EHUko irakaslea eta kide antirrazista

Mugak soinean

2026ko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2026a hasi denetik shock egoera mundu osora zabaldu dela esan daiteke. Ezegonkortasun egoera geopolitikoa orokortuz doala esaten badugu, ez dugu ezer berririk azaltzen. Hala ere, eta gurera etorririk, shock egoera selektiboan bizi diren gizatalde eta kolektiboak hainbat dira. Judith Butlerrek dioen bezala, guztion bizitzak dira zaurgarriak, baina zehazki eta ez halabeharrez, batzuenak prekarizatuak dira. Eta prekarizazio horrek intentsitate apaleko shock egoeran bizitzera daramatza. Gizarte baten erakusle omen da baztertzen dituenei ematen dien trataera, edo bestela esanda, gizarte baten maila neur daiteke bazterrean utzitakoen eskubide eta aukera mailari begiratuta.

Gai honetan paradigmatikoa den kolektibo bati buruz arituko gara: etxea utzi behar eta hala erabakitzen duten momentutik pertsona migranteei buruz. Egoera irregularrean migratzera behartuak, gehienak, eta jazarpen prozesu etengabea igarotzera derrigortuak. Afrikatik datozen bidaiariak aipatuko ditugu hemen, Dolores Juliano antropologoak esaten zien bezala, birbiktimizaziotik aldenduz eta haien agentzia eta erabakitzeko ahalmena aitortuz. Haiek dira mugen erregimenari desobeditu eta erresistitzen lehenak eta bidea erakusten digutenak.

Shahram Khosravi idazle eta antropologoari jarraituz, bidaiatzen duten pertsona ilegalizatuek soinean daramate muga. Beraiekin mugitzen da eta ez ditu askatuko iritsitakoan ere. Mugak hainbat forma eta itxura har ditzake. Europako Batasunak esternalizatutako mugen erregimenari esker, bidaiatu ahal izateko ukatzen dieten bisa, mugetako polizia kontrolak, teknologia militarra, igaroko dituzten herrialdeetan atzerritarren legearen aterkipean jasoko duten askotariko jazarpen instituzionala, indarkeria arrazista, matxista, aporofobia, lan esplotazioa… jarri zuk, irakurle, segida. Ez ahaztu dena batera momentu berean gertatzen dela, indarkeria intersekzionala dela, alegia.

Marko honen iturri nagusietakoa Europako Batasuna osatzen duten estatuak izanik, gatozen Irun eta Hendaia arteko mugara. Kanpo mugetan migranteek jasotzen dituzten biolentziak apaltzen direla, itxuraz, esan genezake. Esternalizaturiko mugen erregimenarekin konparatuz, berme juridikoak oraindik plantan daude EBn. Baina hori ere geroz eta estuagoa da. Bai migrazioaren protagonistentzat, baita egoera horretan sostengua eta elkartasuna ematea jokamolde duin bakarretakoa dela pentsatzen dutenentzat ere. 

J’accuse-ko militanteek diotenez elkartasuna da bere indarra. Horren erakusle bi urteotan auzipetuek jaso duten laguntza eta gizarte mugimenduen elkartasun zabala. Migrazio politikak eskubideen murrizketarako laborategia diren honetan, bada zeozer

Ildo horretan, Frantziako Estatuak pertsonen trafikoagatik akusatu dituen zazpi militanteak nolabaiteko salbuespen egoeran bizi izan dira bi urtez, eta auzitegira hainbat joan-etorriren ondotik, libre utzi ditu epaileak. Ez dute ezagutzera eman epaiaren arrazoia oraingoz, soilik emaitza. Orain arte, bi urte luze joan dira auzipetuentzat, akusazio potolo baten pean, ziurgabetasuna lagun. Abokatuen zerbitzuak kontratatu eta ordaintzera behartuta egon dira. Alegia, animikoki eta ekonomikoki baldintzatuak. Frantziako Estatuak mezu argia igorri die elkartasun lanetan ibiltzeko ideia izan dezakeen orori: tentuz ibili. Ziur horrek bat baino gehiago etxean geratzera animatu duela. 

PICUM paperik gabe bizitzera beharturiko migranteekin lan egiten duen Europa mailako elkartearen 2025eko txostenaren arabera, 2024an EBn 142 laguni ireki zizkieten zigor prozedurak edo zigor administratiboak pertsona migranteei sostengua emateagatik. 91 migrante ere akusatu zituzten pertsonen trafikoagatik. Elkarteak datuok komunikabideetatik jasotzen ditu, gaineratuz kriminalizazio prozesu hauek azpierrepresentatuta daudela —bilaketa eta erreskateagatik kriminalizatzen dituztenak aparte doaz—. Hor ere bada zer esana komunikabideek duten zerbitzu publikoko eginkizunari buruz.

Elkartasun ekintzak egin zituztenen %81i eta akusaturiko migranteen %86ri pertsona migranteen trafikoa, sarrera, igaroaldia edo egonaldia erraztea leporatu zizkieten. Zigor maila baxu mantentzen bada ere, hiru urtetan eginiko ikerketek erakusten dute kriminalizazioak gorako joera daukala eta migranteen kontrako akusazioak %20 ugaritu direla 2023tik 2024ra. Zigor administratiboak eta judizialak ez diren jazarpenak ere hor daude. EBko zazpi herrialdetan norbanako edo gobernuz kanpoko erakundeen aurkako prozesuak abiarazi dituzte, intimidazioa eta indarkeria erabiliz.   

Bestalde, ez dirudi EBko estatuek indarrean jartzen dituzten migrazio eta muga politikak gizatiartuko dituztenik epe labur eta ertainera. Kanpo eta barne mugak gogortzen ari dira. Duela bi aste Europa mailako gobernuz kanpoko 80 erakundek EBk onartu nahi duen itzulera araudi berria salatu dute: poliziaren sarekadak etxeetan epailearen agindurik gabe, fenotipoaren araberako kontrol legalak, EBko polizien artean partekatu ahalko dituzten pertsona migranteen datuen erregistro masiboa…  

Panorama horren aurrean, J’accuse mugimenduak behin eta berriz esan du euren kontrako kasua politikoa izan dela, eta haiena, pertsona migranteen egoera salatzeko eta sostengatzeko gizarte desobedientzia. Ez da lehena Euskal Herrian. Gogoratu Begoña Huarte eta Mikelon Zuloaga Grezian zortzi pertsona errefuxiaturi laguntza emateagatik auzipetuak izan zirela 2016an. Kasua ez da itxi. 

«Haiek gu dira», esan zuen norbaitek Europara etorri nahi duten lagunei buruz. Ahaztu gabe guk gure pribilegio eta eskubideak, gure zuritasuna mantentzen ditugula. J’ accuse-ko militanteek diotenez, elkartasuna da beren indarra. Horren erakusle bi urteotan auzipetuek jaso duten laguntza eta gizarte mugimenduen elkartasun zabala. Migrazio politikak eskubideen murrizketarako laborategia diren honetan, bada zeozer.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA