Etzandarri mendi taldeko kidea

Lemoizko zentral nuklearrak okupatzen duen naturagunearen etorkizuna

Iosu Alberdi Balzategi
2026ko apirilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurreko astetan Lemoizko zentral nuklearrari buruz berri desberdinak lau haizeetara zabaldu dira komunikabideetan, eta halakoak irakurri ahal izan ditugu: «Gobernuak Lemoizko zentral zaharraren berreskurapena desblokeatu du eta dikearen errefortzua martxan jarri du», edo «Lemoizko zentral nuklearraren etorkizuna erabakitzeko herri-kontsulta bat eskatu dute Uribeko eta Uribe-Kostako EH Bilduko alkateek eta independenteek».

Euskal Herriko mugimendu ekologistaren iritziaren eta erreakzioaren zain, agertutako albistearen aurrean Etzandarri mendi taldeak, Lemoizko itsaslabarrak naturagune babestua proposamenaren egilea den heinean, bere iritzia kaleratu nahi du.

Argi dago ez Eusko Jaurlaritzak ez Azpilurrek ez Amaia Barredo Nekazaritza sailburuak, ezta EH Bilduko alkateek ere, ez dakitela ezer (eta, zoritxarrez, ematen du ez zaiela interesatzen jakitea) Lemoizko zentral nuklearraren lurrek hartzen duten eremu naturalaren hedaduraz eta haren balio ekologiko, geologiko eta paisajistikoaz; izan ere, etengabe zentral nuklearrera murrizten dute arazoa, eta ez dute inoiz aipatzen zein naturagunetan dagoen kokatuta.

Arrain haztegi batek ez du konpontzen Lemoizko itsaslabarren bihotzean zentral nuklear baten eraikuntzak eta osteko 50 urteko utzikeriak sortutako benetako ingurumen arazoa

Oraindik zutik dauden zentral nuklearraren instalazioek okupatzen duten espazio natural basati eta liluragarria eremu horren zati txiki bat baino ez da. Naturagunea bere osotasunean hartzen badugu, 184 ha-ko lursailaz ari gara, eta, zentral nuklearraren hondakinez gain, besteak beste, itsaslabar ikusgarriak, flysch beltz zoragarriaz osatutako marea zabalgune aparteko bat, ezohiko sistema hidrologiko bat, gutxienez sei ibai, urtegi bat, presa bat, eta hiru tuneletan zehar doan bi km-ko ubide batez osatutakoa, abandonatutako bi baserri, dagokien landazabal atlantikoaz inguratuta, bertoko harizti eta artadi kantauriarreko zuhaztiak, hostozabalen landaketak (gereziondoak eta haritz amerikarra) eta balio ekologiko eta paisajistiko handiko dozenaka hektarea, bere biodibertsitate aberatsa mehatxatzen duten espezie inbaditzaileek degradatuak eta inbadituak topatuko ditugu bertan.

Horretaz gain, eremu osotik barreiatuta, gaur egun erabiltzen ez diren dorretxoak, alanbradak eta zaintza eta kontrol eraikuntzen hondakinak eta legez kanpoko zabortegiak ere nonahi topatuko ditugu.

Etzandarrin uste dugu edozein jarduera edota balizko kontsulta egin aurretik beharrezkoa dela planteamenduan zentral nuklearra aldatzea eta, horren ordez, zentral nuklearrak okupatutako naturagunea jartzea.

Irtenbidea, zentrala kokatuta dagoen Lemoizko itsaslabarrak naturagunearen balio ekologiko, geologiko eta paisajistikoa eta munduko biodibertsitateari egiten dion ekarpen aberatsa aldez aurretik aitortzea ezinbestekoa da. Hortik aurrera lan egiteko, eta ez alderantziz.

Zortzi hektarea baino ez dituen hartuko arrain haztegi batek ez du konpontzen Lemoizko itsaslabarren bihotzean zentral nuklear baten eraikuntzak eta osteko 50 urteko utzikeriak sortutako benetako ingurumen arazoa. Hau naturagunearen zati txiki baten erabilera baino ez da, gure proposamenarekin bateragarria izan daitekeena, baina erabat eskasa da eta ez dio benetako arazoari heltzen.

Beraz, noizko plan integral bat? Noizko naturagunea bere hedadura eta dimentsio osoan aintzat hartuko duen plan bat? Eta, azken finean, noizko arazoa behin betiko konponduko duen plan bat? Zoritxarrez, badirudi denak berdin jarraitzen duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA