Maileguan hartutako botoen zama

2023ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Ezaguna denez, Lizarra-Garazi sinatu aurretik EAJ alderdian arrisku handi batez ohartu ziren. Ardanza lehendakaria izan zen lau legealdietan «normalizatu» zen boto nazionalista espainiarra. PSE Ardanzaren gobernuetan; PP bere ama zen Aliantza Popularraren itzaletik askatzen hasita; ETA gero eta ekintza basatiagoak egiten... indar-korrelazioa aldatu zen.

Aurreko urteetan oso ohikoa zen PPren eta PSOEren boto emaile askorentzat Espainiako hauteskundeetan parte hartzea eta Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeetan abstenitzea. Poliki-poliki esparru soziologiko horiek Hego Euskal Herriko erakundeetan arreta gehiago jartzen hasi ziren.

EAren zatiketa eta gero, jeltzaleek PSOEren laguntza ukan zuten gobernuari eusteko. Egoera ez zen xamurra Sabin Etxekoentzat: Bizkaian baino ez zuten irabazten; Nafarroan ez zeukaten apenas militantziarik, Ipar Euskal Herrian ordezkaritza anekdotikoa zen. Esaterako, 1989ko Espainiako hauteskundeetan EAJren eremutik at, ezkerraldeko talde abertzaleek (HB, EE eta EA) zortzi diputatu lortu zituzten; EAJk bost.

Sasoi hartan EAJk lagundu zuen PSOEren botoa normalizatzen. Ordea, une jakin batean, PPk agintea hartu zuenean, PSOEk bloke espainolistarekin bat egiteko aukera ikusi zuen Mayor Orejari protagonismoa eman bazion ere.

Aldaketa hori gertatutakoan, berriz ere, piztu ziren argi gorriak Sabin Etxean. Arzallusek birsortutako EAJ ahulezia egoeran zegoen, PSOErekiko menpekotasunak prezio handia izan zezakeen eta. Jeltzaleen gehiengoa (EAE delako eremuan) kolokan egon zitekeen bloke espainolistaren onerako.

Bestalde, ezin ahaztu beste faktore garrantzitsua, ETAren jardun armatua, inoizko babes sozial txikiena zuena, baina agenda politikoa baldintzatzeko gaitasuna zuena. Baldintzatu, txarrerako.

Eszenatoki horretan eman zen EAJn norabide aldaketa. Abertzale eta subiranisten arteko akordioaren aldeko hautua egin zen, Lizarra-Garazi lortu arte.

Zorioneko une hori amaitu arren, Ibarretxeren urteetan Lizarra-Garazin egindako aldaketa estrategikoari eutsi zion EAJk ofizialki. Halere, lehenengo momentutik jeltzaleen baitan dagoen beste korronte politikoak lanari ekin zion Lizarra-Garazi aurretiko egoerara itzultzeko, «Espainian eroso egotea» xede nagusia izan duen korronte autonomista eta neoliberal sutsua, alegia.

Ildo horrek boterea berreskuratutakoan, Urkullu-Ortuzar garaia, berriz ere PSOErekiko akordio estrategikoari heldu zion. Haatik, aurrekoan gertatutakoa gerta ez zedin, aldaketa bat egin zuten. EAJk PSOEren boto emaileen seme-alabak bereganatzea, independentismoari uko egingo ziotela adieraziz eta «egonkortasunaren» bermea beraiek zirela salduz.

Gauzak horrela, betiko eremu soziologiko batzuei eutsiz, eta PPren zein PSOEren ohiko eremuetatik zetozen milaka boto lortuz, adina indarra lortu zuen PSOEren gainetik egoteko mendebaldeko hiru herrialdeetan. Nafarroa Garaian mesedea itzuliko zioten PSOEri Geroa Bairen bidez.

Baina iraunkorra den gertaera bakarra aldaketa da, eta berriro egoera aldatu da. EAJren ezkerraldean dagoen eremua hauteskunde-marka bakarrean elkartu da Hego Euskal Herrian; ETA behin betiko desagertu da; osasun-krisi larria pairatu dugu; globalizazio bete-betean bizi gara, erreferentziak aldatu dira, NATOren egitura militarrean sartu gaituzte, krisi klimatikoak elikagaien krisi baten atarira eraman gaitzake, lan prekarioa hedatu da, banketxeek eta enpresa energetikoek agintzen dute...

Garai berri honetan EAJk maileguan izan dituen botoak galdu ditu, baina oraingoan nekez egin dezake 1998an egin zuen norabide aldaketa. 2023an EAJ subiranista, aurrerakoia eta solidarioa sinesgaitza izango litzateke eta.

Ez pentsa, irakurle maitea, iritzi hau zabaltzean pozez zoratzen nabilela. EAJren harrokeriak zigorra merezi du. Josu Jon Imazek, Urkulluk eta Ortuzarrek bideratutako politikak nazka ematen dit, pribatizazio prozesuari lotsagarri deritzot, EAJ NATOzale amorratua izatea kriminala iruditzen zait. EAJk ordaindu behar du bere hautua.

Aldiz, ez nago batere pozik: batetik, arestian esan bezala, ez dudalako aukerarik ikusten EAJ subiranismoaren eremura itzultzeko; eta bestetik, eta gehien kezkatzen nauena, EH Bildu EAJk eskatu zuen mailegu bera eskatzeko prest dagoela aurreikusten dudalako. Mailegu horrek amortizazio-prezio bera izango duelarik: askapen prozesua eten, neoautonomismoa ontzat hartu eta PSOEren eskuari goxo heldu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.