Krisiak lanaren ekonomian izan dituen ondorioak aztergai

Endika Alabort Amundarain eta Jon Bernat Zubiri Rey
2019ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Datuen dantza amaigabean, ekonomiaren eta lanaren bilakaera onaren kontakizuna egiten dute euskal agintariek. Epe laburreko irakurketa baikorra da nagusi, jendartean lasaigarri izan daitekeen susperraldiaren mantra hedatuz. Baina argi izan dezagun, azken «hamarkada galduan» langileen eta bereziki soldaten aurka burutu duten eraso bortitzak ez du etenik, eta ustez bukatutako krisia berriro hasteko zorian dago. Espainiako Estatistika Institutuaren datu basean azken urteko emaitzei erreparatu eta azken hamarkadako bilakaera begiratu baino ez dago. Emakume eta gizon langileentzat krisiak izan dituen lau ondorio nagusiak nabarmentzea dugu helburu ariketa honetan.

Landunen ordezkatze sexuala izan da krisiaren lehenengo ondorioa. Hamarkadaren hasieratik hona 125.000 gizon gutxiago ari dira lau herrialdeetan jardunaldi osoko lanetan, eta susperraldizko azken hiru urteetan 33.000 emakume gehiago dabiltza horrelako postuetan. Hamarkada hasieratik jardunaldi murriztuko 25.000 lanpostu gehiago sortu dira ere, eta horietatik bi heren gizonentzat izan dira. Gaur egun, emakume landunen %27 jardunaldi murriztuan dago, egoera horretan dauden gizonen %7tik oso urrun. Bereziki larria da alde hori, batez ere soldatapekoen artean. Jardunaldi osokoen batez besteko soldata 2.500 euro da; jardunaldi murriztukoena, aldiz, 1.000 euro. Galdu diren landunen bi heren norbere kontura ari ziren lanean (enpresariak, autonomoak edo kooperatibistak), eta azken herena soldatapeko langileak ziren. Ordezkatze sexual horren ondorioz, 84.000 emakume gutxiago daude etxeko lanetan, 10.000 gizon gehiagok beren jarduera etxean kokatzen dutelarik.

Sektoreen berregituraketa izan da krisiaren bigarren ondorioa. Alde batetik, 60.000 lanpostu industrial galdu ziren EAEn hamarkadako lehen sei urteetan; azken-aurrekoetan erdia baino gehiago berreskuratu ondoren, etenaldia egon zen 2017an, eta beste 15.000 lanpostu galdu dira 2018an. Nafarroak hobeto kudeatu du krisi industriala, ordea, eta azken hiru urteetan 13.000 lanpostu gehiago daude industria nagusietan. Eraikuntza dugu krisiaren ikurra, bestetik, eta sektoreak 45.000 landun gutxiago ditu lau herrialdeetan. Jarduera horiek berriz indartzeko nahian daude Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba, eta 9.000 lanpostu berri sortu ziren iaz. Neurri txikiagoan, lehen sektorea beherakada etengabean dago, eta 10.000 lanpostu galdu dira lau herrialdeetan. Nafarroak nekazari eta abeltzain jarduerak indartzen eta orekatzen dituen bitartean, sektoreko landunen erdia desagertu da hamarkadan zehar EAEn. Zerbitzuei erreparatu behar diegu, bukatzeko. Hor sortu dira lanpostu gehienak susperraldiaren urteetan, eta 20.000 gizon eta 22.000 emakume gehiago daude hainbat zerbitzutan lanean. Hala ere, 2008ko kopuruetatik urrun daude merkataritza, garraio, ostalaritza, lan tekniko, zientifiko, profesional eta kudeaketa zerbitzuen adar pribatuetako landunak, lanpostu berri gehienak adar publiko eta sozialetan kokatzen baitira.

Adinen arteko desoreka larria da krisiaren hirugarren ondorio nagusia. Belaunaldien arteko lan munduaren barruko ordezkatzea eten egin da azken hamarkadan. Biztanleria osoan baino nabarmenagoa da gazteek lan munduan galdutako pisua. 16-35 urte bitarteko gazteak soldatapeko langileen %39 izatetik laurden bat baino gutxiago izatera igaro dira. Horrek behartutako inaktibitatera bultzatu ditu gazte ugari, eta asko daude bi urte baino gehiago langabezian daramaten 50.000 gizon eta emakumeen artean. Gazte gutxiago dagoen garai honetan, krisiaren hasieran baino 10.000 ikasle gehiago egotea ere harrigarria da. Edozein kasutan, gazteak ez dira inaktibo berrien artean gehiengoa, eta 70.000 jubilatu eta 25.000 ezgaitu iraunkor gehiago daude ordaindutako lan mundutik kanpo.

Errenten eta soldaten beherakada izan da krisiaren laugarren ondorioa. Batez besteko errenta erreala prezioen eboluzioa kontuan izaten duena jaitsi egin da azken hamarkadan. Lau herrialdeetan, 380 milioi euro gutxiago daude kapital errenta guztien artean, eta ia 1.600 milioi gutxiago soldaten atalean. Nabarmenak eta hazkorrak dira gainera soldatapekoen arteko aldeak. Batetik, behin-behineko eta behin betiko lanpostuetan daudenen soldaten arteko arrakala urtean 7.000 euro da emakumeen artean, eta 12.000 euro gizonen artean. Bestetik, behin betiko kontratua duten emakumeen batez besteko urteko soldatak gizonezkoenak baino 9.000 euro baxuagoak dira. Alde horiek ordukako soldatetan ere eragiten dute (hiruzpalau euro altuagoak dira gizonen soldatak), eta prestakuntza maila guztietan errepikatzen da joera hori, gainera. Laburbilduz, langileen %40k baino gehiagok 1.400 eurotik beherako soldata gordina jasotzen dute hilean, eta emakumeen erdiak eta gizonen laurdenak urtean 20.000 euro baino gutxiago jasotzen dute.

Lan ordainduaren feminizazioa, sektoreen berregituraketa, adinen arteko ordezkapen eskasa eta soldaten murrizketa desorekatua dira krisiak lan harremanetan izan dituen lau ondorio nagusiak. Eredu oker hau bultzatzen duten euskal agintariak etxera bidaltzen ez ditugun bitartean, okerrera egiten jarraituko du langileriaren bizitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.