Xabier Makazaga.

'Lejarza' eta 'Farlete'

2023ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Hogeita hamabost urte luzez, Mikel Lejarza Lobo dela esanez dabilen tipo horren istorio faltsua eraikitzeko orduan, azpimarratzekoa da pertsona batek izandako garrantzia. Fernando San Agustin Farlete du izena eta 1965ean lortu zuen Akademia Militarrean tenienteei dagokien bigarren izarra. Bartzelonako Kazetaritza Eskola Ofizialean ere graduatu zen, eta hori oso ondo etorri zitzaion hainbat urtez antifrankisten artean sator lana egiteko. Batez ere, Frantzian. Militanteek uste baitzuten kazetari hutsa zela eta ez zitzaien burutik pasatu ere egin Inteligentzia Zerbitzuko agente bikaina izan zitekeenik.

Horixe zen, ordea, zerbitzuko kideek haren bigarren abizenaz ezagutzen zuten Farlete jauna, eta halako agenteei dagozkien lan asko egin zituen diktadura garaian. Halaber, Jon Paredes Txiki-ren aurkako epaiketan segurtasun-arduraduna izan zen. Txiki heriotzara kondenatu zuten eta handik gutxira fusilatu.

Franco ohean hil ondoren, San Agustinen beste lan bat izan zen hainbat pertsona errekrutatzea inteligentzia agente izan zitezen. Beti eduki du oso argi armada edo segurtasun indarretako kideak ez direla egokiak infiltrazio sakonak burutzeko. Horregatik ibili zen soldaduskan bere ardurapean izandako pertsonak kaptatzen. Beti itzalean mantenduz, noski.

Pertsona horiei lan bila zebiltzan galdetzen zitzaien telefonoz eta, baietz erantzunez gero, test mordoa pasatu behar izaten zuten, zein lan motatarako zen batere jakin gabe. Aurreko guztiak gaindituz gero, azken testa, gidatze iheskorrari buruzkoa, Can Padró zirkuituan egiten zuten.

Urte batzuk geroago, 1992an, armada utzi ondoren Fernando San Agustin zirkuitu horren jabe izan zenean, bertan kaptatu zuten Terra Lliure erakunde armatu katalana desegitea biziki erraztu zien infiltratua, Txema Aloi. Apustu egingo nuke Farlete buru-belarri ibili zela infiltrazio-operazio hartan, Can Padró zirkuitua dagoeneko erabilia baitzuen agente berriak errekrutatzeko.

Komandantea zela, 1980ko hamarkadaren hasieran utzi zuen armada. Ordurako, denek zekiten zer-nolako zereginetan ibiltzen zen, eta, lan berrietan hobeto moldatzeko, horixe irudituko zitzaien neurri eraginkorrena, armada uztea. Geroztik nola jokatu duen ikustea aski zait zalantza oro baztertzeko. Bai, ziur naiz Inteligentzia Zerbitzuarentzat lanean jarraitu duela.

Adibidez, 1988tik aurrera, Mikel Lejarza Lobo dela esanez dabilen pertsonaia horren istorio faltsua muntatzen. Ederki asko daki ez dela inolaz ere Lejarza eta, gezurrezko istorio hori ahalik egokien janzteko orduan, bere esperientzia, eta berak ofizialki armadarekin zerikusirik ez izatea, primeran etorri zaie.

Anjel Ugarte jeneralaren Espía en el País Vasco liburuan ikus daitekeen moduan, Inteligentzia Zerbitzuen lan garrantzitsuenetako bat prentsa eta kazetariak manipulatu eta erabiltzea izaten da. Ugarte zerbitzu horretako buru izan zen Euskal Herrian, urte luzez, eta merezi du aipatzen dituen adibideak patxadaz eta tentuz irakurtzea.

Fernando San Agustin ere espezialista handia da prentsa eta kazetariak manipulatzen, eta oso ondo moldatu zen Xavier Vinader kazetari ezagunak Lejarza faltsu horri 1988 eta 1989an pare bat elkarrizketa egin ziezazkion. Vinader ez zuen kasualitate hutsez hautatu, jakina. Eskuin muturreko taldeek egindako bi atentatu jasan baitzituen eta kartzelan zein erbestean egona zen. Merezitako ospea zuen jasandakoengatik, eta argi daukat San Agustinek zer egin zuen, kazetari bikain bat erabili Lejarza dela dioen pertsonaia horren istorioari sinesgarritasuna emateko.

Duela lau urte argitaraturiko Lobo-ren azken-aurreko biografian argi geratu zen Fernando San Agustinek aurkeztu ziola Mikel Lejarza dela esanez dabilen pertsonaia Xavier Vinaderri. Orduan onartu zuten lehen aldiz nik neuk urte batzuk lehenago garbi ikusi nuena, Farlete zela elkarrizketa haiek antolatu zituena. Gainera, segurutzat jo nuen gezurrezko istorio hura eraikitzeko beste lan batzuk buruturikoa ere bera zela.

Hala esan nien lagunei, ordurako oso argi baineukan zerikusi handia zuela Lejarza faltsu horren inguruan antolaturiko operazioan. Garbi ikusi nuen, besteak beste, 1999an Vinaderrek idatzitako lehen biografiaren sarreran aipatu zituen zantzu batzueiesker: ikaskide eta militar ohia omen zen... Hori bai, ez zen haren izena batere aipatzen. Beste hogei urte igaro behar izan ziren, Vinader hil ondoren, elkarrizketen antolatzailea nor izan zen jakiteko: Fernando San Agustin.

Farlete inteligentzia-agente bikaina delakoan nago, baina, Ugarte jeneralari gertaturikoa gertatu zaio berari ere: ez du jakin izan bere egoa egoki kontrolatzen. Ohi bezala itzalean mantendu beharrean, gehiegi azaldu da Mikel Lejarza dela esanez dabilen pertsonaia horri buruzko istorioetan: biografiak idatzi dituzten kazetariekin harremanetan, dokumentaletan...

Neurriz kanpoko agertze horrek ez dakit bere egoa ase duen edo ez. Nire susmoak piztu zituen behintzat. Hara zergatik egon nintzen hain ziur elkarrizketen antolatzailea bera izan zela. Eta frankismoan hasitako inteligentzia lanetan jarraitzen duela.

Zabor hutsa da duela hilabete batzuk argitaraturiko Mikel Lejarza Lobo-ren azken biografia, Secretos de confesión, baina San Agustini eskaintzen zaizkion hogeita bat orrialdeek irakurketa sakona merezi dute. Gezur askoren artean, egia batzuk ere agertzen baitira satorrei buruz.

Berak buruturiko lan batzuk ereaipatzen ditu Farlete jaunak. Egoa bazkatzeko aipamenak izanik, ez zait batere erraza egin gezurren artean egiak aurkitzea. Eta are zailagoa dagezurren atzean zer ezkutatzen den asmatzea. Agente oso bikaina izaten jarraitzen baitu.

Bai, egoa gorabehera, Fernando San Agustinek egoki asko ezkutatzen ditu ezkutatu behar dituenak. Bereziki, Lejarza faltsuari dagozkionak eta, seguruenik, baita benetako Mikel Lejarzari buruzkoak ere. Horri guztiari buruz asko baitaki.

Ez al da hala, Farlete jauna?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.