LABeko ordezkariak Osakidetzan

Lehen arretaren indartzea, gezurrak buztana labur

Edurne Agirre eta Jesus Oñate
2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

Lorpenak ospatzeko eta indartzeko asmoz egutegian sartzen ditugun beste data asko bezala, apirilaren 12an Lehen Mailako Arretaren nazioarteko eguna ospatzen da (aurrerantzean, LMA). Egun horretan bertan, Osakidetzak LMAren inguruko lehen jardunaldia egingo du, Euskal Autonomia Erkidegoko LMA norantz doan mintzagai izanik.

Osakidetzak LMA indartzeko konpromisoa hartu du askotan, eta hauteskunde-kanpaina betean gauden egunotan zer esanik ez. 2018ko martxo inguruan, titulutzat Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategia zuen dokumentua landu zuen. Dokumentu honek kritikak jaso zituen LABen partetik. LABen ustez, dokumentu honen azken helburua Osasun Sailak medikuak eta pediatriako medikuak birjartzeko aurreikuspen faltaren arazoa konpontzea zen. Mediku falta hau gainditzeko, erizainek eta administrariek kontsultetan hartu beharreko rol berriak salatu zituen LABek. Hau guztia erizaintzako lana «ahalduntzeko» beharraz mozorrotuz egiten zen.

Osakidetzaren beste publikazio batean, Marko Estrategikoa 2021-2024, LMArako hainbat neurri adierazten dira. Paperean oso egokiak diren neurriak, baina emandako epean betetzen ez direnak batzuetan eta errealitate bihurtzen ez direnak gehienetan. Horren lekuko dira osasun zentroetako eta Etengabeko Arretako Guneetako gure lankideak zein betegabetze hauek lehen pertsonan pairatzen dituzten herritarrak.

Azkenik, Osakidetza, pixkanaka, 2023ko uztailean egindako Balio-estrategia Osakidetzan dokumentua ari da ezartzen Erakunde Sanitario Integratu guztietan. Mundu kapitalista osoko osasun sistemak jasangarriak ez direla aitzakiatzat hartuta erabiltzen ari diren ibilbide-orri bat da. Dokumentu hori Value-based Health Care pentsamendu-korrontean oinarritzen da, hau da, «Balioan Oinarritutako Arreta sanitarioa». Dokumentu hori Osakidetzako Plan Estrategiko berriaren ardatz nagusietako bat da, eta bere formula da: Emaitza/Kostua=Balioa. Besteak beste, sistema kapitalistadun herrialdeek guru gisa daukaten Michael Porter Harvardeko ekonomialariaren teorietan oinarritzen da, pazientearen eta gaixotasunaren araberako kostuak ebaluatzeko sistema hau hedatu nahi duten ideologoetako bat. Teoria hau Balioan oinarritutako finantzaketa ezartzearen aldekoa da, zenbakitzailean patologiagatiko osasun-emaitzak kokatuz, eta izendatzailean horrek dakarren kostua. «Balioa» kontzeptu honek eraiki nahi dituen eredu sanitarioetan zerbitzuen hornitzaileak pazienteei ematen dieten balioaren arabera ordainduak izango dira, eta profesionalak eta unitate klinikoak balio horren arabera ebaluatuak izango dira. Ikus daitekeenez, patologiaz hitz egiten da une oro, eta osasuna, sustapena eta prebentzioa bezalako hitzek ez dute lekurik, ezta, jakina, «baliorik» ere. Gainera, Balioaren Estrategia hau epe laburrekoa da batez ere, ez baititu emaitzak epe ertainera ezta epe luzera ere neurtzen. Hau LMAren oinarritik guztiz urruntzen da, LMAn emaitzak ez baitira epe laburrean ikusten.

Ikus daitekeenez, Osakidetzak egindako dokumentu guztiek LMA berrindartzeko eta dagokion lekuan kokatzeko borondate-politiko falta agerian uzten dute eta osasunaren ikuskera merkantilista nabarmena dute. LMA ESIetan integratu zenetik, ez dakigu zein aurrekontu-partida bideratzen duen Osakidetzak osasun-zentroetara. Informazio falta hau ohikoa da Osasun Sailean. Oraindik ez dira eskaini osasunaren arloko profesionalak Lehen Mailako Arretan egotea erakargarri egiten duten kontratu egonkorrak. Burokrazia nagusi da kontsultetan. EAGek edukia zehaztu gabe dute eta, are larriagoa dena, ixten jarraitzen dituzte, ordutegiak murrizten eta batzuetan erizaintzako profesionalek bakarrik artatzen dituztelarik. Dermatologiako kontsultetara bertaratu gabe bideratzen dira pazienteak oraindik ere, eta, espezialistari, lesio dermatologikoaren argazki bat bakarrik igortzen zaio LMAtik. Osasun mentalerako deribazioak oso mugatuta daude eta askotan pazientearen osasuna arriskuan jar dezaketen egoerak aurkitzen ditugu. Administrazio-arloek lan-karga altuekin jarraitzen dute, batez ere emozionalak, eta batzuetan kudeatu ezinak diren egoerak kudeatzen saiatzen dira espezialista batekin kontsultarako datarik ez dagoelako edo medikuarekin aurrez aurreko hitzordua lortzeko atzerapena dagoelako. Proba diagnostikoak eta ebakuntzak osasun pribatura bideratzen ari dira, itxaron-zerrenda amaiezinak murrizten saiatzeko. Eta, jakina, herri edo auzoarekiko lan komunitarioa nahi genukeen baino txikiagoa da oraindik ere, eta, askotan, langileek euren denbora librean egiten duten ahaleginari esker egiten da.

Oraingoz, zer ospatu ez dugula uste dugu Lehen Mailako Arretaren nazioarteko egun honetan. Oraingoz, lantokietan eta kaleetan borrokatzen eta aldarrikatzen jarraitzea besterik ez zaigu geratzen, Osasun Publikoaren Aldeko plataformekin batera, gure herriarentzat osasun sistema publiko, unibertsal eta irisgarria defendatu nahi badugu. Iritsiko dira ospakizunetarako garaiak, agian apirilaren 21etik aurrera, auskalo (hala izan bedi).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.