Politologoa

Lagun banaezina

Iker Laka Barandika
2026ko apirilaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Horrela esanda, badirudi adiskidetasunari buruzko gogoeta sakona plazaratzera noala segidako lerroetan. Baina ez, ez da hori gaurkoan jorratuko dudan gaia. Gutako bakoitzak momentu oro gainean daraman gailu bati ematen diogun erabileraz hausnartu nahiko nuke; izan ere, ukaezina da mugikorrak pertsonon bizitzaren luzapen bilakatu direla.

Datuek diote egunean hiru eta bost ordu artean ematen ditugula mugikorrarekin. Hala ere, badira herrialdearen eta adinaren araberako aldeak. Esate baterako, gazteenen artean batezbestekoa bost ordu edo gehiagokoa da, eta Euskadi ez da salbuespena. Ideia bat egitearren, hegoaldean lau orduz erabiltzen dugu batez beste sakelakoa. EAEko herritarren %30ek lotura adiktiboa duela aitortzen du, eta %43,5ek pantaila hamar bider baino gehiagotan begiratzen du ordu baten buruan. Nafarroan, bestalde, 11 urteko umeen %60,5ek smartphone-a dauka, Interneterako sarbidearekin eta gurasoen gainbegiratze eskasarekin. Zalantza barik, zenbateko horiek kezka iturri dira euskal gizartean, batez ere adin txikikoengatik eta gehiegizko erabilerak dakartzan osasun-arazoengatik.

Modu berean, kontuan eduki behar da adinaren aldagaia belaunaldiari lotuta doala, eta egungo joera gorabehera, etorkizunean adin-tarte guztietan areagotuko dela erabilera. Azkenaldian, hainbat dira gure erakundeetatik bultzatu diren arau eta ekimenak. Jaurlaritzako lehendakariak berak digitalizazioaren eta pantailen erabileraren erronka aipatu zuen legebiltzarreko azkeneko politika orokorreko osoko bilkuran. Adierazpen horretan, bi klabe mahaigaineratu zituen Pradalesek: zergatik ez dakigun zein den adinik egokiena gure seme-alabei mugikorra erosteko, eta zelan uler daitekeen inoiz baino konektatuago dagoen gizarte batean bakarrik sentitzen diren geroz eta pertsona gehiago egotea. Biak ala biak erantzun zaileko galderak, azken finean, teknologiaren etengabeko garapenaren eta dinamika globalen zurrunbiloaren erdian dagoen afera delako hau.

Bi klabe mahaigaineratu zituen Pradalesek: zergatik ez dakigun zein den adinik egokiena gure seme-alabei mugikorra erosteko, eta zelan uler daitekeen inoiz baino konektatuago dagoen gizarte batean bakarrik sentitzen diren geroz eta pertsona gehiago egotea

Erronka konplexua da, eta, onar dezagun, faktore esanguratsuenak seguruenik ez daude gure esku. Hortaz, eragin dezakegun horretan ipini behar ditugu indar guztiak. Adibidez, familia ugarik umeei mugikorra erosteko adina ahalik eta gehien atzeratzeko tokiko ekimenak jarri dituzte martxan; horietako askok emaitza arrakastatsuak erdietsi dituztela. Ez dezagun ahaztu nerabeen kasuan sakelakoa edukitzea dela mundu digitalerako lehen pausoa. Nik askotan galdetzen diot neure buruari zelan jar diezaiokegun muga pantailek eskaintzen diguten mundu birtual paraleloari. Mugikorretan dauzkagu ordua, egutegia, argazki kamera, linterna, musika, sare sozialak eta mezularitza, telebista, bankuko aplikazioak, ligatzekoak, apustu eta jokoak, erosketak egiteko aukera…

Zenbat euskarri, objektu eta leku ari da ordezkatzen? Zenbat sozializazio presentzialeko momentu ari gara galtzen? Itxaroten ari garenean, garraio publikoan goazenean edo zalantzaren bat dugunean, segituan begiratzen dugu. Kalean norbait agurtzea saihesteko baliagarria zaigu agian, eta igogailuetako hala moduzko elkarrizketa horiek ere desagertzeko zorian daude —total, mobilak ematen dit eguraldiaren berri!—. Esajeratzen ari naiz? Bai, baina pantailen begi-tranpan sozializazio bila gabiltzan bitartean, inguruko errealitatea lausotu eta denbora joaten zaigu. Gizakiok berezkoak ditugun kontraesan eta inkoherentziekin, gakoa borondatean eta konpromiso indibidual nahiz kolektiboan sakontzean dago; tokikotasunetik eta komunitatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA