Migrazio politikak: hazkundea eta berdintasuna lortzeko bidea

Virginia Eraso, Idoia Carricas
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Nafarroan bizi diren atzerritarrek badute indarra Ongizate Estatuari eusten laguntzeko guri; eta, hala ere, pobrezia eta bazterkeria aurkitzen dute hemen. Ez da iritzi soil bat, hori garbi ikusten baita haien lan jardunari, jaiotza tasei... eta pobrezia tasei buruz ditugun datuetan. Ikus ditzagun zenbatekoak.

Gaur egun, Nafarroan 100.000 pertsona baino gehiago bizi dira jatorria beste herrialde batean dutenak. Kopuru horretan sartzen dira atzerritik hona migratutako 94.647 pertsonak eta haien seme-alabak, jada hemen jaio direnak baina erroak kanpoan dituztenak. 100.000 pertsona horiek gure populazioaren %15,2 eratzen dute, baina Gizarte Segurantzan kotizatzen duten guztien %16,5 dira. Garbi dago horren arrazoia: gure komunitatera etorri diren migratzaileak, batez beste, populazio osoa baino gazteagoak dira eta horietako gehiago daude lan egiteko adinean.

Atzerritarren artean, halaber, proportzioan emakume gehiago dago ugaltzeko adinean, eta horrek lagundu egiten du belaunaldi aldaketan, zeina kontu zaila baita gure gizarte zahartu honetan. Nafarroan, 2018an haurrak izan zituzten emakumeen artean, %32 atzerrian jaioak ziren. Gogora dezagun, gainera, emakumeen %32 hori «ateratzen» dela populazio osoaren %15,2tik. Argi dago.

Eta, hala ere, Pobreziaren eta Desberdinkeriaren Txosteneko datuek berriki erakutsi digute Nafarroan bizi diren atzerritarrek pobrezia tasa bost bider handiagoak dituztela bertakoek baino. Datu horiek Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak aurkeztu ditu. Jada nazionalitate espainiarra duten migratzaileak —hau da, hemen denbora gehiago daramatenak, ja hemen kokatuta daudenak, egunero beste nafarrak bezala aritzen direnak— ez daude egoera askoz hobean: haien pobrezia tasa hiru bider handiagoa da bertako populazioarena baino. Beraz, populazio gazteagoa da, lan jardunaren tasa handiagoak dituena eta gure gizartea gaztetzen duena. Nafarroa osoaren onerako izan zitekeen egitate hori, baina atzerritar horiek traba gehiegi aurkitzen dituzte berdintasunaren aldeko borrokan, eta etorkizun bat eraikitzeko nahiz guztion ongiari ekarpenak egiteko borrokan.

Gainera, zailtasun handiak dituzte unibertsitateko tituluak baliozkotzeko eta beraien prestakuntzaren araberako lanak eskuratzeko. Eta, horren ondorioz, besteen etxeko lanak egiten bukatzen dute, haurrak, zaharrak edo mendekotasunen bat duten pertsonak zaintzen, maiz ezkutuko merkatuan. Batzuetan zailtasunak izaten dituzte kontratuak lortzeko, ez prestakuntza falta zaielako, baizik eta beren arraza edo jatorri geografikoagatik. Horretaz gain, etxebizitza bat alokatzeko arazoak izaten dituzte, eta batzuetan hori gertatzen da ez diru eskasia dutelako, baizik eta aurreiritzi sozialak daudelako. Bestalde, Nafarroan jaiotako haur horiek —zeinak nafarrak baitira ondorio guztietarako— azal kolorearen estigma izan dezakete eskolan; ez ikaskideen begietan, gurasoen begietan baizik. Eta aintzat hartu behar dugu aipatutako arazo horiek guztiak arindu ditzakegula. Horregatik ari gara arazo horiek lantzen; eta Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusian garbi dugu zer urrats egin behar diren. Horregatik sortu dira Karibu eta Ayllu izeneko bi zerbitzuak, saiatzen ari direnak bideko sastrakak kentzen, estereotipoen, manipulazioen eta gorrotozko diskurtsoen oihan horretan.

Karibu-Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuaren helburua da migratzaileei laguntzea gure gizartean lehenbailehen sar daitezen, gizarte honek behar baitu pertsona horiek eskubide nahiz betebehar guztiak eta hobetzeko gogo bizia izan dezaten. Beraz, xedea da sustatzea ahalik eta azkarren herritar osoak izan daitezen.

Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuak helburu du lortzea gure gizartea inklusiboagoa izan dadila eta aurreiritzi eta estereotipo gutxiago izan ditzala. Azken batez, gizarte honetan herritar multzo batek ez diezazkiola beste multzoari oztopoak jarri beste leku batean jaio zirelako.

Hortaz, ikusten da migrazio politikak beharrezkoak direla hala hazkunderako nola berdintasunerako. Hazkundea, gizarte osoarentzat (bai ekonomikoki, bai balioei dagokienez) eta berdintasuna, berriz, pertsona guztientzat, jatorria nonahi dutela ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.