Sortu

Luhuso, aro berri baterako mugarria

David Pla Martin
2024ko apirilaren 2a
05:00
Entzun

Egun hauetan aktualitatera itzuli da 2016ko abenduan egin zen Luhusoko ekimena, Jean-Nöel Txetx Etcheverry eta Beatrice Molle-Haran bakegileen kontra Parisen egingo den epaiketaren harira. Luhuso eta ETAren armagabetzea, oro har, Euskal Herriko bake prozesuaren gertaera ezohiko eta harrigarria izan zen. Gatazka armatuen konponbidean edota antolakunde armatuen trantsizio prozesuetan adituak diren nazioarteko eragile eta pertsonalitateek ikertzen dute, munduan parekorik ez duen erreferentzia modura.

Abiadura handiko garaietan bizi gara eta gertakari garrantzitsuenak ere berehala bilakatzen dira iragan. Luhuso da gertakari garrantzitsu horietako bat. Horregatik, uste dut merezi duela gogoeta pausatuagoa egitea, hara nola iritsi ginen, zer izan zen eta zer ondorio eta irakaspen utzi dituen aztertzeko.

2016ko une hartan ETAren armagabetzea auzi kritikoa zen. Estatuek aitzakia gisa erabiltzen zuten, euren jarduna hura ezinezko egitera zuzenduta zegoen bitartean. Helburua jakina da: Euskal Herrian zabaltzen ari zen aro berria oztopatzea. Premiazkoa zen armen auziari irtenbide bat ematea, eta Luhusoko eredua izan zen ETA eta bakegileen artean bilatu zen modu sortzaile eta indartsua.

Konpromiso, erabakitasun eta ausardia handia zegoen akordio horren atzean. Alde batetik, ETArena. Armagabetzeari ekin zion, trukean gatazkaren gainerako ondorioen kontrapartidarik izan gabe. Gainera, armagabetzearen kudeaketa politiko eta operatiboa jendarte zibilaren esku utzi zuen, prozesuaren segurtasuna bermatzeko mekanismoak jarrita betiere. Antolakunde armatuen logika ezagutzen dutenek ongi asko dakite zein zaila den horrelako urrats bat egitea, sarritan azterketa arin eta interesatuak egiten badira ere.

Eta bestetik, bakegileena. Armagabetzea bideragarri egiteko lehen lerroan jartzea erabaki zuten, eta erabakiak zituen arrisku politiko eta pertsonalak euren gain hartu zituzten. Zalantza izpirik gabe, bakearekiko eta herriarekiko eskuzabaltasun eta konpromiso gorenaren erakusle izan zen.

Horrela, 2016ko abenduko gau hartan, herri oso baten nahiaren eta bi estatuen erasoen arteko talkak goia jo zuen. Ohiko erretorika antiterrorista jada ez zen aski izan Luhusoko etxe hartan gertatzen ari zena azaltzeko. Estatuak armaturik sartu ziren Luhusoko etxera, eta biluzik atera ziren iritzi publikoaren aurrean. ETAren borondatea ukatzen jarraitzea eta irtenbide errepresiboari eustea gero eta ulergaitzagoa zen.

Luhusokoa ekimen irabazlea zen hasieratik bertatik. Bi hipotesi zeuden. Arma kopuru jakin baten desegite hura gauzatzen baldin bazen, armagabetze osoa bideratzeko baldintzak sortuko ziren. Eta poliziak ekiditen baldin bazuen, gertatu zen bezala, horrek sortuko zuen erreakzioak estatuen posizioa goitik behera baldintzatuko zuen.

Eta halaxe gertatu zen. Ekimenak Euskal Herrian sortu zuen adostasuna eta aktibazioa erabakigarriak izan ziren armagabetzea ehunka bolondresen laguntzarekin burura eramateko, eta baita, aurrerago, euskal preso politikoen egoera bideratzen hasteko ere. Gutxitan suertatu da hain eraginkor berez porrot egin zuen ekimen bat.

Nolanahi ere, Luhuso prozesu oso baten une garrantzitsu bat izan da, 2009an ezker abertzaleak aldaketa estrategikoari ekitea erabaki zuenean abiatu zen prozesuan sortu ziren baldintzen eta irakaspenen emaitza. Aieteko Konferentziak eta ETAren erantzunak aukera historikoa ireki zuten prozesua modu ordenatu eta eraginkorrean egiteko, baina Espainiako eta Frantziako Estatuek aukera baliatzeari uko egin zioten.

Ordutik talka iraunkorra izan zen, konfrontazio armatua bukatu eta ziklo politiko berri bat zabaldu nahi genuenon eta hura eragotzi nahi zutenen artean. Iniziatiba ugari abiatu ziren; aldebakarrekoak batzuk, eta sektore sozial zabalen artean adostutakoak beste zenbaitzuk: Baionako Adierazpena, Foro Sozialaren sorrera, ETAren armategien zigilatzea, euskal preso politikoen iniziatibak, gatazkaren biktima guztien mina aitortzeko adierazpenak... EAJk eta Urkulluk ekimen horien guztien aurrean izan zuten jarrera aztertzeak artikulu oso bat eskatuko luke, baina, laburrean, prozesua ez zutela lagundu esan daiteke.

Bide konplexua izan zen, baina Luhuson gertatutakoa ulertzeari begira, bi ondorio garrantzitsu izan zituen: batetik, iraganean posizio politiko ezberdinetan egon garenen arteko harremanak eta konfiantzak ehundu ziren. Eta, bestetik, estatuen posizio politikoa higatzen joan zen. Aietetik bi-hiru urtera jada, euskal herritarren gehiengoak Espainiako Estatua identifikatzen zuen bakerako oztopo nagusi gisa.

Luhuso aro berri baterako mugarri izan zen. Orain, horretan sakontzea dagokigu: epe motzean, Txetx eta Beatriceren errugabetzea aho batez exijituz eta, ikusmira luzeagoan, gatazkaren muinari eta ondorioen konponbide osoari bide emanez.

Ez da erronka makala, baina Luhusok zenbait gako eman dizkigu. Estatuak ez direla garaiezinak. Herri gisa jokatzen dugunean indarrak eta inteligentzia biderkatzen direla. Herritarren sentipenarekin konektatzen denean eta jendea protagonista egiten denean Euskal Herriak bere onena ematen duela. Pertseberantzia ezinbestekoa dela, motzean emaitzarik ez ikusi arren, etorkizuneko baldintzak eraikitzen direla. Eta, batez ere, ezinezkoa dirudien hori ere iniziatibarekin eta ausardiarekin lor daitekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.