Liburuxka bat, zertarako?

2014ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Liburuxka berria dago euskal kaleetan. Baina ez dago liburu-dendetako apaletan, ez duzue kioskoetan aurkituko. Agian ezagutzen duzun pertsona bat hurbilduko zaizu liburuxka eskuan, eta, kafe bat hartzen duzuen bitartean, argitalpena eskainiko dizu, edukia azalduz. Lau hizkuntzatan dagoela ikusiko duzu, erdiko orrietan datu-bilduma irakurterraza, testu laburrak baina mamitsuak.

«Zertarako dispertsioari buruzko liburuxka bat?», galdetuko diozu zeure buruari. «Aski ezaguna da Euskal Herrian, bada!». Bada, ez. Harrituko ginateke gure bizilagunetako zenbat eta zenbatek ez dakiten dispertsioak benetan zer dakarren, zer-nolako zama ezartzen duen presoen senideengan, edota nola oztopatzen dituen gatazkaren konponbidea zein elkarbizitza hobetzeko ahaleginak. Eta Euskal Herrian horrela baldin bada, zer esanik ez Euskal Herritik at!Horregatik, Sarek 500.000 liburuxkak etxean zein kanpoan barreiatu nahi ditu, dispertsioaren alde ezkutuak munduan zehar agerian utziz, mendeku neurri hauekin bukatzeko ahalik eta indar gehien metatzeko.

Hurbildu zaizun ezagun horrek ez dizu dirurik eskatuko liburuaren truke; irakurtzeko besterik ez dizu eskatuko, orrialdeetan azaltzen den arazo larrien garrantzia ulertu eta, ados baldin bazaude, dispertsioa giza eskubideen urraketa den ideia horrekin bat egiten baduzu, liburua zure ezagun edo lagun bati pasa diezaiokezu. Edo lantokira eraman, edo ikastolara, unibertsitatera, gaztetxera, adinduen egoitzara… Zeren eta dispertsioarekin bukatzea posible da, baina izugarrizko ahalegina egin beharko dugu, pertsona ezberdinen artean; iraganeko hesiak desegiten, giza eskubideen gauzapena helburu konpartitua izanez.

Liburuxka hau komunikaziorako tresna berezi bihurtzea da Sareren asmoa. Jendeak irakur dezala, eta ondoren, preso zein senideen eskubideen alde aritu dadila. Bakoitzak erabakiko du zein neurritan edo modutan. Sarekideentzat, besteengana hurbiltzeko beste giltza bat da liburuxka. Sarerentzat, gure mezua eta aldarrikapena ahalik eta zabalen eta urrutien ezagutarazteko.

Hasieran, aurrez aurreko banaketa Euskal Herrian kontzentratuko da, sarekideen lan pertsonalaren bitartez. Aldi berean, modu ezberdinetan, liburuxka mugak gainditzen joango da. Bidaiarien bitartez, Interneten, postaz, eskaera zuzenei erantzuten, dispertsioaren eragin bortitza eta horrekin bukatzeko beharra munduko pertsona, herri, erakunde anitzetara iritsiko dira.

Zer lortu nahi dugu itzelezko ahalegin honekin? Bai Euskal Herrian, bai espainiar zein frantses estatuetan, bai munduko herri zein nazioarteko erakundeetan dispertsioarekin bukatzeko beharraren aldeko giroa piztea. Ondoren giro hori, ekimen zehatzetan gauza dadin, Madrilgo zein Pariseko gobernuen jarrera itxia mugiarazteko. Lotsa daitezela nazioarteko komunitatearen aurrean, presoen eta haien senideen oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzeagatik.

Bitartean, edo aldi berean, Sare bera zabaltzen doa. Horrelakoa da egun hauetan Euskal Herriko herri edota auzo askotan ikus daitekeen argazkia: lauzpabost lagun kafetxo edo zurito baten inguruan presoen egoera komentatzen, dispertsioarekin amaitu behar dela baieztatzen, horretarako zer egin daiteke eztabaidatzen… Sare martxan jartzeko kontuak aztertuz. Ados jarrita, aurkezpen ekimena edo bilera zabalagoa deituko da; pertsonaz pertsonako kontaktuak funtsezkoak izango dira askotarikoak eta emankorrak izan daitezen. Modu naturalean, Sare hedatzen ari dira. Maiz azpimarratu dugun bezala, Sare norbanako askoren ahaleginekin sortzen da, sarekide bakoitzak bere baitan hartzen duen engaiamenduarekin batera.

Azken aste hauetan, sarekide izateko 5.000 fitxa banatu ditugu. Sarekide izateko, nahikoa da dispertsioaren aurka eta preso zein senideen eskubide guztiak errespetatuak izatearen alde egotea. Saretzeak berebiziko garrantzia du. Horretarako bete behar dira fitxak (fitxa betetzearekin batera eskatzen diren bost euro liburuaren gastuei aurre egiteko erabiliko dira). Goian aipatu bezala, geroz eta herri gehiagotatik iristen zaigu Sare ehuntzen ari diren berria. Berri onak, benetan! Gure webgunea (www.sare.eus), sarekideen topagunea izateaz haratago, Sarearen aniztasunaren erakusleiho aktiboa da. Ekimen hauekin guztiekin, txikia ala handia izan, pertsonala edo kolektiboa, urrats bat gehiago ematen dugu gure helburuak lortzeko bidean.

Eta bide honetako argazki zabalean, liburuxkaren banaketarekin batera izugarrizko beste erronka bat dugu ate-joka: datorren urtarrilaren 10eko deialdia, Bilboko kaleak presoen eskubideen alde betetzea. Erakuts diezaiogun munduari lau haizeetara zabaltzen ari garen liburua ez dela informazio hutsa, baizik eta milaka eta milaka lagunek egunerokoan, espetxeetan zein etxeetan, bizi behar duten errealitate mingotsaren isla direla liburuxkan ageri diren datu zein idatziak. Erakuts diezaiogun indar eta borondate nahikorik dugula errealitate hori aldatzeko, beharrezkoa delako, guztion artean lortuko dugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.