'Lekaixoka': denbora zerbait preziatua da

Malen Ugarte eta Mikel Egibar
2017ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Denbora zerbait preziatua da, ezin da galdu, aldagaitza da. Jaiotzetik hil arte pertsonok gure bizitzaren curriculuma osatzen gabiltza esperientzien bitartez, batzuetan gidatuta, besteetan bat-batean.

Ukaezina da ibilbide honetan zoriontasuna bilatzea dela guztion xedea, baina zoriontasuna bilatze honetan denboraren faktoreak zeresan handia du, are gehiago bizi garen jendarte azeleratu honetan.

Industria-iraultzatik egundaino kapitalismoak denborari balio berezia eman dio, eta lana balio horren funts eta oinarri bilakatu da; hots, denbora produktibitatearekin lotu dugu, eta kapitala ekoizpenerako oso aldagai garrantzitsu bihurtu. Horrek, denbora galtzeak dirua galtzen gabiltzala pentsarazi digu; bestela esanda, diruak urrea ordeztu duen arren, denbora salneurri bihurtu dela esan genezake.

Zer gertatzen da, orduan, edozein jarduera eskaintzen diogun denbora emaitzaren arabera neurtuz gero? Betiere etekin positiboa bilatuko dugula, aspertzearen beldurra areagotuko dela eta, ondorioz, sormenari eta ezerezari ere lekua kenduko zaiola.

Agerikoa da, beraz, kontsumoaren eta aisiaren jendarteak lanpetuta mantendu nahi izate horrekin, gure bizitza antolatzera eta denbora neurtzera behartzen gaituztela. Denbora zehatza denbora ideala da orain, eta jada ez gara gu gure denboraren neurtzaile.

Eta zer pasatzen da «gehiegizko» denborarekin? Gehiegizko denbora—denbora askea—, aisialdia deritzoguna, gorpuztu beharreko denbora bilakatu da. Hala ere, ekonomia ez da soilik ekoizpenean oinarritzen, eta kontsumoa ere ezinbestekoa da. Hartara, aisialdia benetan denbora askea ote den galdetzen dugu, eta horren harira aisialdiak egun duen balioa aztertzen.

Jendartean eta hezkuntzan lehiakortasuna, indibidualismoa eta kontsumismoa nagusi diren garai hauetan, zaila da jakitea egungo aldaketek nora garamatzaten. Lan honetan, baina, eragile ezberdinen parte hartzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu, gure haur eta gazteak balio gizatiarragoetan hezteko, eta ikastean errentagarritasuna ez bilatzeko.

Aisialdia denbora-subiranoa izanik, inposizioz bertan sartzen den edozein jarduera (etxerako lanak, klase partikularrak...) denbora lapurra litzateke. Zoritxarrez, teknologia berriak eta sare sozialak ere ez dira batere lagungarriak.

Denboraren zatiketa konbentzio sozialaren arabera sortzen da, eta ez die pertsonak dituen beharrei erantzuten. Esan genezake gure jendartea gaixotzen ari dela denbora ideala pertsonaren beharretatik gehiegi urrundu delako.

Horregatik uste dugu denbora pertsonari itzuli behar zaiola. Desazkundearen bideari jarraituz, ezin dugu hartu denbora gero eta gauza gehiago egiten den eremu bezala. Ezinbestekoa da erritmoa jaistea esperientziak kalitatekoak izateko zein sormenari aukera emateko, eta sistemak baldintza horiek bermatu beharko lituzkeela iruditzen zaigu.

Denbora subiranoa bermatzeko heziketa beharrezkoa da, eta heziketa horretatik, konformismotik urrunduz, ikuspuntu kritikoa eta irizpideak zorroztu behar ditugu. Irizpide propioekin eraiki behar dugu gure aisialdia, irizpide propioak izateko heziz gure alaba-semeak.

Euskal Herrian komunitate kulturala osatzen dugu. Komunitatea harremanaren bitartez garatuz doa, eta harremanetarako dagoen tarte-denbora garrantzitsuena aisialdia da. Gure ustetan, aisialdia benetan modu askean denbora librean eraikitzen da, baina geure buruari ezinbesteko galdera egin behar diogu: ez al digu sistema berak, eredu jakin bat, itzalpeko curriculuma inposatzen?

Askotan jendarteak dituen balioak, besterik gabe, pertsonen artean sortzen direla pentsatzen da, baina, kasu honetan, gure jendartea modu konduktista batez sistema berak inposaturiko balioak barneratzeaz gain, horien arabera pertsonen arteko harreman sarea egonkortuz doazela pentsatzen dugu. Zein baliotan eraikitzen gabiltza gure aisialdia? Euskararen erabilera, euskal kultura, ingurumena, gizarte patriarkala, indibidualismoa, kontsumoak, auzolanak, herrigintzak eta gai horien inguruko hausnarketak ba al dute tokirik saltzen diguten aisialdi honetan?

Lan sakona dago oraindik egiteko eragile ezberdinen artean. Inoiz baino gehiago, komunitate hezitzailean beharrezkoa da auzolana, eta, gure ustetan, auzolana da aisialditik eraiki behar den jarduera komunitarioa. Aurten, Oñatiko Txantxiku ikastola antolatzen ari den Kilometroak jaiak, ikastolen jaiak, auzolana aukeratu du ildo nagusitzat, eta, horrekin batera, Lekaixoka (deialdika, irrintzika) hartu du lelo. Hemendik eta orain, lekaixoa egiten dugu: eraiki dezagun herri bat non denboraren subiranotasuna bermatua izango den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.