Luis Carrero Blanco Nurenbergen...

Gotzon Garmendia, Aingeru Ezkerra, Juan Mari Sansinenea eta Pilar Pingarron
2021eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Luis Carrero Blanco Santonñan jaio zen, 1904an, familia militar batean. Jada 1923an, 20 urte zituela, Carrero Blanco «Afrikan» (orduan esan ohi zen moduan) zegoen destinaturik, itsas armadan. Eta espainiar armadaren soldatu edo ofizial izanda, Rifeko Errepublikaren kontra jo zuen, urte pare bat lehenago sortu berri zen errepublika suntsitzeko asmoarekin, eta Rifeko protektoradoa berriz ezartzeko. Carrero Blanco soldaduak giro basati horretan hasi zuen bere karrera militarra.Hamasei urteren ondoren, 1939an, Francisco Francoren laguntzaile gertuenetakoa bihurtu zen. Bien bitartean, frankisten estatu kolpea bultzatu zuen. Altxamenduak porrot egin ondoren, frankistek gerra luze bati ekin zioten, 600.000 hildako eragin zituena. Milaka zibilen heriotza eragin zuten; eta milaka boluntario idealista fusilatu zituzten.

Carrero Blancok 1939-1973 urte bitartean frankismoak herritarren kontra egindako krimen guztiak sustatu zituen. Bere ibilbide pertsonal eta profesional osoa Espainiako armadan eman zuen, bere kultura politiko eta militarrean afrikanista izatearen osagaia etengabe presente egon zelarik. Baina bere nortasuna benetan definitu zuena Franco diktadorearekiko fideltasun itsua izan zen, zeinaren itzalean 1936ko uztaileko estatu-kolpe militarraren garapenean parte hartu zuen Sanjurjo jenerala izeneko itsasontzi eta armadako dibisioko Estatu Nagusiko Buru moduan. Estatu totalitario frankistaren eraikuntzan parte hartzeak diktadorearen konfiantza ekarri zion. Diktadoreak Lehendakaritzako idazkariorde izendatu zuen 1941ean, Lehendakaritzako idazkariorde-ministro 1951n, eta Gobernuko presidenteorde 1957an. Ardura politiko horretatik, Juan Carlos Borboikoa defendatu zuen Estatuko Buruzagitzako oinordeko gisa, zeinak, 1969an, Francori eta Mugimenduaren printzipioei leialtasuna adierazi zien; 1973an Carrero Blancok berak, gobernuko lehendakari moduan, egin zuen bezala, kaudilloari eta hark gauzatutako ekinbide guztiei «erabateko leialtasuna» adieraziz. Carrero lehendakariorde izan zen garaian, diktadoreak behin betiko onarpena eman zion 1973an Udaberri planari, 1969tik aurrera armadako informazio-zerbitzuen parte-hartzearekin, SECEDek sustatuko zuena. Ekintza planaren helburu nagusia Euskal Herriko nazio-nortasunaren zantzu oro eta bertan zeuden oposizio-mugimendu komunista eta nazionalista guztiak ezabatzea zen. Plan horren baitan oposizio-taldeen aurka ekintzak burutzeko «talde bereziak» sortzea ere jasotzen zen. X jauna ez da atzo goizekoa.

Carreroren ibilbide militar eta politiko guztia aintzat hartuz ere, ez dago jakiterik nolakoa zatekeen frankismoaren garapena haren buruzagitzapean; hau bezain zaila da imajinatzea, 1945. urtean Nurenbergeko prozesuetan nazien estatuaren arduradun politiko-militarrekin (kasu Hermann Göring-ekin, hau ere estatuburuaren ondorengoa) egin zen moduan, Estatu Espainolean egin izan balitz... Gernikako, Badajozko, Malagako edo Montjuiceko prozesuak burutu izan balira... Alta, argi dugu haietako bakar batek ere ez lukeela izango bertako pertsonak goraipatuko lituzkeen etorbiderik, kalerik edo monumenturik, eta, are gutxiago, bere ibilbide politiko eta militarra Estatuko zenbait herrialdetan ageri den bezala: Santander, Avila, Leon, Ourense, Caceres... Trantsizioan, juridikoki blindatu zuten, eta ukiezin bihurtu zuten. Carrero Blanco bezalako batek ordenamendu juridikoan dituen pribilegioak, horren adibide, Francok berak 1973an emandako Carrero Blancoren Duketza titulu berbera duela gutxi berretsi izana. Hauek frankismoaren inpunitatearen adibide xume batzuk besterik ez dira; frankismoa presente dago gure bizitza soziopolitiko eta ekonomikoan, frankismoaren eta horren oinordekoen garaipena begi bistan dago. Guk, 1936ko errebelio militarrak eta frankismoak eragindako errepresioaren biktimek, horrelako pertsonengandik samina eta oinazea besterik ez dugu jaso. Gure esku dago hori aldatzeko urratsekin jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.