Errepresentazio politikoa eta zientifikoa elkarrekin ulertu behar direla dio, eta herritarren parte-hartzeak zientzia bera aberasteaz gain, demokraziaren beraren sendotzea ekar dezake. Horrela, erronka egiten dio zientziaren objektibotasuna eta deliberazio politikoa banatzen dituen ikuspegi klasikoari. Galdera da, orduan: ez ote du errepresentazio artistikoak ere antzeko funtzio demokratikoa bete dezakeen ahalmena?
Ur Marara iristean, Koldobika Jauregi topatu genuen bere tailerrean lanean, sormen prozesuan murgilduta. Harekin solasean, Bruno Latour-en Où atterrir? (2017) laneko ideia batzuk agertu ziren: mundu komun baten galerari eta krisi ekologikoari erantzuteko, Latourrek tailer parte-hartzaile batzuk antolatu zituela, non lurrean margotutako iparrorratz baten bidez parte-hartzaileek beren arteko eta ingurunearekiko dependentziak identifikatzen zituzten. Lur-hartze ariketa horrek norberaren lekuaren eta munduaren ulermena «birpopulatzen» laguntzen omen zuen.
Latourren iparrorratzak Koldobikaren efimerak ekarri zizkigun gogora. Artelan horiek lurrean egindako forma borobilak ziren, denboran iragankorrak eta ingurunearekin harreman estuan sortuak. Askotan naturaren zikloen eta komunitatearen arteko loturak azpimarratzen zituzten, ikusleari unean uneko esperientzia estetiko eta kontenplatiboa eskainiz. Horren harira elkarlanean zerbait sortzeko proposamena egin genuen, Latourren iparrorratzaren antzean, sormenaren, zientziaren eta herrigintzaren arteko elkargune berriak esploratzeko asmoz. Gero Hitzaren Babesera hurbildu ginen, Thoreauren omenez Ur Maran eraikitako etxetxo poetikora, eta Koldobikak tailerrean jarraitu zuen lanean. Ez dugu sekula jakingo berak zer pentsatu zuen proposamen hartaz, gutxira joan baitzitzaigun. Hala ere, Koldobikaren lana bertan dugu: artea eta herrigintza uztartzen diren gune gisa, komunitatea eta ingurunea elkarrekin zaintzeko eta ulertzeko moduak eskaintzen dituzten une gisa.
Koldobika Jauregi langile handi bat, aktibista bat eta ekintzaile handi bat izan zen, ezohiko konpromisoa erakutsi zuena herri txikiekiko, kultura autonomoarekiko eta sortze-lanarekiko. Bere lana, sarritan efimeroa, komunitatearekin eta paisaiarekin harreman zuzenean sortua zen, eta haren ekintza artistikoa ezin da ulertu Alkizako herrigintzatik bereizita.
Testuinguru honetan, Harri zopa izeneko kondaira datorkigu gogora. Gosete garaian, kanpotar batek harri bat sartu zuen eltze huts batean eta iragarri zuen harri-zopa prestatzen ari zela. Ingurukoen jakin-mina piztuta, bakoitzak osagai bana gehitu zion eltzeari: batzuk azenarioa, besteek patata, eta horrela, pixkanaka, denon ekarpenei esker, otordu oparoa lortu zuten, eta elkarrekin partekatu. Europako hainbat lekutan ezagutzen den kondaira honek erakusten digu elkarlanak eta parte-hartzeak, hasieran baliabide gutxi izan arren, komunitate osoaren ongizatea ekar dezaketela; batez ere, ausardiaz egindako proposamen batek jendea biltzen duenean.
Ur Mara Museoak —Koldobika Jauregik eta Elena Cajaravillek sortua— ideia hori egiaztatzen du gaur egun: ez da artearen erakustoki soil bat, baizik eta artea, natura eta gizakia uztartzen dituen espazio bizia. Herritarren sormena eta parte-hartzea sustatzeko egina dago, eta urteotan herrigintzaren eta komunitatearen garapenerako tresna aktibo bihurtu da, Alkizako beste herri-proiektuekin bat eginez. Itxurain, Sormenaren Kabia, Fagus, Ur Mararen inguruko ekimenak... antzeko helburua dute: herritarren jakintza eta sormena biltzea, komunitatearen identitatea sendotzea, eta kultura partekatuaren bidez lurraldea biziberritzea. Horrela, txikia izan arren Alkiza herri bizia eta sortzailea bihurtu da, sorkuntza kolektiboa eta elkartasun aktiboa ardatz hartuta.
Horregatik, aurtengo ekainaren 16an eta 17an berriz elkartuko gara, Donostian eta Alkizan, Koldobika Jauregiren herrigintzaren artea gogoratzeko uda ikastaro batean. Artearen, zientziaren, literaturaren eta gizarte-ekintzaren esparruko adituak eta arituak bilduko dira, diziplinarteko ikuspegi batetik haren lana eta ondarea aztertzeko. Hitzaldi, solasaldi, musika eta performanceen bidez jorratuko dugu sorkuntza artistikoa nola bihur daitekeen lurraldearen zaintza, memoria kolektibo eta gizarte-eraldaketaren tresna. Ikastaro hau bera bihurtuko ahal da praktika kolektiboen beste adibide bat: elkarlanean obra iragankor baina emankor bat sortuz.