Legedi osasungarria

2017ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Osasuna, kontzeptu gisa, sarri lotzen da gaixotasunik ezarekin. Eta horixe bada ere, agerikoa den bezala, bere zutarrietako bat, osasuna hori baino gehiago da. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) definitzen du «ongizate fisiko, mental eta sozial osoko egoera» gisa. Osasuna, beraz, bizi-ohitura osasungarriak hartzea ere bada; bai eta horiek gizartean sustatzeko politika publikoak bultzatzea ere. Eta esparru guztietan: pertsonalean eta lanarenean; elikaduraren, ariketa fisikoaren, gizarte-harremanen eta ingurumenaren esparruan…

Badakigu ez dela batere erraza ohiturak aldatzea; ez norbanakoarenak, ez kolektiboarenak. Baina jokoan dagoena gure osasuna, gure ongizatea eta gure bizi-kalitatea denean, merezi du. Eta, gainera, posible da. Esperientziak erakutsi digu hori. Orain dela belaunaldi bat tabakoa ohiko elementua zen gure paisaian, eta erretzea, ondo ikusitako ohitura. Gaur egun kontsumoa atzeraka doa argi eta garbi, eta gizarteak den bezala ikusten du: substantzia adiktiboa eta osasunarentzat kaltegarria. Orain dela sei urte tabakoaren aurkako araudia indarrean jarri zenetik, agerikoak eta ukaezinak dira pertsonen osasunean izan dituen eragin onuragarriak; eta laneko eta aisialdiko gune itxiak osasuntsuagoak eta atseginagoak dira. Hasieran makina bat kexa eta eztabaida izan ziren arren, kontua da gizarteak gogo onez hartu duela araudi hori, eta gaur egun inork ez ditu zalantzan jartzen haren alde onak eta osasunari egiten dion mesedea.

Zergatik ez gara, beraz, pertsonentzat tabakoa bezain kaltegarriak eta toxikoak diren beste substantzia batzuekin ere saiatzen? Galdera horixe egin genion geure buruari bere garaian, eta galdera hori abiapuntutzat hartuta ekin genion orain dela urtebete 1/2016 Legean, apirilaren 7koan, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzkoan, gauzatu zen eta Eusko Legebiltzarraren ia aho batezko babesa jaso zuen araudia prestatzeari.

Esparru horretan abantaila ikaragarria genuen, hori bai: gizarte esperimentatu eta heldua, 1988an hasitako ibilbide luzearen lekuko eta protagonista izan zena. Urte horretan argitaratu zen droga mendekotasunen arloko lehenengo legea; une hartan gizartea eta politika goitik behera aldatzen ari ziren eta droga zen, zalantzarik gabe, gure gizartearen arazo eta kezka nagusietako bat. Orain dela ia hiru hamarkadako arau hartan jada planteatzen ziren gaur egun erabateko egunerokotasuna duten gaiak: prebentzioa, asistentzia eta gizarteratzea.

Handik hamar urtera, 1998an, legea aldatu zen tartean ziren administrazio eta sektore guztien erantzukizun partekatua eta koordinazioa sakontzeko, eta gure udaletan adikzioen prebentzioaren arloko udal-teknikarien taldeak sortu eta ezarri ziren.

Mende berriarekin, 2011n, eta pertsona guztien osasuna oraindik ere gehiago babesteko eta OMEren eta Europar Batasunaren planteamenduekin bat etorriz, debekatu egin zen erretzea erabilera publikoko gune itxietan, bereziki ostalaritza-establezimenduetan eta aisialdiko lokaletan. Hasieran gogoratu dudan moduan, arau horren ezarpena urrats ikaragarria izan zen osasun publikoa babestearen arloan.

Orain lehenengo urtea bete du Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legeak, eta indar betean jarraitzen dute abiapuntu izan zituen arrazoiek eta bere helburu nagusiak: pertsonen bizi-ohituretan aldaketak sustatzea euskal gizartean pertsonen osasuna hobea izan dadin.

Euskadik eta bertako erakundeek osasunaren eta ongizatearen aldeko apustu argia egin dute, eta 2013-2020ko Osasuna, Pertsonen Eskubidea, Guztion Ardura Osasun Planean jaso da konpromiso hori. Orain dela urtebete, ausartak izan ginen eta beste urrats bat egin genuen, batez ere adingabeak babestearen arloan. Orain, zorionez, beste batzuek gure lorratzari jarraitu diote: Espainiako Estatuko Gobernuak jakinarazi du nerabeen alkohol-kontsumoari buruzko araudi berri bat egin behar duela.

Adikzioen euskal legeak, bestalde, errealitate berriei ere heltzen die, besteak beste, zigarreta elektronikoari eta substantziarik gabeko adikzioei. Erabilera publikoko gune jakin batzuetako edari alkoholdunen kontsumoa ere arautzen da bertan, eta bere garaian tabakoarekin gertatu zen bezala, eztabaida sortu du. Baina eztabaida izate hutsak egiaztatzen du euskal gizartea gizarte heldua dela, eta arazoei aurrez aurre begiratzen diela eta, batez ere, konponbide bat emateko prest dagoela.

Ondo asko jabetzen gara bizitza honetan denbora behar dela gauza guztietarako. Finkatzeko denbora. Errotzeko denbora. Fruitua emateko denbora. Baina ez dago bidezidorrik. Bide bakarra konpromisoarena da. Pertsonen, kolektiboen, erakundeen eta gizarte osoaren konpromisoarena. Tabakoaren kerik gabeko Euskadi batera iristeko konpromisoarena. Aisia eta alkohola bateratzen dituen ekuazio gaizto hori behin betiko hausteko konpromisoarena. Gure gizarteak Europan cannabis gehien kontsumitzen dutenetako bat izateari uzteko konpromisoarena. Osasuntsuagoak izateko konpromisoarena. Izan ere, ez dezagun ahantzi, gizarte osasungarriago batean denok ateratzen gara irabazten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.