Irakaslea

Mundiala eta zeroak

Iñigo Eiguren Endeiza
2026ko abuztuaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Urteten jake urteten jakena: 0 biribila». Euskaltzaleoi ez digu inork kasu honetaz ezer azaldu behar. Garbi daukagu eta egoeraren arriskuaz eta larritasunaz jabetu arren, umorez hartzeko gaitasuna ere badugu. Baina, ekaineko zeroa norentzat izan den eztabaidaezina izanda, akaso uztailekoaz ez gara hain kontziente izan. 

Hilabete horretan, bazirudien Munduko Futbol Kopa baino ez zegoela, futbolzaleontzat behintzat; eta horren harira harritu egin nau, txarrerako, espainiar estatuko futbol taldearekiko nabaritu dudan normalizazioak. Euskal jokalari batzuk bertan izateak nahikoa zirudien Espainiaren izenean aritu den taldearekiko animoak justifikatzeko. Eskerrak, gutxienez, zelai gaineko ospakizunetan ikurrinik ez zela agertu irabazleen artean. Lotsa handiegia eragingo zuen.

Zaila egiten zait ulertzea hainbeste euskal herritarrek ahaztu izana talde hori babesten duen federazioa dela, Espainiako federazioa hain zuzen ere (Frantziakoa ahaztu gabe), Euskal Herriko selekzioari Munduko Futbol Txapelketan parte hartzea eragotzi eta eragozten dion eragilea. 

Horregatik, bihotzez animatu nituen Cabo Verde, Uruguai, Portugal, Belgika... (Argentina sasi-sionista zailagoa egin zitzaidan), eta egoera honetan jarraitzen dugun bitartean, edozein diziplinatan, edozein motatako txapelketetan, haren aurka lehiatzen diren guztiek nire arnasa izango dute.

Zaila egiten zait ulertzea hainbeste euskal herritarrek ahaztu izana Espainiako federazioa dela (Frantziakoa ahaztu gabe) Euskal Herriko selekzioari Munduko Futbol Txapelketan parte hartzea eragozten dion eragilea

Kontua da ez gaudela normaltasun egoera batean. Bat nator ofizialtasunaren bidea gure alde eta ez inoren kontra egin behar dugula aldarrikatzen dutenekin, baina batzuetan ez da erraza izaten: gure selekzioak ezin gaitu ordezkatu nazioarteko ekitaldi gehienetan, eta horren erruduna, hain zuzen, egungo futbol txapelduna sostengatzen duten erakundeak besterik ez dira; edozein aurrerapen, eskari edo prozesu automatikoki blokeatzen baitute, sistema demokratikoak eskaintzen dituen tresnak modu baketsu eta errespetutsuan erabili arren. Abilezia berezia, bestalde, komunikabide, polizia eta epaile iberikoena, euskal usaina duen guztiari erasotzeko, modu horietatik pitin bat aldentzen garen momentuan.

Euskal Selekzioaren elastikoa aldarrikapen bat da, ez du inor iraintzen, bere federazioak ez baititu inoren eskubideak ez diskriminatzen ez zapaltzen; aitzitik, esan bezala, ez da espainiar federazioaren kasua. Zale orok nahi dituen ikur eta sinboloak erakusteko duen askatasuna defendatu, eta edonoren kontrako indarkeria gaitzetsi arren, borboidun armarria duen kamiseta gure kaleetatik erabiltzea, enpatia gutxikoa, gustu txarrekoa eta are iraingarria iruditzen zait, beraiek baitira gure parte hartzeko eskubidea ukatzen digutenak; batez ere, erabilera hori ordezkari publikoen aldetik badator, Gasteizko alkatearengandik, esaterako.

Batzuek Euskal Selekzioa utopia bezala ikusten dute. Ez da izango, ba, Gabonetako partidarekin konformatzen bagara! Horiei gogoratu beharko zaie inoiz ez dela borrokatu gabe eskubiderik irabazi. Ezin dugu egoera hau normalizatu. Ez dugu etsi behar, edo «urtengo jaku urtengo jakuna». Ezin dugu zerorik atera. Pilotariek, surflariek, ardi moztaileek... markatutako bideak ofizializazioaren helmugara eraman behar gaitu. Gora Euskal Herriko kirol selekzioak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA