Lana kentzen digute, eta zerbait gehiago ere bai

Santi Txintxurreta Uriarte
2012ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Idatzi honen bidez auzitan jarri nahi dut Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzako (BEIZ) arduradunak egiten ari diren politika, bai bertako langileekiko, bai eta bitarteko ekonomikoak kudeatzeko orduan ere. Aipatu Zuzendaritza Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren menpekoa da, eta ni, bertako langile hainbat urtez.

Hona salaketa hau egitera eraman nauen gertakaria: gure zuzendaritzak administraziotik kanpoko enpresa bateko bi pertsona kontratatu ditu Elikagaien Industrientzako diru-laguntza publikoen espedienteak kudeatzen laguntzeko.

Puntuala izanez gero, gertakari horrek ez luke, beharbada, salaketa publiko bat egiteko garrantzi nahikorik. Ez da hori kasua, izan ere, kontratazio horrek agerian uzten baitu, argi eta gordin nire ustez, aspalditik datorren baina azken garaiotan areagotzen eta kronifikatzen ari den administrazioa kudeatzeko prozedura maltzur eta onartezinak:

-Lanak betetzeko kanpoko enpresak eta kontsultaetxeak kontratatzeko joera. Kontratatzen diren lan horiek, batzuetan barruko langileek egiten zituzten lehenago (aipatzekoa Elikagaien Industriako Promozioaren kasua; urte luzetan bertako langile talde batek modu bikainean egin du lan hori, baina, halako batean, kanpora eskualdatu da). Badira bestelako lanak ere, inoiz egin ez ditugunak nahiz eta gure lanpostuen deskribapenean agertzen diren.

Hori horrela izanik, BEIZaren barruan gauden langile publiko gehien-gehienak, diru-laguntzak kudeatzera dedikatzen gara gaur egun, beste zereginik ez dugularik. Elikagaien Industriaren egoera aztertzea, planifikatzea, antolatzea, bultzatzea, babestea eta sustatzea, egin, egiten omen da baina hemendik kanpo eta gu ezjakin garela.

-Gure lanak egiteko orduan ez dugu gutxieneko antolakuntzarik, koordinaziorik, planifikaziorik edo komunikaziorik.

Aipagai dugun gertakaria ezin argigarriagoa da: onartutako diru-laguntza batzuk ordaintzeko epe-muga hurbil dagoelarik, baten bat konturatu da ez dagoela denbora nahikorik izendatutako langileen artean lan guztia egiteko eta, ondorioz, enpresa batzuk kaltetuta gerta daitezkeela. Zein izan da konponbidea? Kanpoko langileak kontratatzea lan hori egiteko, bere kostu ekonomikoarekin eta dudazko kalitatearekin.

Jokaera horrekin, batetik, prebisio eta antolakuntza falta larria nabarmen geratzen da, eta bestetik, gureak diren zereginak lapurtu dizkigute: Zuzendaritzaren barruan zeregin bertsuekin lankide gehiago ere bagara eta lan hori geuk egin genezakeen.

Aipagarria da espedienteak kudeatzeko kontratatu den enpresa hori bera beste batzuetan kontratatua izan dela diru-laguntzak kudeatzean egiten dugun lana ikuskatzeko eta auditatzeko. Gerta liteke etorkizunean, «gure lana» egin duten pertsona horiek izatea «beraiek egindako lana» auditatzeko ardura izango duten berberak.

Aipagarria da azken urteotan bi aldiz (azken bi legegintzaldietako hasieran) abian jarri dela gurean bertako lana eta emandako zerbitzua hobetzeko eta optimizatzeko plangintza bat.Lanok zuzentzeko, bi aldietan enpresa bera kontratatu dute eta bi aldietan egoera diagnostikatzeko antzeko bilerak egin ditugu. Emaitza berbera izan da bi kasuetan: ezer ere ez. Enpresak bi aldiz kobratu ote duen ez dakigu.

Demagogikoa suerta liteke gure lanean bizi dugun antolaketarik eza berriro azpimarratzea bestelako daturik eman gabe; ez dago tokirik hemen. Hala ere, esan behar dut jasanezina bihurtzerainoko errealitate makur bat dela, eta, nire iritziz, gizartearentzat onartezina.

Ez dut nire erantzunkizuna alde batera utzi nahi, egunez egun eta urtez urte egokituz joan naiz egoera gero eta hondatuago horretara ezer egin gabe, edo ezer eraginkorrik egin gabe, behinik behin. Salaketa hau ahalegin bat da norabide horretan.

Langile publikoak garen aldetik, zerbitzu publikoaren eta errekurtsoen kudeaketaren kalitatea jokoan dago, bai eta gure duintasuna ere (nirea bai behintzat); gizarte mailan nahikoa kolokan badago honezkero.

Gure soldata bera ere jokoan egon liteke: horrelako egoera batean, nola egin aurre soberan gaudela esaten dutenei?

Gogoratu nahi dut pasa den otsailaren 1ean HAZI korporazioaren aurkezpen ekitaldian gure sailburuak esandakoa: «Bere Sailaren menpeko erakunde guztiak berrantolatzeko konpromisoa» bete izanaren harrotasuna agertzeaz batera, aitortu zuen «ondo baliatu beharreko koalifikazio handiko giza kapitala zuela»; ni tarteko nintzela sinistu nahi izan nuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.