Lanbidean urteak daramatzagun basozainok gogoan ditugu 1989. urtean Euskal Herria bortizki kolpatu zuten mendiko sute handiak. Urtarriletik luze zetorren lehorte latza udazkenean lehertu zen haize bortitzen bultzadaz. Dozenaka sutek beltzez jantzi zuten lurraldea; bereziki, Euskal Herriko isurialde kantauriarra. Hondamendi ekologiko hartan, mendiaz gain, baserriak kiskali eta ehunka abere hil ziren, basa fauna ez aipatzearren.
Asteotan eta Iberiar penintsulako mendebaldetik etorri zaizkigun kontrolik gabeko megasuteen irudien aurrean, batzuoi gogoa 1989ra joan zaigu, gurean halako egoera bat errepikatu baitaiteke. Baina aurre egiteko prest al gaude? Zenbait agintari politikoren diskurtsoak entzunda, ematen du Euskal Herria (Gipuzkoa, bereziki) oasi moduko bat dela. Errealitatea, zoritxarrez, oso bestelakoa da. Klima larrialdiari eta mendiko suteei dagokienez, Gipuzkoa ez da salbuespena. Horren adibide garbia, 2021eko otsailean Bidasoaldean gertatutako mendiko sute handia dugu. Hura abisu garbia izan zen; tamalez, ez da aintzat hartu.
Udan ikusi dugu suteek ohikoak ez diren portaerak izan dituztela. Pirokumuluak osatu, tokiko haizeteak eratu eta suzko zurrunbiloak sortu dira; sua ziztu bizian zabaldu da, eta sastrakak, zuhaiztiak, zelaiak, larreak, bordak, etxeak eta herrixkak kiskali ditu. Itzalketarako bitartekoak euren ahalmenetatik gaindi geratu dira eta, tamalez, hildakoak ere izan dira.
Irudietan zuzenean bizi dugun egoera latz horien aurrean, orain eta etorkizunera begira, administrazio publikoak prestaturik egon behar du. Ezin da ahaztu basozainok ingurumena eta landa eremua babesteko lehen defentsa lerro berdea garela. Zoritxarrez, egun, agintariek hala nahi izan dutelako, lerro hori oso mehea da. Ezin dugu ahaztu basozainok suaren prozesu guztian dugula ardura: prebentzioa, zaintza, itzaltze lana, ikerketa eta mendiaren lehengoratzea.
Ingurumenaren eta Ondare Naturalaren defentsak lehentasuna izan beharko luke, eta gure politikarientzat hala balitz, Gipuzkoako basozaintza beste egora batean legoke. Aitzitik, aspalditik eta maiz aldarrikatu arren, errealitatea oso bestelakoa da. Oso basozain gutxi gara, formakuntza eta baliabide gabezia handiak ditugu. Horri, legez dagozkigun arduren aurrean gure lana modu egokian bete ahal izateko aurkitu izan ohi ditugun trabak gehitu behar zaizkio. Pribatizazioaren bidean, Lurralde Oreka Berdeko Departamendua ahultzera eraman duten erabaki politikoen ondorio zuzena eta egoera orokorraren isla baino ez da.
Hala eta guztiz ere, gure iritzia ez da askotan kontuan hartzen. Administrazioa betiko mantretan kateatua ikusten dugu: itxuraz, Gipuzkoa uharte bat dela eta hemen landa eremua ezin hobeto kudeatzen dela, hemengo basogintzari esker mendia oso ondo zainduta dagoela... Baina baieztapen horiek ez dituzte edozein momentutan etor daitezkeen baso sute handiak geratuko.
Azaldu berri dugunaren adibide garbia, duela gutxi Gipuzkoako Batzar Nagusietan basogintzari buruzko ponentziaren ondorioak ditugu. Aldundiko arduradun politikoek aurretik idatzitako gidoiaren parte zirela ziruditen, basogintza industrialaren interesekin zeharo lerrokatuta. Azterketa zabalago bat egiteko aukera galdu zen. Bioaniztasunaren galera, aldaketa klimatikoaren ondorioen azterketa, aurreko baso politika okerren aitortza, besteak beste zuhaitzen gaitzen hedapena ekarri duena, non gelditu dira? Baso naturalen beharra eta gelditzen zaigunaren zaintza edo zuhaitz landaketa produktiboen jasangarritasuna antolatzeko aukera ez dira jaso. Basogintza industrialeko landaketa monoespezifikoak ezin dira denen aurretik ezarri; interes pribatuak, interes orokor eta publikoen gainetik. Horrek, mendiko sute masiboen arriskua areagotu besterik ez du egiten.
Politika horiek ondorio larriak ekar ditzakete, eta, azken urteetan euria arrisku sasoian egoera arintzera etorri bada ere, nork daki aurrerantzean salbatuko gaituen eta 1989an bizitakoa errepikatuko ez den, Galizian, Leonen edo Asturiasen oraingo honetan gertatu den bezala.