Euskal politikak ez du urte lasai bat izan, batez ere estatu mailan. Errejonen kasua, Valentziako DANA, Mazonen gaitasunik eza, Trumpen muga zergak, eta orain Santos Cerdan, Koldo eta Abalosen ustelkeria kasuak. Ezbehar gehiegi, jendeak jasan eta ahaztu ahal izateko.
Ezin dugu errealitatea ukatu, eta zintzoak izan behar dugu. Jakin badakigu politika azken urteetan ez dagoela bere momenturik loriatsuenean, prestigioa galtzen joan dela, gezurrez eta bete gabeko hitzez blai, lohian murgilduta, eta jende arruntarengandik oso urrun. Sistema demokratikoek ere pairatu dituzte ondorio horiek. Sektore batzuek zalantzan jarri dute, eta bizitza hobearen truke demokrazian atzerapausoak emateko prest daudela defendatu dute. Hau da, dirua askatasunaren ordez.
Izan ere, badakigu Euskal Herrian dugun politikak ez duela zerikusirik estatuan egiten denarekin, baina ezin dugu beste aldera begiratu. Madriletik datorren zaratak gure gizartea ere zeharkatzen du, kutsatuz eta gero eta desafekzio politiko handiagoa areagotuz. Politika nazionala izugarrizko krisian barneratuta dagoen une honetan, euskal aktoreek pauso bat aurrera eman behar dute. Ezinbestekoa da Espainian gertatzen ari diren polemiketatik urruntzea eta duintasunez lan egiten jarraitzea. Erronka ez da erraza, Euskadiko zenbait alderdi politikok estatuko gobernua sostengatzen dutelako, eta, beraz, ezin dira %100ean aldendu gobernuari eragiten dioten polemiketatik. Hala ere, badaude egin ditzaketen zenbait ekintza.
Lehenik eta behin, euskal aktore publikoek mezuaren kontrola izan behar dute. Instituzioak gizarteari hurbildu behar zaizkio, eta horretarako komunikazio landua eta argia eskaini behar dute. Beharrezkoa da egiten duten lana ezagutaraztea, eta informazioa herritarrentzat erraza izatea eta ondo egituratua egotea, herritarrek eurenak balira bezala uler ditzaten, eta ez urruneko, beren beharrizan eta eskaeretatik at dauden erakundeak bezala.
Egia da komunikazio saila ezinbestekoa dela. Jendeak jakin behar du politikak zertarako balio duen eta nola lagungarria izan daitekeen, baina ez dago komunikazio onik, politika sendoek eusten ez badiote. Erakunde publiko eta politikoek gizartearen analisi jarraitua egin beharko lukete, dauden sentsibilitateak, jarrerak eta iritzi korronteak ondo ezagutzeko. Horrela, herriaren taupadak ezagutu, eta herriarentzat politikak kudeatu beharko dituzte: politika sozialak eta zehatzak, ibilbide luzekoak, eta etorkizunera begira jarriak; ez epe laburreko etekin politikoa ateratzeko pentsatutakoak. Pertsonen bizitza hobetzeaz gain, politika horiek zerumuga bat eraikitzeko pentsatuta egon behar dute, eta ez unean uneko suak itzaltzeko mekanismo gisa.
Bestalde, euskal aktore politikoek kalean egon behar dute. Oso arriskutsua izan daiteke botere mailetan galtzea eta nondik datozen ez jakitea. Goiko mailetan murgiltzen diren zenbait politikarik azkar ahazten dute nondik datozen, nortzuek ipini dituzten maila horietan, eta norentzat lan egin behar duten. Horregatik, ezinbestekoa da perspektiba ez galtzea: euskal gizartearentzako politikak egiten jarraitzea, zintzotasunez eta zerbitzu publikoaren bokazioarekin.
Laburbilduz, Estatuko bizitza politikoa krisian murgilduta dagoen honetan, Euskal Herriak modu independentean eta zaratatik ahalik eta urrunen lan egiten jarraitu behar du. Gaur egun politikak bizi dituen zailtasunak eta izen onaren galtzea ikusita, gure erakundeak indartu egin behar dira: herritarrengandik hurbil dauden erakundeak, euskal herritarrak ordezkatuta senti daitezkeenak, eta instituzio horiek amaitu nahi dituzten diskurtsoei aurre egiteko gai direnak.