Mendian korrika egitea, edo mendi-korrikazaletasuna (trail running), azken urteotan nabarmen hazi den kirol modalitatea da. Aspalditik existitzen bada ere, gaur egun inoiz baino ikusgarritasun handiagoa du, neurri handi batean komunikabideei eta nazioarteko ligek izan duten eraginari esker. Golden Trail World Series, UTMB edo Zegama-Aizkorri bezalako probek mendiko lasterketak lehen lerrora ekarri dituzte, ikusle ugari eta streaming bidezko jarraipen handia erakarriz. Horrek erakusten du mendia ez dela soilik ibiltzeko edo kontenplaziorako gunea, baizik eta korrika egiteko eszenatoki ere bilakatzen ari dela.
Nire kasuan, mendizalea izan naiz txikitatik, eta mendian korrika egiten COVID-19aren garaian hasi nintzen. Pandemiak jende asko naturara hurbildu zuen, eta nik ere berriz hartu nuen mendiarekin nuen harremana. Hasieran kasualitatez hasi nintzen korrika, batez ere maldan behera, arrazoi praktikoengatik: azkarrago jaistea eta adrenalina sentsazioa bizitzea. Pixkanaka, ohitura bihurtu zen, eta gaur egun entrenamendu luzeak eta lasterketak egiten ditut, etorkizunean mendi maratoi bat egiteko asmoz.
Zerk bultzatzen gaitu mendian korrika egitera? Arrazoi nagusietako bat erronka da: gizakiak bere mugak gainditzeko duen joera naturala. Horrez gain, sufrimenduak ere badu bere ordaina, tontorrera iristean sentitzen den harrotasunaren antzera. Azkenik, jaitsieretan sortzen den jolas sentsazioa eta lur irregularrarekin harremana bereziki erakargarriak dira.
Hala ere, mendi-korrikazaletasunak kritikak ere jasotzen ditu. Batzuen ustez, mendian korrika egitea ez da naturala, ez dugu mendiaz disfrutatzen edo bideak hondatzen ditugu. Ez nator bat irizpide horiekin. Gizakiaren gorputza egokitua dago esfortzu handietarako, eta gaur egungo ikerketek erakusten dute ultra erresistentzia arloko kirolak bideragarriak izan daitezkeela entrenamendu eta elikadura egokiarekin. Gainera, mendiko lasterketek korrikalari kopuru mugatuak onartzen dituzte, eta arau zorrotzak jarraitzen dituzte ingurunea zaintzeko, eta korrikalariok, oro har, bide markatuak erabiltzen ditugu eta aztarna txikiagoa uzten dugu.
Mendia ulertzeko moduak askotarikoak dira. Batzuek erritmo lasaian gozatzen dute; beste batzuek, berriz, mugimenduan. Bi ikuspegiak dira baliagarriak, eta gatazka ez litzateke sortu behar. Nire ustez, gakoa elkarbizitza da: sen ona, errespetua eta egoerara egokitzea. Korrikalariok oinezkoen presentzia kontuan hartu behar dugu, batez ere jaitsieretan, baina, era berean, oinezkoek ere ulertu behar dute erritmo azkarragoan doazenak badaudela.
Mendian oinez dabilen jendeari proposamen sinple baina praktiko bat egin nahiko nioke: inguruneari eta jendeari adi egoteaz gain, autoen modura mendian ere orokorrean eskuinetik ibiltzea, salbuespenak salbuespen. Bidea bi pertsona sartzeko bezain estua baldin bada edo alboan amildegia egonez gero, ez dugu eskatzen oinezkoek euren bizitza arriskuan jartzea, baina bai gure jardunean erraztasunak jartzea (maldan gora itota joanez gero lekua egitea eta erritmoa ez haustea, adibidez).
Frantzian bizi naizenetik, gainera, jarrera irekiagoa sumatu dut mendi-korrikalariongan. Pasatzen uztea eta errespetua ohikoagoak dira, baita animoak ematea ere: askok «bravo!» eta «courage!» bezalako hitzak esaten dituzte, eta beste batzuek, ordea, «ale, Kilian!» diote txantxa tonu atseginean (kirol honetan erreferentea den Kilian Jornet korrikalari katalanari erreferentzia eginez). Horrek erakusten du elkarbizitza posible dela.
Laburbilduz, mendia guztiona da, eta jarduera desberdinak bateragarriak dira baldin eta errespetuz jokatzen badugu. Ez da beharrezkoa mendian korrika egiteko arrazoiak partekatzea, baina bai elkarri lekua egitea. Mendi-korrikazaletasunak etorkizun oparoa du (ziur nago laster Olinpiar Jokoetan ikusiko dugula!), eta gizartearen onarpena pixkanaka handituko dela sinesten dut. Errespetutik abiatuta, mendia guztiontzat aberatsagoa izango da.