Mobilizazioak ezinbestekoak dira gure eskubideak berreskuratzeko

Ane Bilbao Alzelai
2023ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Azken hilabete eta urteetan pairatzen ari garen eskubideen gainbeherari erantzun sendo bat eman behar diogu. Aspaldidanik, sektore publikoaren ahultzea begi bistakoa da; finantzaketa publikoaren falta, lan-baldintzen okertzea eta, ondorioz, zerbitzu publikoen kalitatearen galera, administrazio guztietan errepikatzen ari den erradiografia bat da.

EHUko argazkia oso antzekoa da: finantzaketa publiko faltak ateak ireki dizkio diru eta interes pribatuari, eta errektoretza-taldearen aldebakarreko erabakiek eta negoziazio errealaren ezak unibertsitateko langileon eskubideak murriztu dituzte.

Finantzaketari dagokionez, Unibertsitate Publikoak dituen erronkei aurre egiteko orotariko baliabide gehiago behar du; finantzaketa gora doala dioten arren, aurrekontu publikoetan Unibertsitate Publikoak duen pisua geroz eta eskasagoa da, eta finantzaketa pribatuak, aldiz, pisu nabarmena irabazi du.

Lan-baldintzei dagokienez, azken kurtsoan pairatu ditugun murrizketak itzelak izan dira:

- Oporraldietako campus itxierek, aldebakarreko egutegi inposizioak ekarri dizkigu.

- Erretiro akordioen aldebakarreko deuseztapenak, negoziazio bitartez lortutako eskubide esanguratsuak galtzea suposatu digu.

- Irakasle ordezkoen kontratuen aldaketak langile hauen prekarizazioan sakondu du.

- Ikerlari gazteen soldatetan aurrerapauso esanguratsurik negoziatu ez izanak, langile hauen lan-baldintzen prekaritatea betikotzea dakar.

Hilabete hauetako murrizketak azken urteetan nozitzen ari garen eskubide galeraren bide beretik doaz. Ezin dugu ahaztu azken hamarkadan %20ko erosahalmenaren galera akumulatua dugula, lan-kargaren pilaketa urtez urte handiagoa dela eta gure lan-osasuna, inolaz ere, ez dagoela bermatuta.

Egoera honen aurrean, ELArentzat ezinbestekoa da dinamika mobilizatzaile baterako borroka-espazioak piztea unibertsitatean. Ikasturte honetan ere horrela erakutsi dugu. Azken asteetan, esaterako, irakasle ordezkoen plataformak gatazka abiatu duenean, ELAk jarrera aktiboa agertu du, aurreko hilabeteetan EHUko gobernu taldeak hartu dituen beste erabaki batzuen kontra nabarmen egin duen bezalaxe, erretiro akordioen haustura, adibide.

Halaber, tamalez, unibertsitatean ez dira baldintzak ematen ELAk kontrabotereko dinamika bat bakarka eramateko. Horregatik ELAk, beti, konfrontazio eraginkor baterako prest agertu eta agertzen diren eragile eta sindikatuekin elkarlana sustatu du, eta sustatzen jarraituko du datorren ikasturteari begira ere, helburu nagusi batekin: unibertsitateko langileen lan-baldintzen defentsarako mobilizazio-dinamika indartsu bati ekitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.