Mondragon Unibertsitateko irakasle-ikertzailea

Kooperatibista baten begietatik: martxoaren 17an greba

Iosu Lizarralde Aiastui
2026ko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenaldian, albiste kontrajarriak irakurri ditut egunkarietan. Horietako albiste batek zioen diru sarrerak bermatzeko errentatik (DSBE/RGI) kanpo gero eta familia gehiago ari direla udal ezberdinen laguntzak jasotzen oinarrizko beharrak asetzeko. Horrek esan nahi du milaka etxetan zailtasunak daudela argia ordaintzeko, janaria erosteko edo alokairuari aurre egiteko.

Hori gertatzen den bitartean, espainiar estatuko banku nagusiek 34.000 milioi euroko mozkin bateratua lortu zuten 2025ean, 2024an baino %7 inguru gehiago. Espainiar estatuko energia enpresa handiek—Iberdrola, Naturgy, Endesa eta Repsol—, berriz, 12.405 milioi euroko mozkin bateratua lortu zuten 2025ean, 2024an baino %11 gehiago, gutxi gorabehera.

Albiste horiek irakurtzean, galdera bat egin diot neure buruari: nola iritsi gara honaino? Kooperatibista naiz, eta, egia esan behar bada, pribilegiatu sentitzen naiz. Lan baldintza duinak ditut, soldata egonkorra, eta lan egiten dudan erakundean demokrazia ekonomikoaren printzipioak praktikan jartzeko aukera. Gure artean hartzen ditugu erabakiak, sortutako aberastasuna banatzen dugu, eta komunitateari begiratzen diogula esaten dugu.

Baina badakit beste zerbait ere: gure burbuila kooperatiboan bakarrik geratzen bagara, gure eredua ez da nahikoa izango. Horregatik, askotan pentsatzen dut gure errealitatea ez dela herritar askoren egunerokoa.

Goian aipatutako berriak irakurri eta kooperatibismoaren oinarrian dauden printzipioak gogoratzea nahikoa da gizarte honetan bizi dugun kontraesanaz jabetzeko. Kooperatibek diote aberastasuna modu bidezkoan banatu behar dela; komunitatearen ongizatea sustatu behar dela; eta inor atzean utzi gabe jardun behar dugula. Baina, aldi berean, gure inguruan gero eta familia gehiagok ezin dituzte oinarrizko gastuak ordaindu, beste batzuk inoizko irabazirik handienak izaten ari diren bitartean. Horrek galdera deseroso bat sorrarazten dit: zer zentzu du kooperatibismoak, baldin eta gure komunitateko milaka pertsonak pobrezia egoeran jarraitzen badute?

Horregatik sentitzen dut martxoaren 17an greba egiteko beharra; azken batean, kooperatibismoaren benetako koherentzia ez baitago soilik gure enpresen barruan egiten dugun lanean, baizik eta gure komunitate osoaren alde egiten dugun horretan

Testuinguru horretan ulertzen dut gutxieneko soldata propio eta duin baten aldeko aldarrikapena. 1.500 euroko gutxieneko soldata ez da eslogan bat; milaka langilerentzat bizitza duin baterako gutxieneko oinarria da. Ez da luxu bat, zaurgarrienentzat bizitza duinaren muga besterik ez da. Gaur egun soldata baxuenak dituztenen artean emakumeak, gazteak, migratuak edo lanaldi partzialean ari direnak baitaude gehienbat. Beste modu batera esanda: zaurgarrienak.

Beraz, kooperatibismoaren ikuspegitik ere, eskari hori logikoa da. Gure mugimenduak beti defendatu du sortzen den aberastasuna modu bidezkoan banatu behar dela. Ez da onargarria enpresa askok irabazi handiak pilatzea, eta, aldi berean, langile askok hilabete amaierara iristeko zailtasunak izatea.

Bestalde, hemen bertan erabakitzeko eskubidearen auzia ere badago. Tokiko errealitate ekonomiko eta soziala kontuan hartuta, zentzuzkoa dirudi gutxieneko soldataren inguruko erabakiak hemen hartzea, Euskal Herrian, alegia. Horrek ez du esan nahi beste inoren aurka egitea; aitzitik, gure komunitatearen beharrei erantzuteko tresnak eskatzea da.

Greba orokorra askorentzat hitz handia izan daiteke. Baina demokrazia ekonomikoaren logikan, batzuetan beharrezkoa den tresna kolektiboa ere bada. Agian horregatik sentitzen dut martxoaren 17an greba egiteko beharra; azken batean, kooperatibismoaren benetako koherentzia ez baitago soilik gure enpresen barruan egiten dugun lanean, baizik eta gure komunitate osoaren alde egiten dugun horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA