Ikaslea

Korrika bai, eta gero?

Maialen Arriola Arakistain
2026ko martxoaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zeinen hunkigarria den Korrika. Herriko bazter batetik entzuten dira oihu alaiak, furgonetako argi biziak ikusten diren bitartean, eta herria bizirik sentitzen da. Zein ederra den herri euskaldun batean bizi garela sentitzea, eta gure arbasoek horrenbeste borroka eginez babestu zuten hizkuntza erabiltzen jarraitzen dugula igartzea. Hori guztia zoragarria da, baina gero zer? Zer gertatzen da Korrika amaitzen denean? Amesten dugun euskal herri hori lekukoarekin batera galtzen da, lekukoa desagertzen denean haren helburua ere desagertu egiten baita.

Zenbat pertsona dauden prest lekukoa eraman eta harrotasunez korrika egiteko, eta ze pertsona gutxi dauden prest kontzientzia piztu eta egunerokoan euskara erabiltzeko. Nire herria beteta egoten da Korrika pasatzen denean, denok irribarre bat aurpegian marraztuta pozik ibiltzen gara lasterka. Momentu horretan, neure buruari galdetzen diot: hemen arineketan ari garen guztiok euskaraz hitz egingo bagenu gure egunerokoan, Korrika ez litzateke aldarrikapen bat izango, ospakizun bat baizik. Oso erraza da euskararen alde egotea; hura kalean entzutea, berriz, ez da horren erraza.

Hemen arineketan ari garen guztiok euskaraz hitz egingo bagenu gure egunerokoan, Korrika ez litzateke aldarrikapen bat izango, ospakizun bat baizik

Itxurakeria nagusi den gizarte batean bizi gara eta horregatik gaude gure hizkuntzaz horren harro egun hauetan. Hala ere, dena ahazten zaigu lagunekin gelditzen garenean egun arruntetan, batez ere nerabezaroan. Ni neu, baztertua izan naiz euskara erabiltzeagatik, kontzertuetara edo herriko jaietara ikurrina hartuta joaten diren pertsona horiengandik. Non dago benetako egiaren eta itxuraren arteko muga? Ni haurra nintzenean (orain dela 6-7 urte) euskara zen nagusi herriko haurren artean, eta gaur egun gaztelania hutsean entzuten ditut umeak. Euskara erabiltzeak maila apalago batean jartzen al gaitu sozialki? Gainera, azken berriek diotenez jada ez da haurrentzako telebista kate euskaldunik egongo. Nola nahi dugu hizkuntza bizirik mantentzea gure etorkizuneko pertsonen aisialdian euskarak ez badu tokirik?

Garbi dago euskara dela euskaldun egiten gaituena, horregatik izugarri maite dut aurtengo Korrikaren lema, Euskara gara. Oso ondo definitzen du gure egoera, izan ere, hizkuntza bat ez da bizirik egongo erabilerarik ez bazaio ematen. Hiztunok ematen diogu bizitza euskarari, eta ez pankarta baten atzean korrika egiteak soilik. Haatik, Korrika ezinbesteko egitasmoa da euskararen biziraupenerako, nondik gatozen zehazten duelako eta nora joan nahi dugun argitzen laguntzen digulako. Sekulakoa da benetako euskaldunok helburu baten alde elkartzeko dugun gaitasuna, eta horregatik miresten ditut horrenbeste Korrikako antolatzaile eta laguntzaileak. Horrez gain, asko maite ditut euskararengatik benetako borroka egiten duten herritar horiek, eta ez distantziatik begira egoten diren horiek.

Ukaezina da ezinbestekoa dela euskara babesten duten lege eta agintariak edukitzea, baina garrantzitsuena, euskara maite eta bizi duen herri bat izatea da. Euskara gara, euskal herria euskara da, ni euskara naiz, BERRIA euskara da. Euskaraz sortzen den guztia euskararen parte da. Mintza gaitezen euskaraz, eman diezaiogun bizitza bizia ematen digun hizkuntzari. Bizi dezagun euskara gure izaeraren isla moduan, baina, batez ere, eman diezaiogun bizitza euskarari. Eman diezaiogun bizitza gure nortasunari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!