Orain arte Euskal Herria bisitatu izan duen aita santu bakarra Juan Pablo II.a izan zen, nahiz aita santu izan baino lehenago hemen ibiliak ziren Ratzinger Iruñeko Opus Deiren unibertsitatean edo Bergoglio Loiolako santutegian eta Iruñeko Ruiz de Galarreta adiskide jesuitarekin Erronkariko bere familiaren etxean eta abar.
Wojtyla aita santuak Loiola eta Xabier egun berean ikuskatu zituen, batetik bestera helikopteroz joanda. Elizkizunak bukatu ondoren eta bazkaltzeko garaia iritsi zelarik, Xabierko gaztelu ondoko jesuiten komentuan gela bereizi bat antolatu zuten, aita santuak eta bere idazkari partikular Stanislaw Dziwiczek atseden pixka bat har zezaten. Kardinal, artzapezpiku, gotzain eta bestelako autoritate eta pertsonalitateek ondoko aretoan eduki zuten zizka-mizka egiteko aukera.
Garai hartan Iruñeko artzapezpikua zen Jose Maria Zirarda, eta jesuiten ordezkari bati esan zioten ate ondoan egon zedila zer edo zer behar izanez gero-edo laguntza emateko prest, eta bazkari oparoa ekarri zieten biei ala biei. Wojtyla aita santuari eta bere idazkariari lehenik barazki kontsome ederra aurkeztu omen zioten; eta gero bildots edo haragi errea, bertako ekoizpen adibideak zirela azaltzen saiatuz. Baina batetik eta bestetik puskatxo bana probatu eta gustagarria zegoela adierazi ondoren, arrautza tortilla bana eta ura eskatu eta hartu omen zuten.
Bien bitartean, ordea, elkarrekin polonieraz mintzatzen omen ziren —biak poloniarrak zirelako, jakina—; baina tartean Zirardari galdera pare bat jaulki zizkion gaztelera garbian Wojtylak: «Aizu, monsinore, hainbestetan entzun dugun Nafarroako Erresumak —Reino de Navarra delako horrek, alegia—, zer adierazi nahi du edo zenbateko errealitatea dauka?».
Artzapezpiku Jose Maria Zirarda, bere hitz jario aberatsa laxatuta, XVI. mendeko Nafarroa eta Gaztelaren elkarketa ahalik eta sakonenik azaltzen saiatu omen zen, konkista eta gerra hitzak saihesten saiatuz, jakina. Baina Wojtylak moztu eta zehaztasuna eskatu zion: «Baina independentzia zatirik gelditzen al da? Bai edo ez?».
Zirarda artzapezpikuak ezezkoa esan, eta azalpen gehiago ematen hasi zelarik, keinu batez moztu zuen aita santu poloniarrak… Bitartean Xabiertik Zangozarako errepidean sekulako arazoak ari ziren gertatzen errepidea kolapsatuta gelditu zelako, nahiz eta beste ondorio larririk ez zen gertatu. Eta istilu haien oihartzunak iristen omen ziren jesuiten komentu barruraino. Jesuitek prestatua omen zeukaten aita santuarentzat gela bat Xabierko komentuan, eta, jakin berri dudanez, oraindik han dago prest eta zain… Iruñean Mons Escrivá de Balaguer orain santuari bizi zenean etortzen zen Aralar kaleko Kolegio Nagusian bere gela gordetzen omen dioten bezalaxe.
Pertsonen berdintasunak zutabe nagusi bat feminismo antropologikoan dauka. Elizak ez du eta ezin du arazo hau luzatu. Anglikanismoak eta hainbat ildo protestanteren adibideek erakusten dute aldaketa hori guztiz ahalbidekoa dela
Aurten, berriz, Leon XIV.a, Prevost aita santua alegia, Espainiara eta Kanarietara joan da, baina ez da Euskal Herriko alderdi hauetara hurbilduko… Wojtyla Xabiertik joan zenez geroztik, ordea, fedearen, Elizaren eta ideien borrokek eta lehiek bilakaera guztiz sakona izan dute. Erronkak ez dira orain orduan baino ttipiagoak, baina aldi berean Elizak gaur-gaurkoz daukan eta aitortu behar zaion entzungarritasuna oso handia da.
Egiazki, Leon XIV.a aita santuak atera berri duen Magnifica Humanitas adimen artifizialari buruzko entziklika ezin zaio inori gaizki iruditu —garai batean Pio XII.aren Humani Generis (eboluzioari buruzkoa) askori ongi iruditu zitzaien bezala—. Baina horrelako horiek ez dira aski, aurrean dauden arazo ikaragarrien aurrean. Publizitatu izan da azken entziklika hau Leon XIII.aren Rerum Novarum delakoaren oroimenez egina dela, baina askoz gehiago dirudi eztabaida eta kezka kulturalistei erantzuten diela. Bai 1950eko Humani Generis hartan, nola 2026ko Magnifica Humanitas honetan pertsona, gizabanakoa bezala ulerturik, hartzen da humanismoaren oinarritzat; eta, aldiz, 1891ko Rerum Novarum askoz lehenagokoan jendarte eta klaseen kezka zegoen tartean.
Era berean Elizak bere baitako arazoak sistemikoak direla onartu beharra dauka; adibidez, pedofiliaren kasuan. Ez dira soilik gertakizun partikularrak, baizik eta egituretatik ondorioztatzen direnak… Errekonozimenduak ezinbestekoak dira, baina egiturak aldatu beharko dira, bai formakuntzan, nola sexuaren eta naturaren onarpenetan.
Pertsonen berdintasunak zutabe nagusi bat feminismo antropologikoan dauka; eta beste erlijio, zibilizazio eta jendarteetan aintzat hartua izatekotan… Elizak ez du eta ezin du arazo hau luzatu. Anglikanismoak eta hainbat ildo protestanteren adibideek erakusten dute aldaketa hori guztiz ahalbidekoa dela. Gainera, Elizak berak barne demokraziaren bidean egin beharreko urratsak ezinezkoak dira emakume eta gizonen berdintasun oso eta orokorrik gabe.
Egiazki, armamentismoaren aurka eta bakezaletasunaren alde gaur egun entzuten diren ahots urri eta gutxienetakoa da Elizarena. Baina immigranteen aurkako kriminalitatea, armamentismoaren aldeko eromena eta askatasunaren kontrako aldarri faxista guztiak defendatzen dituen eskuin muturrak Elizaren gaitzespen zuzen eta gogorrak beharko lituzke. Aldiz, ordea, hor egon dira eta daude Jimenez Losantos, Herrera eta konpainia…
Azkenean, guk geuk Leon XIV.ari, Prevost aita santuari, galdera zuzen eta gordin bat egin beharko genioke: eutsi eta mantendu egin behar al dituzue Espainiako Elizaren esku dauden armamentismoaren aldeko komunikabideak, immigranteen kriminalizatzaileak eta emakumearen berdintasunaren kontrakoak? Hau da, kondenatuko al duzue behingoan faxismoa?