Kontakizuna hariltzen, inpunitatea eraisten

Andoni Txasko
2014ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako trantsizioa ez zen izan, hala sinetsi nahi badigute ere, ez eredugarria eta ez baketsua. Garai hartan, erregimen frankistak jendea zapaltzen eta erailtzen segitu zuen, diktaduran bezalaxe. Errepresio haren erakusgarri nabarmenena Gasteizen gertatu zen, 1976ko martxoaren 3an: poliziak bost langile hil zituen, eta ehun lagun baino gehiago zauritu; handik egun batzuetara, bi gazte erail zituzten, bat Tarragonan eta bestea Basaurin, Gasteizkoekiko elkartasun ekitaldietan.

Joanak dira 38 urte, eta borrokan segitzen dugu Espainiako Estatuak aitortu dezan bera dela erantzulea, eta justizia eta ondorioen erreparazioa egin dezan. Ezin onartu ditugu jokabide hura justifikatu eta erantzuleak babesten dituzten bertsioak, eta ezin onartu dugu erantzuleek erabateko inpunitatea izatea. Neurri batean, indarrik gabe uzten ari gara bertsio ofiziala, eta agerian uzten ari gara borroka hura bidezkoa zela, eskubideak eta askatasuna berreskuratzeko egina, baina esan beharra dago, era berean, PPren gobernua tematurik dagoela polizia txostenei sinesgarritasuna ematen, ukatu ahal izateko jokabide hura terrorista zela, ukatu ahal izateko gu terrorismoaren biktimak garela. Horren adibide argia da Barne Ministerioak duela gutxi entzunaldi baten tramitean emaniko argudio bat, ama batek bere semearen heriotzagatik biktimen lege integralaren inguruan eginiko eskaerari erantzunez: «Heriotza hori Gasteizen 1976ko martxoaren 3ko borroka baten ondorio izan zen; lan gatazka batengatik izaniko elkarretaratze debekatu bateko parte hartzaileen eta poliziako kideen artean izan zen borroka». Eta aurrerago: «Kasu honetan, sufrituriko lesioak eragin zituen ekintzaren izaera terrorista egiaztatzeari dagokionez, ez dago halakotzat jotzen duen epai behin betikorik, ez jurisdikzio militarrak eta ez arruntak emandako epairik [...] azterturiko gertakarien zuzeneko helburua ez zen bake publikoa aztoratzea, baizik eta berrezartzea».

Gertakari haien ikuspegi hori, gaur egun, ezin onartuzkoa da, eta ez da inola ere ezkontzen errealitatearekin. Ez da guztiz egia hari buruzko epairik ez dagoela, zeren sumarioetan hau esana baitago: «Gertakariak, printzipioz, homizidio delitu bati dagozkie [...], baina ixtea erabaki da, ez baitago arrazoi nahikorik delitua halako pertsonari leporatzeko». Horra justiziaren lehenbiziko burla; eta halaxe segitu dute, eragotzi egin baitute Espainian epaitzea frankismo garaiko krimen haiek eta gizadiaren aurkako beste batzuk, eta, beraz, modua jarri baitute erantzuleen inpunitateak iraun dezan. Inpunitatearen eredu espainola 1977ko Amnistia Legean oinarritzen da, eta amaipuntuko lege baten tankeran aplikatzen da.

Azkenean, Argentinan zabaldu da frankismoaren eta haren krimenen kontrako auzi bat, eta, trabak traba, aurrera doa; esaterako, urriaren 31n jakin genuen Servini epaileak, auto baten bitartez, atxilotzeko agindua emana duela frankismoko 20 ministro ohi, epaile eta funtzionarioren kontra, haiei deklarazioa hartu ahal izateko. Martin Villak, Utrera Molinak, Alfonso Osoriok eta enparauek Buenos Airesen aurkeztu beharra daukate, Serviniren aurrean, inputatzen dizkieten ekintza kriminaletan izaniko erantzukizunaz deklaratzeko. Martin Villa eta Alfonso Osorio 1976ko gobernuaren parte ziren; eta Jesus Quintana aginteko kapitaina zen, poliziak aginduak bete eta San Frantzisko elizan bilduriko langileak sarraskitu zituenean. Hirurak ikusten ari dira bukatzear dela orain arteko inpunitatea. Urte hauetan guztietan etengabe egia, justizia eta erreparazioa eskatu izana fruituak ematen hasia da, eta ahaleginak merezi izan du.

Oso litekeena da Mariano Rajoyren gobernuak epailearen eskaria arbuiatzea, halaxe egin baitzuen Muñecas eta Billy el Niño torturatzaileak estraditatzeko aginduekin ere, baina agerian utziko du, ostera ere, haren alderdi PPk ez duela batere gogorik frankismoarekin hausteko. Fraga Iribarnek fundatu zuen alderdi hori; frankismoaren zutabeetako batek, beraz, zeinak postu garrantzitsuak izan baitzituen diktaduran, eta gobernazio ministroa eta Gasteizko sarraskiaren erantzule nagusia izan baitzen. Giza eskubideen eta askatasunaren etsai porrokatua. Argi geratuko da, era berean, Espainia dela kriminal frankistei geriza ematen zaien leku bakarra, giza eskubideen urraketen biktimak babesteko nazioarteko legea errespetatzen ez duen bakarra, nahiz eta NBE eta beste batzuk eskaka ari zaizkion.

Urriaren 31ko berria mugarri bat da justiziaren aldeko borrokan. Nola lortu zuen Argentinak han bertan epaitzea Videlaren diktadurako krimenak gizartearen presioari esker, bada, halaxe lortu behar dugu Espainiak epai ditzala Francoren diktadurakoak, eta beharrezko berme nazioarteko guztiekin, noski, Espainiako auzitegiak, bere hartan, ez baitira behar bezain fidagarriak.

Ezinbestekoa da klase politiko guztiak jarrera argia eta irmoa izatea, eta PP bakarrik uztea inpunitatearen alde. Dudarik ez dugu Euskal Herriko gizarteak egingo duela, orain arte bezala, ahalegin eskuzabal bat, oraingo honetan azkena, oso-osorik bota dezagun kriminal frankistak babesteko inpunitate horma.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.