Diktadura garaiko eta hurrengo hamarkadetako erresistentzia antolakuntzaren ezinbestekotasuna alde batera utzirik, gaur egun, giza jokamoldeak inoiz baino helburu esanguratsuagoa errotu beharra du euskal geografian, jasandako zapalkuntza politikari zein oldarraldi judizialei arreta berezia ipiniz; faxismoak berezko despotismoan oinarritutako bitartekoez herriaren ondarea sasitzan ezkutatu ez diezagun; justizia gakoak goraipatzeko, ausardiaren eskutik egungo erronkei eta sortzeke aldian aldikoei erantzuna eman ahal diezaiegun. Ezinbestekoa da belaunez belaun gizarteak zeharkako kontzientzia hartzea giza eskubideen alde; linguistikoak babesteko erabateko apustu ausarta garbi iragartzea bezain funtsezkoa.
Nazio identitatearen eraikuntzarako erabakigarriak direla jakinda, historian barrena, hizkuntzak subjektu politikotzat hartuak dira, botereak bere esparru politiko-ekonomikoa heda dezan, kapitalaren sistema politikoek mintzo hegemonikoak ez direnak hondatzeko asmoa badakartelarik. Ondorioz, kolonizazio ereduetan, menderatze prozesuan islatzen diren errepresio jomugen artean, sinesmen kulturaletatik at, hizkuntza dugu zaurgarriena. Estatu inperialistaren nagusikeria baieztatzeko gehien balio digun erreferentzia. Herria bera gorpuzten duen kohesio egitura duintasunaz gabetzeko, lurraldeari lotzen gatzaizkion pertenentzia sentimendua zuztarretik atera nahian laidotua.
Aho beteko indarrezko kolonialismo tipologian apalkuntza antolaketa zuzenari dagozkion gutxiespen maila ikaragarriak izaten dira; jatorrizko sustrai komunitarioak, besteak beste desagerrarazteari bideratuak, hau da, asimilazio kulturala tartean dela, kolektibitatean zeharoko men-egite irudia ezartzea lortzeko xedea. Halaber, diglosia dagoen gaurko kasuetan, gurean esaterako, datorrenetik datorrela hizkuntza nagusiaren pribilegio multzoak, modu batera edo bestera, berekin giza duintasunaren bahiketa eta urraketa dakartzala erran dezakegu argi, diglosiaren ezarpenak beti baitu bestearekiko ukaezinezko mespretxu inperialista.
Bizikidetzaren kalterako eragiten digun prestigio desparekotasun honek diskriminazio bizia agerian uzten du behin eta berriro, euskararen erabilera gauzatu orduko jartzen diren trabak direla kausa, egoera linguistikoa orekatzeko instituzioen ezgaitasuna azaleratzearekin batera. Hortaz, gaztelaniak, hegemoniaren estamentua izana, estatuko beste mintzairak gutxitzea erraz lortzen du, estatuaren beraren politikaren dekalogoa ez baitute justizia parametroek osatzen, hizkuntzaren barnean ideologia zuzen bat ere badagoelako. Mikromatxismoen erara, mikrozapalkuntza mekanismo ugarik lardaskatzen digu euskalduntze bidea; modu askok eta askok eragiten digute mina —zerbitzu publikoetan pairatzen ditugun eragozpenek ez ezik, eguneroko harremanetan, benetako elebidun ez den gizartekoetan existitzen diren oztopoek ere bai—, euskaldunok etengabe zipriztintzen gaituztenak.
Balioztatzen digun ezaugarri komunitarioaren bitartez beste herrietatik bereizten gaituena da mintzaira. Euskal Herritik kanpo irauten duen bereizlea. Bizitza osoan zehar barneratzen dugun herri nortasunaren adierazlea, oinarrizko baliabide historikoa, eta, aldi berean, gaurko testuinguru soziopolitikoa egituratzeko antolamenduaren ardatzetako behinena. Herrigintzarako zimendua, izaera propioa aintzat emateko bestelakotasunaren aldarrikapena.
Neurri berean, hizkuntzak, orokorrean (bai elezkoa bai zeinatua), herritarron arteko interakzio funtzionala hezurmamitzeko nahitaezko izateaz gain, komunikazio afektiborako tresna ordezkaezina den heinean, izate abstraktua ulertzetik arlo emozionalera egiten du mudantza, taldean bizitzeko ahalmena suertatzen delarik ematen digun baliotsuena. Beraz, ahalduntze prozesu pertsonala burutzea badakar, materialtasunera egokitze hutsetik aldenduz. Nola hezkuntza politikak hala hizkuntza saileko goiburuak horretarako zuzendu behar dute hizkuntza agenda erreala, instituzioek tokiko garapenerako euskaldunon erabileraren eskuragarritasuna berme eman diezaguten. Kontuan harturik, bestalde, hizkuntza erabilpena ezin dela inondik inora behin-behineko jarrera bilakatu.
Ez naiz modaz ari, ezta joeraz ere, denboragabeko hiztun mapa praktikoaz baino; praktikatze ohituren aldaketaren iraupenaz baino; hein berean, eskubidez, zailtasunak gaindi ditzagun, aintzatespen juridikoaz baizik. Berriro ere garaia heldu zaigu, kontzientziatik berbarainoko abiaburua izan daitekeena. Inposizioa eta kideen aurrez aurre, mintzaira buruz buru haizeberritzeko belarri prest. Herriaren denbora da, totalitarismoarekiko talkan erresistentzia guneen beharrean oraindik, euskarari dagokion lekua elkarrekin eman diezaiogun.
Euskaraldiaren erdigunean gaude, aho bizi abiapuntu berdingabean. Euskararekiko betiko lotura ezartzeko bultzada ematen digun ekimen herritarra dugu ahalduntze erakustaldia; itsaso urdinean libre murgil gaitezen, geure buruaren jabe, inoren mendekoak izan ez gaitezen. Inoiz menperatutzat jo izanak izango ez garelakoan, mintzaira-iraultzaileengandik askatasun denborako arduradun izatera berriz ere gertu, eginkizunaren rola aukeratuz.
Hementxe dugu eragite aukera, beste hainbat egitasmo legez, gure esku: amets pertsonalek osotzen duten erronka kolektiboa, euskalgintzaren urratsa. Bestelakoetan bezala, honetan be ondorengoei testigantza utziko diegu Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugunok.