Arratsaldeko seiak dira, eta kotxea hartuta Hernanitik abiatu gara. Paketea, bokatak, familia liburua eta mila kilometro aurretik. Osteguneko deia ezin burutik kendu. Esaldiaren erdian bukatu ziren bost minutuak.
19:30ean iritsi gara Lopidanara. Bertan elkartu gara kartzela desberdinetara goazen familia eta lagunak. 20:00ak iristerako Almeriara doan furgoneta bete dugu. Zazpi bisitari eta bi gidari, elkartasun sentimenduetatik haratago, astebururo senide eta lagunak bisitara lasai iristeko konpromiso sendoarekin. Abiatu gara. Euria, kazkabarra, behe lainoa, errepide bazterrean istripua.
23:00ak, eta iritsi gara Boceguillasera. Eta, nola ez, polizia gure zain. Denbora galarazteko asmoz edo, bertan eduki gaituzte tarte luze batean banan-banan motxilak eta paketeak miatuz.
Joan dira. Afaltzen ari garen bitartean ere ezin begiak kendu furgonetari. Elkarrizketa txikiak, isilune luzeak, urduritasuna, nekea... Hezurretako minez kexu dira zaharrenak.
Goizeko 03:00etan bat-batean geratu egin gara. Gasolindegia. Hankak luzatu, komunera joan eta depositua bete. Gidariek laugarren kafea hartu dute, azken txanpari aurre egiteko.
Goizeko 07:00etan iritsi gara Almeriara. Oin puztuak, gerriko mina, logura eta egun berri bat. Batzuk, hotela ordaindu, eta dutxa bat hartzera igo dira. Beste batzuk kalean geratu gara, gosaritarako taberna ireki zain. Gidariak lotara joan dira.
Lehenengo bisita 09:30ean, eta, ordu horretatik aurrera, furgoneta kartzelara joan-etorrian, egun osoan. Bisita bakoitza ordu desberdinean da.
Denak berriro elkartu bitartean garagardo bat. Bisiten inguruko elkarrizketak. Oraingoan anaiaren kide baten ama etorri da bisitan. Urtean behin joaten da. Osasun arazoak ditu, eta ezin maizago. Haren aurpegia ikusi behar aurrez aurrekoan semea agurtu duenean. Bisitako urduritasuna joan zaio. Orain, berriz itzuli ahal izango duen kezka buruan.
Bagoaz bisitara. Arkua pasa, paketea utzi, NANak eman, eta, ordu erdi itxaron ondoren, bigarren arkua pasa dugu. Urduritasuna, irrika, oilo ipurdia. Lokutorio txiki bat, barrotez betetako kristal zikin bat, aulki bat. Gaixo egon arren, anaia indartsu dago. Gure aurrean egiten dituen plantak ote diren zalantza ezin kendu. Hegan joan dira berrogei minutuak, esateko mila gauza, eta denborarik ez. Funtzionarioak ate-joka. Denbora amaitu da. Maite zaitut eta agur bat.
Bazkaldu bitartean azken bisitak. Eta mila kilometro berriro aurretik.
Ilundu du egunak. Leihotik begira, mila burutapen eta etxera buelta hasi eta beraiek han uzteak sortzen duen sentimendu kontrajarria barnean.
Bidean berriz ere euria. Sakelakoak martxan. Etxera deiak eta Interneten azken orduko berriak. Bisita batetik bueltan istripua izan dute. Berriz hotzikara. Senide eta lagunoi ezarritako zigor erantsia. Astebururo kezka. Bisitara bidean zein etxean beste istripu baten beldurra.
Iritsi gara Lopidanara. Azken agurrak gure artean eta gure eskerrik sentituenak Mirentxineko gidariei. Zer egingo genuke haiek gabe.
Goizeko 07:00ak eta iritsi gara etxera. Atzean utzi ditugu 2.000 kilometro, 36 ordu eta soldataren zati bat.
Urtarrilaren 11ko manifestazioan 130.000 pertsona sakabanaketaren kontrako aldarria debekatu eta giza eskubideak, konponbidea eta bakea eskatuz. Estatuaren erantzuna, garbia. Ez omen dute espetxe politika manifestazio batengatik aldatuko. Gehiengoaren nahiari muzin egin eta pausorik eman ezean gure senide presoak ikusteko milaka kilometro egiten jarraituko dugu astero, beren helburua sekula beteko ez dela frogatuz. Sakabanaketak ez gaitu bananduko.
Mila kilometro aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu