LABeko Nazioarteko Harremanetarako arduraduna

Kuba, duintasunez beteriko irla

Koldo Saenz de Benito
2026ko apirilaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Buenos Airesen 2003ko maiatzean emandako hitzaldi ezagun batean, Fidel Castrok adierazi zuen Kubak ez zituela bonbak beste herrien aurka jaurtitzen, ezta milaka hegazkin bidaltzen ere hiriak bonbardatzera; ez zuela arma nuklearrik, kimikorik ez biologikorik. Bere hitzaldiarekin jarraituz, herrialdeak dituen milaka zientzialari eta medikuak bizitzak salbatzeko ideian heziak izan direla azaldu zuen, eta guztiz kontraesankorra litzatekeela ezagutza hori suntsiketaren zerbitzura jartzea. Fidelek hiru hitzetan laburbildu zuen Kubako Iraultzak gizateriari eman diona: «Medikuak, ez bonbak».

Ukaezina da gaur egun Kubak azken hamarkadetako une konplexuenetako bat bizi duela. Karibeko uharteak, urte luzez osasun publikoan, hezkuntza unibertsalean edo nazioarteko lankidetzan erreferente izan denak, gaur egun bere biztanleen bizi baldintzak okertzen ari diren faktore multzo bati egin behar dio aurre.

Ameriketako Estatu Batuek ezarritako blokeo ekonomikoak —azken urteotan gogortu dena— egoera horren funtsezko elementua izaten jarraitzen du. Haren helburu historikoa argia izan da: Kubako herria itotzen duen presio ekonomiko jarraitu baten bidez iraultzarekiko herri babesa ahultzea; hori guztia demokraziaren eta giza eskubideen izenean.

Zenbait datuk 1962az geroztik indarrean dagoen blokeoaren eragina neurtzen laguntzen dute. Uharteak izandako galerak 164.000 milioi dolar baino gehiagokoak izan dira; hau da, egunean 20 milioi baino gehiagokoak. Horri, nazioarteko merkataritzaren birkokapenetik eratorritako kostu gehigarriak eta ondasun nahiz zerbitzuen esportazioetan izandako galera handiak gehitu behar zaizkio.

Munduan gerrak ugaritzen ari dira, kapitalak erabaki duelako hori dela bere hegemonia mantentzeko bide bakarra. Gainera, ezegonkortasunak markatutako nazioarteko testuinguru batean bizi gara. Gatazkak ugaritu egiten dira, gerrak luzatu, eta langile klasearen prekarizazioa areagotu egiten da. Testuinguru honetan, ez da zaila logika global bat antzematea: kapital metaketa eta hegemonia geopolitikoa maiz herrien bizitzaren eta ongizatearen gainetik inposatzen dira.

Gatazkek, desberdintasunek eta eskuin muturreko jarreren gorakadak markatutako testuinguru globalean, herrien arteko elkartasun loturak indartzea inoiz baino beharrezkoagoa da

Lokaztutako Ukrainako gerrak, Gazako genozidioak, Venezuela bezalako herrialde burujabe baten aurkako operazio militarrak eta Nicolas Maduro presidente legitimoaren nahiz Cilia Floresen bahiketak, eta Iranen aurkako Estatu Batuen nahiz Israelen oldarraldiak ere logika berari erantzuten diote: kapital metaketa eta Washingtonen aginduen aurrean makurtzen ez den edozein proiektu politiko indarraren bidez ezabatzea.

Estatu Batuek behin eta berriz diote Kuba mehatxu bat dela eta terrorismoa finantzatzen duela; baina Kubako Iraultza zerbaitek definitu badu, bizitza kapitalaren gainetik jartzen duen eta bakea, herrien burujabetza nahiz giza eskubideen errespetua defendatzen dituen eredu politiko eta ekonomiko bat garatu izana izanak definitu du. Kuba zerrenda batean sartu beharko balitz, elkartasunaren, humanismoaren eta internazionalismoaren zerrendan sartuko litzateke.

Aipaturiko guztiagatik, Kuba alternatiba bidezkoagoak eraiki nahi dituzten munduko herri askorentzat faro bat izan da, eta hala izaten jarraitzen du. Ondorioz, nazioarteko elkartasuna indartzea eta, ahal den neurrian, uharteak hamarkadetan zehar eskaini duen babesa itzultzea beharrezkoa da.

Kuba fronte guztietan babestea eta bakarrik ez dagoela munduari erakustea beharrezkoa da. Bai elkartasun keinuek bai isiltasunek ere asko esaten dute, batez ere, bere baliabideak munduarekin modu solidarioan partekatu dituen herri batez solasean ari garenean. Artikulu hau idazteko unean petrolioz betetako ontzi errusiar bat Kubako uretan egotea albiste bikaina da, eta, zalantzarik gabe, oxigeno bonbona bat izango da Kubako herriarentzat. Mexikoren eta beste estatu batzuen babesa, nahiz beste batzuen isiltasuna ere, esanguratsua izaten ari da.

Esparru sindikalean ere ekimen garrantzitsuak izan dira. LAB afiliatuta dagoen Munduko Federazio Sindikalak, Central de Trabajadores de Cuba-rekin batera, mobilizazio eta elkartasun aste bat bultzatu du; beste erakunde sindikal batzuek, hala nola Nazioarteko Konfederazio Sindikalak, ziurrenik sindikatu estatubatuarren presioagatik, giza eskubideen eta nazioarteko legediaren urraketa honen aurrean isilik jarraitzen duten bitartean.

LABetik eta Euskal Herritik gure ekarpen xumea egiten saiatu gara, hainbat ekimen solidario garatuz, eta asteetan zehar, Kubarekiko elkartasun elkarteekin batera, Langileon elkartasunez, blokeoa hautsi! kanpaina abiatu genuen; horri esker, osasun materiala (sei tona baino gehiago), 185 kilo botika eta 36.000 eurotik gorako baliabideak bildu dira, baita taupada markagailuak erosteko 12.366,40 euro bildu ere.

Ekintza hauekin, Euskal Herritik, munduari hainbeste eman dion prozesu bati modu xumean lagundu nahi diogu. Gatazkek, desberdintasunek eta eskuin muturreko jarreren gorakadak markatutako testuinguru globalean, herrien arteko elkartasun loturak indartzea inoiz baino beharrezkoagoa da.

Gaur egun, inoiz baino gehiago, justizia sozialean, lankidetzan eta herrien duintasunean oinarritutako mundu baten alde egiten dutenentzat Kubak erreferente izaten jarraitzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA