EHUko Lan Harremanen Fakultateko ekonomia irakasleak

Lanbide arteko gutxieneko soldata guztion kontua da

Jon Bernat Zubiri eta Mikel Barba
2026ko martxoaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badator martxoaren 17ko greba orokorra; Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroan lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) igotzen jarraitzeko helburu nagusiarekin. Eskertzekoa da sindikatu eta eragileen arteko borroka dinamikak bultzatzea, bidezkoa eta aldi berean guztiz bideragarria den aldarrikapenaren aldekoa bada, askoz hobe.

Hamarkadetan zehar eztabaida politiko zein sindikaletan ahaztua egon da LGS. XXI. mendean zehar gobernu ezberdinek izoztu edo igoera txikiak aplikatu zituzten eta horrek LGS gero eta marjinalagoa izatera eraman zuen. Baina, 2018tik aurrera Espainian gobernatzen duen ezkerreko koalizioak aplikatutako politikari esker, %66ko igoera izan du LGSak, hilean 735etik gaur egungo 1.221 euro arte, urtean 14 ordainketetan. Epe berean %23koa izan da prezioen gorakada (%39koa elikagaiena), gutxien kobratzen dutenen soldata errealak hobetuz.

Errenta txikietan duen eragin onuragarriaz aparte, LGSaren igoerak badu, gainera, eragin zuzena egitura ekonomikoaren eraldaketan. Alde batetik, kapitala diziplinatzeko balio du, enpresak produktibitatea handitzen duten inbertsioak egitera behartuz. Gainera, LGS igotzeak barne eskaria sustatzen du, ezinbestekoak eta gertukoak diren ondasun eta zerbitzuen kontsumoa, ekoizpena eta kontratazioa handituz. Bukatzeko, LGS igotzeak langabezia sarien kalkuluan, hitzarmen kolektiboen negoziazioan eta enbargatu ezinezko errenten gainean du eragina baita ere.

Onura ekonomikoez gain, LGSaren inguruko eztabaidak potentzialtasun politiko nabarmenak ditu. Eremu sindikalean ematen den borroka esparru politiko zabalago batekin konektatu egiten du LGSak. Langileriaren aldarrikapen unibertsal gisa, klase osoaren barne kohesioa sustatzen du, faxismoaren gorakadari aurre eginez.

Baina egungo LGSak mugak ere baditu, eta ez da nahikoa bizitza duinak orokortzeko, are gehiago bizitza kostu altuagoa den lurraldeetan, Euskal Herria kasu. Horregatik, LGS propio bat ezartzeak, betiere estatukoa baina altuagoa izanda, eta soldataren aldeko borroka orokortuak langile boterea indartzen dute.

Asko izan dira azken aste eta hilabeteetan aldarrikapen jakin honen inguruko azterketak eta irakurketak, eta lagungarria ikusten dugu zehaztapen batzuk plazaratzea, grebaren aldeko ekarpena egiteko. Alde batetik, LGSaren igoerak nabarmen handitu du soldata hau kobratzen duen langile kopurua, oraindik gutxi diren arren, bai Euskal Herrian, eta baita Espainian ere. Ildo horretan, estimazio batzuk LGS kobratzen duten pertsonen gain-neurketa egiten dute, LGStik gorako lanaldi partzialak zenbatzen dituztelako edo kontratuak, eta ez pertsonak, neurtzen dituztelako.

Sindikatuek proposatutako 1.500 eurora ailegatzekotan, 165.000 euskal langile baino gehiago izango dira onuradun zuzenak: soldatapeko emakumeen %21 eta gizonen %11,2

Lan Bizitza Lagin Jarraituaren soldatapekoen mikrodatuak ikusita, eta nekazariak alde batera utzita, gaur egun Euskal Herrian 42.000 langile inguruk baino ez dute kobratzen 1.221 euro hilean, gizonen %2,3 eta emakumeen %5,9. Espainian eragin altuagoa du egungo LGSak, gizonen %4,2 eta emakumeen %9,6 baitira soldatak dekretu bidez finkatuta daukatenak.

Beraz, badago oraindik LGS igotzeko tartea, jakinda, gainera, igoera bakoitzak onuradunen kopurua biderkatuko duela. Honen garrantziaz jabetzeko, nabarmentzekoa da sindikatuek proposatutako 1.500 eurora ailegatzekotan, 165.000 euskal langile baino gehiago izango direla onuradun zuzenak: soldatapeko emakumeen %21 eta gizonen %11,2.

Honek LGSaren potentzialtasun politikoa agerian uzten du, LGSaren igoerekin onuradun potentzialen oinarria etengabe handitzen baita. Gainera, LGS jasotzen duten langileen osaketa ere eraldatuko du; Euskal Herrian jaiotakoen pisua handituz, eta gero eta sektore eta jarduera gehiagoko lanpostuetan eraginez. Lehen esan bezala, honek langile klasearen kohesio politikoa indartzen du.

Baina LGSaren politikak baditu bere mugak ere. Aipatu den moduan, haren eragina nahiko eskasa da oraindik, nahiz eta azken urteetako igoerek kobertura handitu duten. Inflazioak, batez ere elikagaiei, energiari eta etxebizitzari lotutakoak, LGSaren igoeren parte bat indargabetzen du, eta, horregatik, prezioak kontrolatzeko politika batekin uztartzea ezinbestekoa izango litzateke. Bestetik, LGSaren igoerak langile batzuk lan irregularrera bultzatu ditzake eta, horregatik, lan ikuskaritza ere indartu behar da.

Prezioetara bueltatuz, bizitzaren kostuan alde handiak daude lurralde ezberdinen artean, eta horrek erkidegoko LGS baten beharra uzten du agerian. Gainera euskal LGS batek mobilizazio-dinamikak eskala txikiagoan artikulatzea ahalbidetzen du, indar sindikalak optimizatuz eta LGSaren igoera agenda politikoan indar gehiagorekin txertatuz.

Baina lurralde mailako negoziazioak badauka arrisku bat ere: gutxieneko soldataren aldeko borroka zatitu dezake, egitura ekonomiko prekarioagoak edota botere sindikal apalagoa duten lurraldeak alde batera utziz. Estatu Batuetako soldata minimoaren kasua horren adibide argia da.

Arrisku hau ekiditea erraza izango litzateke LGS propioa estatuan finkatutakoaren osagarri bat bezala definituko balitz; hau da, Espainiako LGSari aplikatuko litzaiokeen koefiziente bat bezala definituko balitz. 1.500ekoa, adibidez, oraingo LGSaren 1,21 izango litzateke. Proposamen honek, Langileen Estatutuaren erreformaren bitartez abian jarri daitekeena, lurralde ezberdinen arteko borroken elkartasuna sortuko luke; LGS igotzeko bi bideak indartuz, autonomikoa eta estatukoa. Proposamen honen desabantaila nagusia patronalaren aldetik erresistentzia handiagoak sortuko lituzkeela da, LGSaren igoerei bi fronteetatik aurre egin beharko liekeelako.

Bukatzeko, grebarekin bat egitera deitu nahi dugu. Indar aktibazioko egun hauetan, gobernuetako alderdiak eta enpresari elkarteak LGS propioaren aldarrikapena onartzera behartzeko, langileok ekonomia blokeatzeko gaitasuna antolatu behar dugu, lantoki zein auzo eta herrietan, eta horretarako sindikatu, alderdi eta eragile guztien batasuna ezinbestekoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA