Txema Ramirez de la Psicina
Kazetaria eta ikertzailea

M-3tik M-8ra

2026ko martxoaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hil kanpaiak airean, oroimena bihotzean. Horrela ibili gara aste honetan Gasteizen. Martxoaren 3ko sarraskitik Martxoaren 8ko errealitatera. Egun bien arteko lotura ez da behartua. Prozesuak izan dira. Biak. Duela mende erdiko borroketan, emakumeek izan zuten protagonismoa nabarmena izan zen. Egunez egun handituz joan zena.

Feminismoaren olatuen kresala ez zen usaindu ere egiten orduko Gasteizko hartan. Ez behintzat gaur ezagutzen dugun bezala. Feministak al ziren Gasteizko kaleetan manifestatzen ziren grebalarien emakumeak? Nola aldatu da feminismoaren pertzepzioa bost hamarkada hauetan? Nola sentitu dugu gizonezkook olatuen etorrera hori? Galdera potoloegiak artikulu xume batean biltzeko. Ahalegindu gaitezen.

Poltsak hutsik

Martxoaren 3ko borrokan bada irudi aski indartsu eta ikoniko bat: erosketa-poltsak hutsik zeramatzaten emakumeen argazkia. Grebak 68 egun iraun zuen. Egoera ekonomikoa latza zen. Eskasia, nabarmena. Erresistentzia kutxak ongi funtzionatu zuen, baina beharrak handiak ziren. Gizonezko grebalarien emakumeak antolatzen hasi ziren eta haiek ere lehen lerrora pasatzea erabaki zuten: ostegunero, auzoetatik hiriaren erdira joanez, poltsak hutsik, eskasia bistaratuz eta elkartasuna eskatuz.

Baina grebalarien emakumeen rol hori subsidiarioa zen. Izan ere, grebalariak ez ziren soilik gizonezkoak. Zenbait enpresatan emakumeak nagusi ziren (Areitio, esaterako) eta beste batzuetan presentzia nabarmena zuten: Fournierren, Esmaltaciones San Ignacion, Orbean, Michelinen, Mevosan, Gabilondon… Haiek ere parte hartze zuzena izan zuten greban, piketeetan, manifestazioetan, elkartasun sareetan… Eta oso modu gordinetan jasan zuten poliziaren jazarpena.

Esfera pribatua ezin da borroka honetatik at egon, sukaldeko lana kasu honetan metafora bat baino askoz gehiago baita

Rosi Nietok, 1975ean Areitiotik kaleratua izan zen langileak, oso argi azaldu zuen duela gutxi Gasteizen izandako mahai inguruan: «Polizia beti gure atzetik zebilen. Denetarik esaten ziguten, politak izan ezik, beste guztia: hor datoz esamesaka dabiltzan zerriak, ama txarrak, hiriko uso puta zikinak… eta horrelakoak esaten zizkiguten etengabe». Irainak ez ezik, egurra ere galanki jaso zuten, batik bat Areitioko lantokiaren atarian.

Ahalduntze prozesu bat egin zen. Egunez egun kontzientzia hartuz joan ziren. Feminismoaren teorietan ez ziren adituak. Baina praktika feminista burutu zuten. Ondorengo hamarkadetan pertsona horietako askok parte hartze zuzena izan zuten Gasteizko asanblada feministetan. Haien seme-alabak unibertsitatera joan ziren gero.

Moreak ikasgelan

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean 28 urtez izan naiz irakasle. Niretzat luxu bat izan da, besteak beste gizartearen eboluzioa detektatzeko behatoki aparta delako. Zu zeu adinean aurrera zoaz, baina parean dituzun ikasleak ez; haiek adin bera dute beti. 18-22 urte bitartekoak. Baina gizartea ez da bera: ikasgeletako giroa aldatuz doa.

Euskal gatazka puri-purian zegoenean ardatza hori zen: gatazka, haren ondorioak eta kontraesanak. 2010etik aurrera bestelako elementuak gailentzen hasi ziren. Ikasgeletako hormak polikromoagoak bihurtu ziren. Azken hamabost-hogei urteotan kolore morea oso presente izan da: eztabaidetan, lan akademikoetan, ikasleen arteko harremanetan…

Kazetari rolaren banaketan oraindik ere estereotipoek indar handia dute: hard-news-en esparrua —politika, batik bat— mutilen monopolioa izan da beti. Soft-news-ena, berriz (gizartea, kultura…), neskena. Zientzia kazetaritza edota ekonomia betidanik izan dira bazterreko aukerak. Kirol kazetaritzaren gaia jorratzean nik beti galdetzen nuen gauza bera: zergatik ez dira neskak gehiago ausartzen espezialitate hau lantzera? Nire ustez, orduan kirol profesionalean nagusitzen ziren ereduak oso maskulinoak zirelako. Zorionez, gauzak aldatuz doaz. Poliki. Emakumezko kirol kazetari gero eta gehiago ikusten dira erredakzioetan; baita bestelako sailetan ere: politikan, nazioartean, zientzian, iritzi sailean, eta abar.

Feminismoaren garapenak denok interpelatzen gaitu, gizonezkoak batik bat: pentsiodunak eta gazteak, kontserbadoreak eta progresistak, abertzaleak zein espainiar zaleak. Denok. Esfera publikoan presentzia izan edo ez.

Esfera publikoa

6.000 karaktere dituen testu hau ustez modu koherentean idazten saiatzen ari naizen bitartean, nirekin bizitza partekatzen duen pertsonak nik baino lan gehiago egin behar du etxean? Bai. Hipokrita nintzateke kontrakoa esango banu. Ahaleginak ahalegin, oraindik hori horrela da. Etxe guztietan bezala, gurean ere ardurak banatuta daude, baina hobetzeko tarte handia daukagu oraindik. Estatistikek hala diote.

Gizonezkoek esfera publikoan (politikan, ekonomian, komunikabideetan, kiroletan…) presentzia handia izateak —sarritan— ondorio nabarmenak ditu etxe askotan: lan banaketa desorekatuak, rol tradizionalen indartzea, lidergoa eta autoritatea maskulinitatearekin lotzea, bikotekidearen autonomia pertsonala mugatzea… Esfera pribatua ezin da borroka honetatik at egon, sukaldeko lana kasu honetan metafora bat baino askoz gehiago baita.

Esfera publikora bueltatuz, bada aspaldian errepikatzen den lelo bat, batik bat soilik gizonezkoez osatutako foro pribatuetan: emakumeak pasatzen ari dira! Marko diskurtsiboa da. Ez da datuetan oinarritutako analisia. Baina gero eta gehiago funtzionatzen du, emozioei zuzenduta dagoelako. Ez du errealitate objektiboa deskribatzen. Zer egin? Nola egin aurre? Datuak erabiliz: indarkeria matxistaren zifrak mahai gainean jarriz, zaintzaren eta lan ez-ordainduen zama noren bizkar gainean dauden aipatuz, soldata arrakalaren errealitatea bistaratuz, ardura karguetan gizon eta emakumeen artean dagoen amildegia agerian utziz… Edota galdera hau eginez: zein da emakumeek duten eta gizonezkoei ukatzen zaien eskubidea?

Martxoaren 3ko emakumeen borroka aitzindaria izan zen. Ordutik hona gorabehera asko izan dira. Feminismoaren baitan korronte eta estrategia desberdinak daude. Eztabaidagarriak izan daitezke kasu batean edo bestean. Eztabaidaezina dena da genero desberdintasuna egiturazko errealitate gordina dela, baita gure artean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA