Lehenengo kanta, fede kapitulua

2016ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Hementxe gaude bildurik Euskal Herriaren populua. Kanta dezagun, denok batera, lehenen kapitulua, fedearen artikulua». Arestiren poema hau, Oskorrik kantatua, nire burmuinera etorri zait gaur goizean esnatu naizenean. Arratsaldean Otegiri egingo zaion ongi etorrirako kanta aproposa, pentsatu dut. Poema eder horren kulunkan ardaztu dut Belodromokoa.

Hementxe gaude bildurik. Belodromoan eta karpan zirenak eta etorri ezin izan direnak, eta han egin eta esandakoarekin erresonantzian jarriko direnak, eta bizitza duina aspotzen zuten hitz eta irudiekiko konexioa egin duten guztiak, eta iraganeko herritar xume sufritu eta adoretsuak eta USAko kartzelan zigortua dagoen Peletier amerindio duina. Denak. Han, bildu ginen.

Euskal Herriaren populua. Baina zer zen populua, Euskal Herriaren populua, Arestirentzat? Bere poemetan utzi digu argi adierazia. Populua da: langile jendea, etxean lana egiten duten langile ordaindu gabeak, nekazariak, arrantzaleak, iñudeak, merkatutan eta ostatutan diharduten emakumeak, Somorrostroko mineroak, Lemoako frenteko «primera línea de fuego», Adela gorria-Adela guria, poetak eta titiriteroak, lurrarekin hitz egiten duten Oteiza-Gandiaga-Mari Sanz-Laboa bezalako eroak, zeru bideko Joxe bezalako, lurra eta jendea eta herriaren pentsalari sakonak, etakideen ama sufrituak eta beltzak eta davidovichak... Populua dira kollazoak eta petxeroak, eta lingua navarrorum-lingua barbaroruma hitz egiten duten euskal nekazari pobre Nafarroako Monarkiak baztertuak, matxinadetako matxinoak, galeretara kondenatuak eta prostituziora behartuak, langabeziara kondenatuak eta etxetik atzerriratuak edo kanporatuak, eta presoak... Horiek dira Euskal Herriaren populua. Populuan ez dira kabitzen jauntxoak, aiton-seme gamboinoak edota oñaztarrak, errege, abade, obispo lur-inperio goseak, Caracaseko eta Filipinas Konpainia esklabista eta kolonizatzaileak eta Confebaskeko edo Iberdrola edo Petronor eta orohar esanda besteen sufrimenduen kontura aberasten den jendea. Horiek ere hemengoak dira jatorriz, baina ez dira populua. Beraien aberria diru pilaketa baizik ez da.

Kanta dezagun batera. Zer da, Aresti, kantatu beharko genukeena? Bi kanta eta bi kanta horien arteko zubia.

Lehenengo kanta: Lehenen kapitulua. Guztion izenean Jon Maia bertsolariak irakurri zuen poema argitsua. Biziraupenaren kanta eta dantza. Gu gara kanta bizigarria. Europa osoan eta mundu osoan gu ere bagara, gaur egungo lehen beharraren lekuko: biziraupenaren lekuko. Mendetan eta mendetan nolabait gure nortasun bizia, eta bizia delako aldatuz doan eta guk geuk aldatzen eta ederragotzen saiatzen garen nortasuna biziraun duelako. Jonek ahots tonu liluratzailez irakurritako poema, gure iraganari maitasunez botatako begirada da, eta maitasunez egina dagoelako etorkizunera proiektatua.

[...] Munduko herri guztien lagunkidetasunean oinarrituriko nortasuna eraiki nahi dugu. Horregatik jatorri anitzetako jende lagunak gurean izan du eta izango du lekua gurekin batera eraikitzeko etorkizuna. Izan ere, gizadi osoaren lehen eginkizuna da biziraupenaren gain zamatzen gaituen mehatxuekin (TTIP izeneko kolonizazio mundial berria, aldaketa klimatikoa, arma atomikoak, gizartearen desestrukturazioa, arrazakeria etniko eta soziala, pentsamendu bakar harrizkotuaren inperioa, sentimenduen manipulazio zitala...) amaitzea. Lekukoak gara, esperientzia dugu adimentsu jokatzen ikasiz eta mundu osora eskainiz.

Bigarren kanta: Fedearen artikulua. Arnaldo Otegik luzatu zigun gonbidapen adimentsua eta igorri zigun adore eta autokonfiantza. Irriaren, bizitzaren ospakizunaren festara igarotzeko gramatika: estatu dezentea, independentzia, pentsamolde desberdinen eta erlijio desberdinen bultzada bizigarriez elikatuak, diagnostiko eta agenda egokiak egiteko entzun eta entzun eta entzun beharra, pultsua hartzeko eta ikasteko egarria, gure esku dago, herriaren esku dagoela sakon sinestuta. Ondo bereiziz zein da behaztopa harria eta zein den aldaketarako bide laguna. Geurea eraikitzen lanean beti prest esku bat luzatzeko, baita Espainiako ezker berriari. Eta black power, eta botere palestinarra, eta botere Saharauiarra, eta botere arabiarra, eta euskal boterea. Herrien boterea eta ahalmena, biziraupenaren borrokatik garai berrira, bizitzaren ospakizunaren festara jauzi egiteko ahalmena landu. Hitz batez, jende burujabez osaturiko herria(k) lehendakari. Eta arai berrira jauzia, oraintxe bertan saiatu, ez da geroko desioa, orain praktikatzen hasten garena baizik. Horren isla da, jaso dugun gonbidapena: irri egin.

Kantazubia: Bizitza duinaren defentsa kanta. Jone Etxeberriak, sutan erretako sorgin bizigarrien ahots gartsuz izar bat piztu zuen populuaren bihotzean: ez dugu onartuko ez bizitza, ez jaiotza, ez heriotza, ez sexua, ez maitasuna, ez lurra eta ez lana, ez dugu onartuko bizitzaren sorkuntza eta zaintza, kapitalaren akumulaziorako merkantzia miserable bihur daitezela.

Bizitzaren hatsaren hotsaren hutsaren hitza, mirarizko kanta baga biga higa misteriotsua, festa zoragarriaren ikimilikiliklik. Bizitza duina denontzat, bizitzea merezi duen bizitza betea, eraiki nahi dugun egitasmo politikoaren erdigunean.

Mila esker Belodromoko oparia eskaini zigutenei, hau da, presente edo hara hurbildu ezinik, han bildu ginen guztioi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.