Maite zaitut

2011ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Maite zaitut. Egia erran, ez dakit nor zaren. Zutaz ez baitakit gauza handirik, baina bai nahikoa eta sobera zu maita zaitzadan. Maite zaitut eta ez dakizu zenbat.

Martxoaren 20ko gauean ezagutu zintudan. Zure berri izan eta ezin nuen sinestu. Zu zinen, zu, ene bihotzean kabia egina zuena, ene ametsetan nagusi eta jabea, ohiko ameskaiztoak uxatzen zituena. Zuregandik dut arnasa, agortzen ari zaidan azken hatsa.

Baina hemen, zuregan senditzen dudan maitasuna platonikoa baino «platonico» liteke. Izan ere, ez dakit neska ala mutila ote zarenentz. Zuria ala beltza. Edo kafesnea. Altua ala baxua. Ixila ala berritsua. Bon, nago ixila zarela, edo horrela izatea hobe zenuke, edo apika ez, zer arraio…

Bertsoak gustuko, eleberria nahiago, gailurra zapaldu gabeko ibilkeran irudikatzen zaitut, aldapa ezin maldatsu eta berdeagoetan. Agian historiaz bortz, ez uste, beharbada gure kondaira, aukeran, hire barrena diagu, ez bertze inorena.

Zure ilea ere, luzea bezain motz, koipetsu, besoak, luze eta meharra zara, argal baina zuntz, zabala, neskame tankera, oinak, arin-arinak, atzamarrak, hamar, hamaika, ipurdia, Andoni lagunarena baino potoloagorik, begiak, zein kolore, «zazpi lore», belarriak, elfoa ageri, begizuloak, telebista ez ikustearen seinale, ile urdinduren bat ere akaso, damurik gabeko grinan, hankak, unaiarenak, pago enborrak, bularra, laua ala Amarcord, bizkarra, itsasontzi baten hezurra, behatzak, hobbit neskarenak, sudurra, suturre, «pinueve» ala txato, «chatico», Cyrano, Depardieu, nolakoa?

Zure begirada sakona bezain galduan izan baino egon nahiko nuke, zera horri so, zuk begiratzen duzun horretan, justu hausnartzen duzun horretan, espreski egin berri duzun gogoetan, uneotan bertan pentsatzen ari zaren hartan, Iruñean genionez, «oldoztu» egiten ari zarenean.

Nola zen hura? «Ez dakit gauza askorik, ez nago seguru […] baina haserre nago, hori da egia, eta egon nahi nuke, bihotza betean, oraindikan gaztea naizen bitartean». Bai, baina aspaldi ez naiz gaztea, eta haserre jarraitzen dut, zer eginen diogu, horregatik ere, oraindik ere, ia jende guziari ezinezkoa iruditzen bazaio ere, gehiago maite zaitut.

Ai, baina ene baitan zalantza, betiko zalantza, beldurra sortzen ari da, maitatzeak berak sortzen duen izu fin hura. Zuregan sinestu nahi badut ere, nork daki, gaztea ez naiz, eta jendea nolakoa den emeki-emeki, poliki-poliki, hamaikagarrenez erori eta altxa, horrela ikasi dut, horrela ikasten ari naiz. Hortaz ene ikara,… Eta martxoaren 20an nahastu bazinen?

Zergatik ez? Berriz ere diot, eta martxoaren 20an, igandearekin, okertu izan bazina? Posiblea da, hemen dena da posiblea. Ezetz sinestu nahi badut ere, ene burua, ene bihotz, zer bero, zer sukar, ordutik ezin loak hartu, kopetako larrua gorritu zait, azala puskaka jausi ere, komunean ezin aipa, egin dudanaz zertan zehazterik.

Beraz, eta benetakoa ez bazina? Zer eginen nuke? Nola goititu kokotxa, lepoa tikitua bada? Martxoaren 20an nahastu bazinen, egin zenuena akats bazen… Orduan, zer? Nola zen hura? «Amodio ezti eta garbi batez […] Ez dakit zer egin, ta nola kontsola».

Nor naiz ni, halere, azalpen tikienik ere, xumeena ere errukitzekotz? «Jende gehiena bezala sortua, aita ama lurrari lotuak». Min, min ez bertzerik, ez malkorik, ez negarrik, kopetilun ez bertzerik.

Jurasikoan ezagutu nuen eta berak landuriko txirula jotzen zuen artzain hartaz ere oroitzen naiz, «zutaz oroit, ta zugana». Jotzen hasi zen, bere herriko doinu bat zela erran zidan. Ruper Ordorikaren aspaldian, Koldo Izagirreren desespero ezin errealagoan. Hagitzez berantago ohartu nintzen, gixagaixoa ni, abesti hura «Belatzarena» zela. Berant, berant. Haatik inoiz baino gehiago maite zaitut, maitatzekotz kemena inoiz baino bizkorragoa, gogorragoa, indartsuagoa baitut. Itzaltzen ari zaidan garrak kolkoa eta sena kiskaltzen baitit.

Zutaz zure kantaren bat entzun izan balu, behintzat, «zutaz ez dakit deus ere, ez zaitut ezagutzen, bakarrik, zure kantaren bat entzun dut, ta horregatik, zaitut maitatzen, horregatik bakarrik nauzu, zure alde».

Zure kantaren bat entzun dut, bai, martxoaren 20an abestu zenuena.

Han. Zure herrian. Herri hura zure sorterria izatea nahi bainuke. Han, zure herrian, martxoaren 20an, zure herrian egin zenuen maitasunezko ekintzarik handienerikoa…

Han. Zure herrian. Auñamendiren gerizpean. Gure burmuin torturatuetan bizirauten duen Maithagarria anderearen goxotasunean. Eta zure maitasunak, alferrik balitz ere, udazkena baino, bedatsa dakarkidala sinestu nahi nuke.

Baietz martxoaren 20ko gauean, Orhiko txoriak Orhirat tira, Orhin da, baietz Lazkao Txiki eta Xalbadorren errautsen gainetik «Otsagabia» oihukatu tontorren alderantz…

Zenbat dira zure bizilagunak, auzokideak? Hirurehun bat. Helduak, euskaldunak, umeak, gero eta gutiago. Erdiek baino gehiagok bozkatu zuten martxoaren 20an, kantonamendu, eskualde hauteskundea zelarik.

Eta zure bila ari dira herrian, etengabe, martxoaren 20a baino lehenagotik ziurrenik. Zure bila ari dira, ene maitale fidela, ene maitea, zu desagerrarazi nahi zaituzte bakarrik zaudelakoan, «solicorekin» bizi zarelakoan.

Baina ez da egia. Ez zaude bakarrik. Ni nauzu. Nola zen hura, ene bihotzeko azukre kozkor ezezagun hori, «topa dezagun eta bakea, bizi gaitezen betiko».

«Entzun dut zure mezua, zure zerutik bildua».

Zu zara, zu, laztana, Zuberoako Santa Grazi eder-ederrean martxoaren 20an abertzale bozkatu zuen lagun bakarra. Loretan den Urdaitx herriko hondarra. «Ene landare! Ene landare! Hain eder eta hain paregabe, nire barnean beti zerade». Maite zaitut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.