Duela 77 urte pasatxo, abenduaren 10ean, 58 herrialdek adierazpen historiko bat onartu zuten, unibertsala izan nahi zuena eta gizaki gisa ditugun eskubide batzuk aldarrikatzen zituena. Harrezkero denbora asko igaro da, eta dokumentuak ez du dena jasaten. Egunero ikusten ditugu pentsaezinak ziruditen atzerapausoak; eta gaur egun, aitortu ziren eskubide horiek urraketa sistematikoak jasaten dituzte kasu askotan.
Orain, ia zortzi hamarkada geroago, ikusten dugu, pantaila bidez, olatu erreakzionarioak aurrera egiten duela, sistemaren zutabe bakoitza eraisteko mehatxua eginez. Sistema hori hauskorra da, baina mundu osoan giza eskubideak defendatzeko balio du. Prentsan irakurtzen dugu nola erakunde batzuek beste aldera begiratzen duten, sufrimenduaren aurrean axolagabe. Hala, 1948ko adierazpenaren aldean, zenbaitek «beste zerbait» defendatu nahi dute; ahulenak seinalatuz, desberdintasunari eraso eginez edo aniztasuna kriminalizatuz.
Eta zer esan nazioarteko zuzenbide humanitarioa axola ez zaionari buruz, ulertzen eta errespetatzen ez duenari buruz, bere planak geldiarazi edo mantsotu ditzakeelako. Ia egunero urratzen du, lotsarik gabe, bere lagunek ohartarazten dioten arren kaltegarria izan daitekeela hain modu ikusgarri eta suntsitzailean egitea.
Ezerk edo ia ezerk ez gaitu beldurtzen jada, baina gauza batzuek haserretu egiten gaituzte. Euskal herritarrok beti esan dugu, harrotasunez, herri konprometitua garela, mobilizatzen dena, antolatzen dena, interes kolektiboa defendatzeko artikulatzen dena; herri gisa, langile gisa, erakundeetatik... Eta hori azkenaldiko mobilizazioen indarrean (eta lidergoan) ikusi da: Palestinaren alde, pentsioen alde, planetaren alde edota mugimendu feministan.
Horrek arnasa eta itxaropena ematen digu. Demokrazia ez da perfektua, azken hamarkadetan ikusi dugu hori; gabeziak ditu eta hobetzeko aukera dago, baina ez da sistema hoberik asmatu.
Engranaje demokratiko horrek bete-betean funtziona dezan, ehun sozial indartsu bat behar dugu, gizarte zibil artikulatu bat, erakutsiko diguna «beste gauza» hori zarata gehiegi egiten duten gutxi batzuena baino ez dela, demokrazia ez dagoela jokoan, eta giza eskubideekin ez dela negoziatzen, ez Euskal Herrian, ez planetako beste edozein lekutan.
Izan ere, datuak hor daude. Gaur egun abian dauden 50 gatazka armatuk baino gehiagok muturreko indarkeriako errealitateak uzten dizkigute, faktore anitzeko krisiekin, ezegonkortasun politikoarekin, baliabideen espoliazioarekin, mendekotasun ekonomikoarekin, gaixotasunekin, goseteekin eta abarrekin batera. Egunero 5 urtetik beherako 13.800 haur inguru hiltzen dira desnutrizioaren ondorioz. Eta 1.200 milioi pertsona baino gehiago bizi dira pobreziaren dimentsio anitzen eraginpean dauden lekuetan.
Milioika pertsonak ihes egiten dute beren jaioterrietatik, indarkeriak, goseak eta muturreko pobreziak bultzatuta; babesa bilatzen dute, normalean inguruko herrialdeetan, baina, jakina, baita Europan ere. Eta, hain zuzen, elementu hori oso lotuta dago bizi dugun polarizazio politikoarekin; izan ere, gorroto diskurtsoek bereziki kolpatzen dituzte migratzaile eta errefuxiatuak, horiek kriminalizatuz eta bulo xenofobo eta arrazistak zabalduz.
Diskurtso horiek antifeminismoa, arrazakeria, xenofobia, LGTBI+fobia, aporofobia, gorroto ideologikoa… sustatzen dituzte, eta mehatxu dira giza eskubideentzat eta gizarte zein ingurumen justiziarentzat. Gainera, gero eta gehiago zabaltzen ari den eskuin muturraren gorakadaren eta olatu global baten norabidea markatzen dute: AEB, Italia, Frantzia, Austria, Hungaria, Belgika, Argentina, Israel, El Salvador... eta, jakina, baita Espainiako Estatuan ere.
Gaur, inoiz baino gehiago, beste aldera ez begiratzeko unea da, dena xurgatu nahi duen botere populistaren aurrean. Eraiki nahi dugun demokrazia eredua birpentsatzeko garaia da. Bai eta zintzotasun ariketa bat egiteko ordua ere, horretarako oinarri izango diren lehentasun politikoak erabakitzean.
Euskal Herria erreferente izan da, eta bada, nazioarteko elkartasunaren arloan; eta euskal GGKEek, gizarte ehun aktibo baten parte garen aldetik, pertsonak erdigunean jarriko dituen eredu hori eraikitzen jarraitzeko apustua egiten dugu. Gazako genozidioaren aurrean mobilizatzen diren milaka lagunen indarra dugu, baita gure herri eta auzoetan konprometitutako eta antolatutako gazteena, errefuxiatuekin elkartasun afariak antolatzen dituztenena edo euskal harrera sistema iristen ez den lekuetara elkartasuna helarazten duten auzokideena ere.
Horretarako, nazioarteko lankidetzaren indar eraldatzailea dugu, munduko 63 herrialdetan hiru milioi pertsona baino gehiagorengana iristen diren 839 proiekturen bidez; eta 117.000 pertsonak baino gehiagok osatutako oinarri soziala dugu, bazkideen, emaileen eta boluntarioen artean.
Jarrai dezagun itxaropenez lanean. Egin dezagun match gizarte zibilaren eta instituzioen artean, giza eskubideak eta elkartasuna erdigunean jartzeko. Aurpegia eta bihotza jar ditzagun gure gizartea eraikitzeko. Eta horrela irabaziko dugu duintasunaren borroka.