Berriro ere, Azazetako Zentral Eolikoa geldiarazteko elkartuko gara. Mendi ibilalditxoa egin ondoren, edonork ondorioztatuko du inguru hau ez dela elektrizitate industrientzako gune egokia. Zentzuzkoa eta argia da.
Hala ere, jarraitu beharra dugu, elkarbizitzari eta biodibertsitateari kalte gehien egiten dioten bi giza jokabideen aurka borrokatzen: gutizia eta enpatia falta. Guztiok pairatzen ditugu, eta kapitalismo inperialista, genozida eta ekozidaren funtsa dira.
Azazetako zentral eolikoa trofeoa bihurtu da izate ekonomizista eta epe laburrekoa duten gobernu neoliberalen eta enpresen arteko aliantza gaiztoan.
Gune natural honek aspaldi behar zuen babestua izan azpiegitura horien aurrean, baina ez da horrela. Lehenik eta behin, Gasteizko Mendietako Natura Baliabideen Antolamendurako Plana ez zen onartu, hori zelarik eremu hau babesteko figura baliotsuena. Plan horrek gune honen osotasun ekologikoa babestu nahi zuen azpiegitura industrialen aurrean, zentral eolikoa barne. Argi uzten zituen eragin zitezkeen kalteak habitat eta korridore ekologikoetan, hegaztietan, faunan eta kiropteroetan, baso autoktonoetan, akuiferoetan edo paisaia eta kultura ondarean.
Ondoren, Kontserbazio Bereziko Eremuak aerosorgailuen kokalekua bere mugetatik kanpo utzi zuen, legezko izapidetzea erraztuz.
Zuhurtzia printzipioaren aplikazioaren arabera, erabaki guztiz desberdinak hartzen dira antzeko inpaktuen aurrean
Izan ere, natura baliabideen planak argi erakusten du errealitate ekosistemiko bakar baten aurrean gaudela, Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioek eta kontserbazio eremuko planak ez bezala. Arabako Mendiak Aske elkarteak urteak daramatza kordal osoaren ikuskera bateratua defendatzen, eta horretarako babes globala eskatzen.
Gogoratu behar da Ramiro Gonzalezek, Arabako diputatu nagusiak, zentrala bertan behera utziko luketen aldundiaren txostenak ezkutatu zituela.
Zentzugabekeria handiena Eusko Jaurlaritzak emandako Ingurumen Inpaktuaren Adierazpen positiboan dago, zeinak proiektuaren jarraipena bermatzen duen, oinarrizkoa den zuhurtasun printzipioa kontuan izan gabe.
Paradoxikoki, Jaurlaritzak berak azkenaldian proiektu askoren aurkako adierazpen ugari egin ditu, adibidez, Laminoria, El Haya, Kastillo, Itsaraz, Argalario, Elburgo-Barrundia Klusterra, Alegria Dulantzi-Gasteiz, Piaspe eta abar. Zuhurtzia printzipioaren aplikazioaren arabera, erabaki guztiz desberdinak hartzen dira antzeko inpaktuen aurrean.
Sai zuria har dezakegu adibidetzat; Azazetan, ingurumen inpaktua onartzen da, eta sai zuriak eta sai arreak habiak egiten dituzten lurraldeak daude inguruan. Hala ere, konpentsazio-neurriak ezarriz, proiektua baimentzen da. Aldiz, Kastillon, adibidez, administrazioak ebatzi zuen geldialdi automatikoko teknologia ez dela hutsezina %100ean, eta hegaztiak erradio jakin batean agertze hutsak (5 km) «ingurumenaren aldetik bideraezina» egiten duela proiektua.
Beste adibide bat: Zatiketa vs. Interes orokorra; Azazetan, Arabako Foru Aldundiaren txostenak konektibitatean duen eraginaz ohartarazi zuen arren, Jaurlaritzaren ingurumen ebazpenak energia sortzearen onura lehenetsi zuen, eta afekzioa onargarritzat jo zuen, erroten artean korridoreak utzita konpondu zitekeena. Kluster Vitoria-n —ingurumen inpaktuaren adierazpen negatiboa jaso zuen—, azpiegituren baturak, errotak + goi-tentsioko lineak, «hesi-efektu» gaindiezina sortzen zuela ebatzi zuten.
Azazetaren kasuan, administrazioak «inpaktuaren kudeaketa» aplikatu du. Alegia, baimena eman, kaltea zuzentzeko ahalegina egiten bada. Ingurumen inpaktuaren adierazpen negatiboetan, «inpaktua saihestea» aplikatu da. Hain zuzen, jarduera debekatzea arriskua txikia izanda ere.
Hori guztia kontuan izanik, Arabako Mendiak Aske-k prozesua epaitegietara eraman du adierazpen positibo hori indargabetzeko asmoz. Eta Lurra zaindu, etorkizuna ereiteko lelopean elkartuko gara igandean. Azazeta salbatuko dugu.