Martxalin

2021eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Martxalin Arbelbide, Manex Pagola alderdikide miretsiaren alargunaren etxean aparkatu nuen, gaueko hamarrak inguruan. 2019ko urriaren 11 zen. Gauerdian amaitzen zen EAko Idazkaritza Nagusirako nire hautagaitzaren abalak aurkezteko epea. Arratsalde horretan, 19:20an, Hendaiako taberna bateko iragarki-oholean txintxeta batekin eskegita zegoen gutun-azal bat eskuratu ahal izan nuen, non 20 izeneko paper zati bat zegoen, Iparraldeko afiliazioen zerrenda.

Tabernan utzitako paper zatiak izen-abizenak baino ez zituen; ez zuen harremanetan jartzen lagunduko zidan ez helbiderik, ezta telefono-zenbakirik ere. Gero eta denbora gutxiago geratzen zitzaidan. Alderdikide batzuen bitartez, Martxalinen telefonoa eta beste kontaktu batzuk lortu nituen.

Nire hautagaitzaren berri eman nuenetik, Iparraldeko afiliazioaren zerrendarako sarbidea eskatu nuen, abalak eskatu ahal izateko. Urriaren 8an, sarbidea Iruñean ematea eskatu nuen. Hilaren 9an zerrenda Baionako egoitzan zegoela eta neronek bakarrik jaso nezakeela erantzun zitzaidan. Baionara joan, eta egoitza itxita. Hauteskunde Batzordeari horren berri eman nion, eta erantzun laburra jaso nuen: «Erroldak lurralde-egoitzetan egongo dira aurrezerrendaren eskura». Ostegunean, Batzar Nazionalean, egoera salatu nuen, egun horretan bertan Baionan erosi nuen Sud Ouest egunkariaren alea erakutsiz. Ostiral osoa Baionan eman nuen, egoitza noiz irekiko zain, eta horren berri ere eman nion Batzordeari. Ez zen inor agertu. Arratsaldeko 18:50ean Iparraldeko arduradun liberatuaren deia jaso nuen; zerrenda hark zuela eta gutun-azal batean utziko zidala Hendaiako taberna batean.

Jesus Mari Agirrezabalak Haritza Camblong alderdikidearen telefonoa eman, eta hark, egoera partekatu ez arren, nire hautagaitza babestu zuen afiliazioa izan zedin alderdiaren Idazkari nagusia hautatzen zuena. Gainera, Haritzak jarraibideak eman zizkidan Manex eta Martxalinen etxea Urketan topatu nezan. Ez zen erraza izan, gauez eta atzerako kontuaren presiopean.

Autoa aparkatzean, Martxalin nire zain zegoen, irribarretsu. Barruan ardo botila eta gazta pixka bat neuzkan zain. Egoera azaldu nion, hautagaitzaren helburuak, Manex gogoan... Etxe hartatik irtetean, abala eskuan, denak merezi zuela sentitu nuen, eta Iparraldean barrena jarraitu nuen, abalen bila. Zazpi lortu nituen.

2021eko uztailaren 22an jakin nuen Arabako Auzitegiaren epaiak zioela Primario horietan EAk nire parte-hartzerako oinarrizko eskubidea urratu zuela. Eba Blanco alderdiko idazkari nagusi izendatu zuen primarien prozesua baliogabetzen zuen, eta primario horiek errepikatzea agintzen zuen.

Memoriak berehala eraman ninduen 2019ko urriaren 14ra, Hauteskunde Batzordeak nire hautagaitza baliogabetzat jo zuen egunera. Bego Landak, Batzar Nazionaleko lehendakariak, Mariano Alavak, Antolakuntza idazkariak, eta Gezuragak, orduko jarduneko idazkari nagusiak, osatzen zuten Batzorde honek Iparraldeko lau abal baliogabetu zizkidan ustezko «forma-akatsengatik» (zuzentzeko eperik gabe), eta Bermapide batzordeak emandako ebazpenek esan arren orotara 50 abal biltzea nahikoa zela hautagai izateko, lurraldeko gutxieneko kopururik gabe, nire hautagaitza baliogabetzea erabaki zuen. Nik 400 abal baino gehiago jaso nituen; Blancok 55 baino ez.

Egun hartan, 2019ko urriaren 14an, (eta gaur ere), erabaki horren bidegabekeriak eta zentzugabekeriak itolarria sentiarazi zidan, eta babestu ninduten ehunka pertsonaren aurpegiak pasatu ziren nire burutik. Laurehun arrazoik baino gehiagok, bakoitza bere ikuspegitik, nire hautagaitza babesteko bat egin zuten. Batzuek, hala nola Jesus Mari Larrazabal irakasleak edo Javier Larreina lankide maiteak, ezin izango dute sententzia honen justiziak eman dezakeen lasaitua sentitu; eta beste batzuek, batez ere EAren barne buletineko informazioa besterik ez dutenak, ez dute jakingo epai hau zein mamitsua den eta zein egoki adierazten duen EAk bere barne demokrazia berreskuratzeko egin behar duen bidea. Izan ere, beraien balorazio publiko guztietan ez da aipatzen, nahita, epaiak dioena, halaber, Maiorga Ramirezen oinarrizko eskubideak urratuak izan direla; eta iraintzen jarraitzen dute.

Hala ere, epaiak xehetasun gehiago uzten ditu agerian. Orain badakigu Blancok bere abalak lortuak zituela, hautagaitza formalizatu aurretik. Izan ere, afiliatuek jakinarazi zidatenez, zerrendaren zaindaria, alderdiak Iparraldean pertsona liberatu hori baitzen, Blancori abalak bildu zizkiona. Hau da, 2019ko urriaren 11n, epea amaitzeko ordu gutxi falta zirenean, Hendaiako taberna batean Iparraldeko afiliatuen zerrenda paper zatitxo batean idatzita utzi zuen pertsona bera; HA Batzordearen arabera, «zerrendara sarbidea izateko», neronek bakarrik bertaratu behar nuen lekuan, Baionako egoitzan, inoiz egon ez zena. Bera arduratu zen Blancoren lana egiteaz, hautagaitza aurkeztu aurretik. Epaiak dioen bezala,«argi geratu da izendatua izan zen hautagai bakar horrek ez zuela errolda hori kontsultatu behar izan abalak biltzeko».

Ziur aski, garai hartan, HA Batzordeko kide batzuk, poztu egin ziren nire eskaera etsiei ematen zieten erantzun maltzur bakoitzaren aurrean. Ez dakit zein izango den haien jarrera epaiaren aurrean. Baina, egia esan, irakaspena eta betebeharra ekarri behar ditu berekin egiaztatzeak Blanco «aparatuaz» baliatu zela bai posizio pribilegiatua lortzeko eta bai 400 abal baino gehiago zituen hautagaitza bat baliogabetzearen zuzeneko onuradun izateko. Inoiz gertatu behar ez zelako irakaspena. Eta esertzeko betebeharra, oinarrizko neurri batzuk adosteko bederen, EAn inoiz ez daitezen inoren oinarrizko eskubideak urratuak izan.

Nire aldetik irakaspen hau: gure asmoaren prestutasunean sinisten badugu, bidearen luzerak eta gogortasunak ez gaituela amore ematera eraman behar. Eta beste askoren artean, betebeharra baino pribilegio hau; Manex eta Martxalinen etxera itzultzea San Martin Unxekoaren ardoarekin, Tafallako Feria kaleko okindegian saltzen duten gazta ederrarekin eta Caserío pinazi gozokiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.