Marra gorrien beharra

2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Nafarroan, euskara hezkuntza erreminta hartuta, azken hamarkadetako erasorik estrategikoena pairatzen ari da. Okerrena da euskaltzale gehiegiren babesa duela, modu esplizituan edo inplizituan. PSOE, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Ezkerrak sinatutako 2019-2023ko Programa Akordioak hauxe dio bere 3.1 atalean, 32. puntuan: «Hizkuntza-eredu bat baino gehiago barne hartzen duten ikastetxeak sustatu». Eredu mistoak ailegatu dira gurera. Jada ez da PAIren sustapena bakarrik.

Zein da helburua? Ez da «baztertzailea» den murgiltzea bukatzea, baizik eta euskarazko murgiltzea bukatzea. Hau da, eskolaren alorrean euskararen transmisio egoki bat oztopatzea, eta egoera diglosikoa euskararen arnasgune bakanetara ere eramatea. D eredu hutsezko ikastetxeetan nahikoa arazo edukiko ez bagenu bezala... Iruñeko haur eskoletan, euskarazko adarra eta gaztelerazko adarra ezartzen ari dira jada, bien espazio eta aktibitateak tarteka nahastuz. Horretaz gain, ingelesezko jarduerak gehitu dituzte hitz egiten ere ez dakiten eta maitasuna eta ikaspen oinarrizkoenak besterik behar ez dituzten umeen geletan.

Gimenok gaineratu du: «Haur eskolen eredu nahasketari 3 urtetik aurrerako zikloetan segida ematea da plana». Imajinatzen duzue euskara hutsezko ikastetxerik gabeko Nafarroa? Eta nola saltzen dute? Bada, «l@s niñ@s son esponjas» esanez, pedagogia eta linguistika sakrifikatuz, eta euskaldunok baztertzen gaituen eta gaztelera gailentzen den «bizikidetza» faltsu bat aldarrikatuta.

Eta zer entzuten da euskarazko murgiltze eredua aukeratu duten edo aukeratu nahiko luketen familien artean? Bada, komunitate plural bat den heinean, denetarik. Baina, baita ere entzuten da «tira, behintzat badugu adar bat euskaraz», «tira, ikasiko du 3 urtetik aurrera!», «uf, euskarazko aukera bi auzo haratago dago», «nireak euskara eta ingelesa ikasiko du D-PAIn»,...

COVID-19ak eragin duen paradigmaaldaketaren ondorioak ere ikusten dira: orain osasuna eta ekonomia ez den beste ezerk ez du ardurarik, hau da, «txikikeriak, geroko». Eta bitartean, pedagogian hainbeste aipatzen den 0-6 adin-tartean biltzen den motxilan, euskarak geroz eta pisu gutxiago dauka.

Eta zein dira ondorioak? Ikus ditzagun Euskarabidearen datuak: labur esanda eta tokian tokiko datuak aparte utzita, ezagutzak gora egin du nabarmen, eta erabilera mantenduz edo beherantz doa. Nafarroan, euskaldun gehiago dago jada eremu mistoan eremu euskaldunean baino. Badaude euskal hiztun hartzaile askoz ere gehiago euskal hiztun aktiboak baino.

Udal politikaren gainetik, alderdiek, soziolinguistika datu orokor eta joera hauen jakitun, boz-emaile potentzialei begira, hizkuntza politika berri bat eraiki dute. Euskaraz bizi nahi duenaren beharrei erantzun ordez (etxeko materialak, murgiltzea haur eskolan, murgiltzea eskolan, euskara planak, aisia euskaraz, prestigioa oro har,…), bogan dagoen euskararen ezagutzarekin nahikoa duenaren araberako diskurtso eta praktikak hartu dituzte (eredu mistoa, D-PAI eredua, A eredua,…). Eta horregatik, ageri da batzuen sinadura eredu mistoen sustapenaren alde; horregatik, Euskarabideak ez du D ereduaren aldeko kanpainarik egin; horregatik sinatzen dira aurrekontuak euskararen erasoei inongo marra gorririk jarri gabe; eta horregatik, PSNk «murgiltzea baztertzailea da» aurpegira botatzen digu.

Politikari konprometituak lortu behar ditugu, beraien alderdien barruan egoeraz gordin hitz egingo dutenak, eta hizkuntza politika folklorikotik euskaldunon eskubideak defendatuko dituen hizkuntza politika batera pasatzeko eragin nahikoa edukiko dutenak. Eta jakina, hurrengo inbestidura, gobernu edo aurrekontu akordioetan, euskararen erasoei marra gorriak jartzen bukatzea hil ala bizikoa da. Hemen aldatu behar dena ez da PSN.Euskaltzaleok ahaldundu egin behar dugu, eta besteek traturik nahi badute, jakin dezatela gauza askotan arindu dezakegula, baina nafar eta euskaldun egiten gaituenarekin, inolaz ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.