Menopausia osasun-kategoria bat da, adin jakin batera (45-55 urte) iristen diren emakumeen artean hilekoaren galerarekin eta estrogenoen jaitsierarekin lotzen dena. Beherakada horrek tratamendu desberdinak beharrezko lituzkeen arazoak eta sintomak eragingo lituzke, hormona bidezko terapia barne. Are, menopausia fenomeno unibertsal, patologiko eta negatibo gisa aurkeztu ohi da, emakumeen bizitza errotik baldintzatuko edo baldintzatzeko aukera suposatuko lukeena.
Denboran atzera eginez konturatuko gara, XX. mendeko 80ko hamarkadan, menopausiari eta ordezko hormona bidezko terapiaren onurei buruzko kanpaina mediko-farmakologiko oso indartsua zabaldu zela, sintomak arintzeaz gain, emakumeen gaztetasuna mantentzea helburu ere izan zuena. Baina, 1991n hasi eta 2002an emaitzak argitaratu zireneko Women's Health Initiative ikerketak hormona-terapiaren arrisku kardiobaskularrei eta minbiziari buruz ohartarazi zuen, mundu mailan hedatua zegoen hormonen preskripzioa goitik behera aldatuz.
Feminista askok menopausiaren irakurketa eta kanpaina horren kontra berehala erreakzionatu zuten, menopausiaren alderdi sozialez hitz eginez eta helburu alternatiboak izan nahi izan zituzten egitasmoak abiaraziz.
40 urte geroago, eta aldeak alde, garai hura gogorarazten digun egoera bizitzen ari gara, menopausiaren inguruko berriak zabaltzen hasi baitira komunikabideetan, emakumeak beraien osasunaren alde zerbait egitera gonbidatuz edota terapia hormonalari garrantzia kenduz (egia da gaur egungo hormonen konbinazioak ez direla lehengo berak).
Horrek guztiak lehen kezka sorrarazten dit: menopausiaren 80ko olatu mediatikoaren ondoren, hormonen onurak saltzen zituzten tratamenduak zabaldu baziren, zer salduko dute hemendik gutxira? (Ezin dugu ahaztu emakumeak oinarrizko merkatu-nitxoa direla farmazia-industriarentzat, genero-sozializazioaren ondorioz, osasungintzara jotzeko edo sendagaiak erabiltzeko duten joeraren jakitun).
Ekidin beharko genuke kategoria biomediko bat (menopausia) kategoria sozial gisa erabiltzea [...] testuinguru patriarkaletan erabiltzen diren kategoriak dira, generoa eta gorputza ulertzeko marko jakin batean, non ikerketa biomedikoek, nahi gabe ere, emakumeen desberdintasunen eta diskriminazioen sorreran laguntzen duten
Zer esaten dute gaur egungo ikerketa zientifikoek gai honen inguruan?
Ana Galarragak egunkari honetan idazten dituen zutabe bikainen bitartez ezagutu dugu, adibidez, duela gutxi British Medical Journal-en argitaratu berri den ikerketa batean frogatu dela hormona-terapiak ez duela luzera bizitza laburtzen. Aldi berean, azterlan batzuek estrogenoen jaitsieraren eta sintoma askoren arteko korrelazioa ezartzen dute, ez bakarrik fisikoak baita gogo-aldarteari eta osasun mentalari lotutako sintomak ere. Nolanahi ere, aipatzen dute egindako ikerketan ez dela kausa-ondorio erlaziorik aztertu, eta hori funtsezkoa da, korrelazioa eta kausalitatea kontu desberdinak baitira. Ikerketa horietan ohartarazten da ere test hormonalak eta merkatuan (peri)menopausiarako eskaintzen diren produktu eta zerbitzu gehienak alferrikakoak direla, sintomak historia klinikoaren bidez baloratu behar direla, eta tratamenduari buruzko erabakiak profesional klinikoek gidatu behar dituztela.
Berrikuspen zientifiko horiekin loturiko bi ondorio azpimarratu nahi ditut: (1) Interesgarriak eta aintzat hartzekoak badira ere, profesionalen eskuetan jartzen dutela pertsonen osasunaren azken hitza, bide batez, norberaren agentzia ahulduz. (2) Ez dagoela froga nahikorik menopausia erlazionatzeko askotan aipatzen den sintoma fisiko eta psikologiko sorta luzearekin. Gaur-gaurkoz hauexek dira frogatuta dauden sintoma bakarrak: hilekoaren amaiera, sofokoak eta baginako lehortasuna; azken bi horiek, gainera, intentsitate guztiz desberdinetara agertzen direlarik.
Zer egin horren guztiaren aurrean?
Hasteko, ekidin beharko genuke kategoria biomediko bat (menopausia) kategoria sozial gisa erabiltzea (ikuspegi kritikotik bada ere), inolako ñabardurarik gabe eta behar adinako zehaztasunik gabe. Kontuan hartu behar dugu testuinguru patriarkaletan erabiltzen diren kategoriak direla, generoa eta gorputza ulertzeko marko jakin batean, non ikerketa biomedikoek, nahi gabe ere, emakumeen desberdintasunen eta diskriminazioen sorreran laguntzen duten. Kasu honetan, emakumeen adin heldua adin patologikotzat hartzen da, erreparazioa nahitaezko duena.
Justifikatuta al dago menopausiaren irakurketa baikor baten aldeko ekimenak egitea? Nire ustez, jarraibidea beste bat litzateke: menopausiaren kategoria beraren erabilera zeharo murriztea, kasu berezietara edota menopausia goiztiarra duten pertsona kopuru konkretura soilik egokituz, eta emakume batzuek bizi ditzaketen arazoak eta kezkak medikalizatu gabe eta biologiara kateatu gabe.
Bestela, artikulu honen izenburuan idatzi dudan moduan, arrisku handi bat hartzen dugu: emakumeak ekoiztearena.
Emakumeak esaten dudanean, azpiragarriak eta azpiratuak izan daitezkeen gizakiez ari naiz, generoaren irakurketa bereizle eta biologizista batetik ikusiak, bizitzan zehar gertatzen diren aldaketei eta bizi ditugun testuinguru eta baldintza sozial askotarikoei jaramonik egin barik.