Juantxo Zeberio Etxetxipia.

Mikel Laboa en español

2017ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Seme-alabak izatearen ajeak: ezin bertan goxo geratu. Afaloste bateko elkarrizketa batean atera zen gaia. Herriko festak joanak ziren. Kontzertuak, parrandak, eskopetak... Eta azkenean zezenak kapoteari nola, halaxe heldu genion gaiari: zergatik euskal kantari gazteek ezin dute gazteleraz, frantsesez edo ingelesez kantatu euskaraz egiten duten modu berean, «naturalki»? Beste hizkuntza hauek ere beren eguneroko hizkuntzak badira, eta naturalki ateratzen bazaizkie, zergatik ez erabili hauek ere? Zergatik beti galdera bera erantzuten egon behar? Zergatik inkisizioaren ezpata luzearen beldur ibili? Zergatik beti justifikatzen egon behar hori?

Etxe berean bizirik, gure arteko iritziak ez ziren hain urrunekoak, baina azken batean nork bere buruarekin dituen kontraesanak ozenki argitu nahia zegoen airean.

Eta esan genion baietz. Arrazoi zuela, norberak nahi duena egiten duela eta hala izan behar duela, gainera, eta eskubide osoa duela. Nola ez ba!

Eta guk gure bihotz txikia aipatzen genion, eta berak, zergatik mundu txiki honetara mugatu ordez, Björk-ek islandierarekin egin bezala, ez besarkatu beste hizkuntzak mundu osora jauzi egiteko. Eta guk hizkuntza txikien erresistentziaz hitz egiten genion, eta hizkuntza hegemonikoek dena «bere» egiteko duten joeraz. Eta berak baietz, baina halabeharrez artista baten zabalkundea mugatzearen zergatia jartzen zigun mahai gainean. Zergatik kondenatu txikira lehen unetik, handira joka badezake horretarako beste hizkuntza bat «beharko» badu ere?

Eta guk ezeren gainetik zeure buruarekin leial izatearena aipatzen genion. Zure etxea, zure hizkuntza, zure arima ez saltzearena...

Eta esango genion agian saltzea ez dela munduko gauzarik garrantzitsuena (edo bai?), baizik egiten duzun horrekin gustura gelditzea, egiten duzun horretan sinistea...Eta berak erantzungo zigun utopiak aspaldi bukatu zirela eta munduak aspaldi utzi ziola asmo onekin soilik jiraka ibiltzeari. Eta orduan, orduan bai, konturatzen zara beste mende bateko diskurtsoa dirudiela gureak, garai bateko zaharrena... eta saiatzen gara disimuluan gaia beste eremu batzuetara eramaten.

Baina orduan konturatzen zara belaunaldi aldaketa gertatu dela, eta agian ez daukagula eskubiderik guk jaso ditugun zama astunak beraien bizkar gainean jartzeko (ala bai?). Eta azaldu nahiko zeniokete orain garen hori ez ginela inoiz izango beste batzuek kartzela edo ihesaren truke euskaraz bizi, kantatu edo besterik gabe bere ondorengoei ondare gisa oparitzea ez balute erabaki izan.

Eta hitz egingo genion mendeetan debekatua egon den hizkuntza batez, edo azken mendean euskaraz jardute hutsak suposatu duenaz.

Eta esango diogu, orain, debekuak joanak direnean, batzuek «naturalki» euskara, eta gaztelera edo frantsesa, parean jartzen dituztela, eta hori, gutxienez, eztabaidagarria dela. Berdintasuna ez dela existitzen, alegia. Eta azalduko genion gizonen eta emakumeen eskubideak oraindik maila berean ez dauden moduan, ez daudela euskara eta beste hizkuntza horienak (nahiz eta horiek ere gureak izan). Eta esango genioke gure gazte jendearen erreferente apur horiek euskaraz izatea garrantzitsua ez ezik ezinbestekoa dela, eta artista gazte hauetariko bat gaztelerara pasatzen den aldiro euskarak erreferente bat galtzen duela eta inperioak ur tanta bat gehiago bereganatu bere ozeanoan. (Nahiz eta egiari zor, artista horiek gaztelera edo frantsesarekin batera euskara ere mundu zabalean barreiatuko duten seguruenik).

Eta onartuko genioke berriro ere, agian zama handiegia jartzen dugula artista gazte horiengan, eta kontziente garela. Baina herri txiki, minorizatu eta kolonizatua izateak hori dakarrela berekin. Etengabeko zama, etengabeko borroka, etengabeko berrasmatzea, etengabeko buruhausteak ematen dugun pauso bakoitzean (Ruperrek dioen bezala, «inork ez zidan esan Euskaldun izatea zein nekeza den»). Eta esango genioke baserrian eskuz letxugak banan-banan landatzen dituen baserritarraren pareko garela euskaraz jarduten dugun txeroki hauek, nahiz eta Eroskin edo Carrefourren kolore bereko letxugak saldu. Emaitza ez dela bera, eta irudikatzen duzunean baserritarra aitzurrarekin lurra lantzen, are gozoago dela letxuga hori.

Eta orduan gehituko genioke ez dela berdin euskaraz, edo gazteleraz edo frantsesez kantatzea, nahiz eta horiek ere hautu «libre» edo «naturalak» izan.

Hegemonikoa dena beti delako «librea». Haurrek Mc Donaldsen libreki bazkaldu eta ondoren arratsalde-pasan Disneyren pelikulak ikusi nahi dituzten bezala. Libreki.

Hegemoniak, botereak, indarrak, beti dituelako hertsatzea baino isilagoak eta efektiboagoak diren beste mekanismo batzuk gehiengoaren ideiak, hizkuntzak, produktuak «libreki» inposatzeko. Esango genioke, baina ez dakit egia hori ote den edo nire paranoiak diren. Gu ere urteetan aurrera goaz eta...

Alegia, ez dela berdin erresistentzian bizitzea edo hegemonikoa izatea.

Finean, nahiko ados ginen guztiok nahiz eta eztabaidak luze jo zuen. Finean, geure buruari egiten genizkion galderak baino ez ziren. Finean, nire etxean gauza horiez hitz egiten da, eta horrek ez nau batere kezkatzen.

Azkenean, benetako arazoa ez baita gure eztabaida, edota kantari honek edo beste hark euskaraz egitea edo ez egitea. Finean, arazoa da...Umm... arazoa? Zein arazo?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.