Badut dagoeneko lagunekin plan zoragarria uda ondo hasteko. En Tol Sarmiento musika taldea ikustera joan nahi dugu (berriz ere), eta oraingoan Arabako Errioxara joango gara. Baina, nola ez, ika-mika sortu da talde honen inguruan, bai kuadrilla barruan eta bai kanpoan.
Ekorako taldearen azken bira arrakasta itzela izan da, inolako zalantzarik gabe. ETSk Madril eta Bartzelona konkistatzea lortu du. Ez, ez dira Napoleon, baina lortu dute hainbat belaunalditako euskaldunez osatutako publiko askotariko batekin konektatzea eta jai giroko musika-esperientzia eskaintzea. Ez da kasualitatea, hortaz, Eusko Jaurlaritzatik musika talde honek «euskararen sustapenarekin eta euskal kulturaren nazioarteko proiekzioarekin» duen konpromisoa aitortu izana. Izan ere, Iñigo Etxezarreta buru duen taldeak ez ditu soilik aretoak betetzen, baizik eta gure nortasuna eta euskal kultura ere Euskaditik kanpo eramaten ditu.
Euskal herritar asko, hala ere, ez dago ideia horrekin ados. Hau bai sorpresa, ezta? Gustu kontua dela pentsa daiteke, baina gehienetan ez da horrela. Kritika batzuek, izan ere, zerikusi gutxi baitute musikarekin. Euskal Herrian, oraindik ere, errazegi seinalatzen dugu aurrekoa. Badirudi norbaitek, bereziki artista batek, gure mugetatik harago ospe edo arrakasta lortzen duen momentuan berehala pizten direla susmoak. Hala nola «gehiegi komertzializatu dela», «egiazkotasuna galdu duela» edo «instituzioen babesaren truke saldu» dela. Artistak «babesletza pribatuen kapitalari saldu» direla ere esango dute erradikalenek.
Geure buruari galdetu beharko genioke zer motatako herrialdea izan nahi dugun: kultur adierazpenak lagundu eta ospatzen dituen herria edota, aldiz, etengabeko susmoan eta blokeen kulturan harrapatuta jarraitzen duena
Honen guztiaren inguruan pentsatzen nabilela, burura datorkit egunotan egiten den Veneziako bienala. Ez dakit hori bera gertatu ote zitzaien 1976an, Franco diktadorea hil berri zela, izen oneko Nestor Basterretxea, Fernando Larruquert, Jose Antonio Sistiaga eta Mikel Laboa artista euskaldunei Venezian egiten den Arte Garaikidearen agertokira euskal herriaren ahotsa eraman zutenean. Gure herriko errealitate kultural eta politikoa nazioarteko eztabaidaren erdigunean jarri zutenean. Ibone Bengoetxea lehendakariordeak duela gutxi adierazi bezala, «keinu hura ez zen keinu kultural hutsa izan, askatasun, duintasun eta baieztapen kolektiboaren adierazpena ere izan zen». Azpimarratzekoa, gainera, babes instituzionalik gabeko ekintza izan zela hartakoa.
Aurten, berrogeita hamar urteren ostean, Euskadi hara itzuli da, I Baschi alla Biennale 1976/2026, memoria eta sorkuntza garaikidea lotzen dituen ekimena aurkeztera. Oraingoan bai, ondo errotuta dauden erakunde eta kultura-sistemak hauspotuta, gure herriak ordezkaritza propioa izan du arte arloan aitortza duen munduko agertoki nagusian.
Baliteke eztabaida gaia hor jarri behar izatea. Ez da egokia, inolaz ere, euskal kulturaren nazioartekotzeari dagokionez, etengabe aurrekoa seinalatzea. Geure buruari galdetu beharko genioke zer motatako herrialdea izan nahi dugun: kultur adierazpenak lagundu eta ospatzen dituen herria edota, aldiz, etengabeko susmoan eta blokeen kulturan harrapatuta jarraitzen duena.
Gaur aldarrikatzen, babesten, gogoratzen eta omentzen ditugun euskal nortasun kulturalaren adierazpenak, hein handi batean, gure herria mugetatik harago eramatea ausartu ziren haiengandik sortu ziren. Horregatik, agian, ez da komenigarria euskal nortasuna bai musikatik, bai artetik edota beste edozein adierazpen kulturaletik ezinezkoa dirudien herri zein inguruetara eramaten saiatzen diren artistak gutxiestea.