Erretiratua

Mundu idiliko bat haurrekin?

2026ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elkarrizketa sakon eta ederra egin zion Saioa Mujika pedagogo eta umeen hezitzaileari Argia aldizkariak 2025eko azaroaren 30eko zenbakian, eta, egia izan, Saioaren hitzei darien haurrekiko eta gizartearekiko maitasun handiak guztiz liluratu nau. Benetan diot: azken urteetan, eta agian bizitza osoan, irakurri dudan elkarrizketa ederrenetariko bat, ederrena ez bada, eta gorrotoa, ezinikusia eta sentimendu txarrak nagusi diren mundu honetan, pertsonen arteko maitasun eta goxotasunean sinesten duten pertsonak oraindik badaudela ikusteak pozez betetzen nau eta eguneroko bizitzari izpiritu berri batekin ekiteko indarrak ematen dizkit.

Zaila da hain elkarrizketa eder eta mamitsua hitz gutxitan laburbiltzea baina, esaten duen guztia oso inportantea dela onartuta ere, Saioaren esaldi batzuk bereziki ederrak dira, ene ustez haren pentsaera eta Kortiñe eskolaren filosofia askatzailea ezin hobeto adierazten dutelako, eta hari emango diot hitza: «Ea nola antolatu genezakeen elkarbizitza ume eta nerabeekin belaunaldien arteko harremanak parte hartzaileagoak, horizontalagoak eta atseginagoak izan zitezen»; «edo nola eraiki  genezakeen onarpena, askatasuna eta elkarrekiko errespetua bideratuko zituen espazio bat, horren kontrako kulturetatik bagentozen»; «umeek gure ondoan egin nahi dute bidea»; «hasi gara konturatzen ondoan ditugunak txikiak direla, baina lagunak direla eta haiekin gauza asko egin ditzakegula».

Adibideak biderka litezke, baina esandakoa nahikoa dela uste dut elkarrizketa horretan adierazitakoa zein goxoa den eta hezkuntzaren filosofia horrek duen indar eraberritzaileaz jabe gaitezen. Gainera, eta Saioak elkarrizketaren une batean dioenez: «Kortiñe sano dago, eta gure lana aurrera doa». Ikusi eta sentitzeko modukoa den errealitate batean gorpuz daitekeen planteamendu bat da, beraz, Saioa Mujikak elkarrizketaren hainbat pasartetan adierazten diguna, eta ez abstrakzio hutsa. Horiek horrela, Argia-n adierazitakoarekin guztiz bat nator, eta Kortiñe proiektu eder horretan ari diren guztiak izpiritu askatzaile horretan jarraitzera animatzen ditut.

Zoritxarrez, kanpoko errealitatea oso desberdina da eta hemen hasten dira nire zalantzak Saioa Mujikaren eta Kortiñe eskola horretan ari diren guztien asmo zintzoak bideragarriak diren planteatzeko orduan. Kontuz! Ez dut ezinezkoak direnik inolaz ere esan nahi, eta Kortiñe egin eta egiten dutena dugu horren adibide, baina, inori ilusiorik kentzeko asmorik gabe, proiektu eder horiek gauzatzeko ikusten ditudan oztopo batzuk adieraziko ditut. Irakaskuntzan ibilitakoa naiz ni ere eta, zilegi bazait, nire esperientzia eta bizipenak kontatuko ditut, gaiaren beste dimentsio batzuk ezagutu ditzagun.

Euskal Herriaren aldeko borrokan ari zen idealismoz betetako 24 urteko mutil bat nintzen 1987an. Garai hartako ezker abertzalean eta kristautasun aurrerakoian nenbilen, eta urte horretan Hernaniko institutura euskarako klaseak ematera bidali ninduten. Pozez gainezka joan nintzen. Izan ere, ba al zen gazte abertzale, euskaldun eta idealista batentzat euskara gure herriko haur eta nerabeei irakastea baino lan ederragorik? Diodanez, ilusioz beteta joan nintzen institutura euskara irakastera, eta han aurkitu nuen errealitateak nire asmo idealistak, neurri handi batean, zapuztu zizkidan. Ikasleek, ez guztiek, askotan nire kontrako jarrera hartu zuten eta borroka latzak izan nituen haiekin, euskara lasai eta gutxienezko baldintza batzuetan irakatsi ahal izateko. Nik ordura arte sinesten nuenaren kontra, ez nuen Saioak elkarrizketan aipatzen dituen planteamendu eder horiek ikasle horiekin gauzatzeko erarik ikusten. Nerabeei irakastean, haiekin bidea egin behar nuela sinesten nuen hasieran, baina laster nire zapaltzaile bihurtu zirela konturatu nintzen, krudeltasun osoz jokatzen baitzuten behin baino gehiagotan, ez beti, nirekin, eta gehien mintzen ninduten puntu ahulei erreparatzen zieten, nitaz barre egiteko. Batek baino gehiagok pentsa dezakeenaren kontra, portaera horiek ez zituen nerabeen askatasun egarriak eragin, pertsona ahul baten kontra onartu ezinezko gaiztakeriak baizik.

Laudioko institutura joan nintzen geroago, eta arazoak areagotu ziren ikasle askorekin, ez guztiekin. Bai, baten batek esango didana ondo dakit, nire arazo pertsonalak zirela horiek, eta nik neuk nuela ikasle horiek kontrolatzen jakitearen ardura. Hori neurri batean egia izan daitekeen arren, ez dio orduko ikasle horien portaerari larritasunik kentzen, guztiz ezinezko izan baitzitzaidan nire asmo ederrak, haur eta nerabeekin bidea egitea, aurrera eramatea. Puntu honekin bukatzeko, eta pertsonalizatzeko inolako asmorik gabe, ez bainaiz irakaskuntzan egoera horiek pairatu dituen bakarra, Kortiñe eskolaren izpiritu askatzailearekin guztiz bat natorrela eta Saioa Mujika eta horretan ari diren gainontzeko pertsonak miresten ditudala argi esan nahi dut, inork zalantza izpirik ere izan ez dezan, baina gaurko munduaren eta Euskal Herriaren errealitatean hori dena praktikara eramatea oso zail ikusten dudala ere adierazi nahi dut, askotan giza balioak falta baitzaizkie ikasleei, baita guri ere, eta balio horiek aldez aurretik landu gabe ezinezkotzat jotzen baitut planteamendu eder eta askatzaile guztiak hezkuntzaren munduan aurrera eramatea.

Artikuluari bukaera emateko, desadostasun bat adierazi nahi diot Saioari. Elkarrizketaren hainbat pasartetan, herri libre batean biziko bagina gure asmoak errazago lortuko genituzkeela defendatzen du. Hona hemen haren hitzak: «Herri bezala autonomia izango bagenu errazago aldatuko genuke dena»; «baina herri bezala mugak ditugu»; «Euskal Herriak bere eskola sortu behar du, euskalduna eta feminista, jakina». Saioaren printzipioekin teorian ados nagoen arren, ez dut herri libre eta euskaldun batek eguneroko irakaskuntzan errealitate askatzailea ekarriko digunik besterik gabe uste. 1987an irakaskuntzan hasi nintzenean, orduko ezker abertzalearen aldekoak ginen hainbat eta hainbat irakasle eta ikasle; hala ere, sektore horietako pertsona gogor batzuek beren agintea inposatu ziguten gainontzeko guztioi, eskolan eta herrian, eta, askatasunean oinarritutako proiektu bat eraiki beharrean, desilusioaren putzu beltzean erori ginen gutako asko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.