Miren Basaras Ibarzabal.
EHUko Mikrobiologiako irakasle titularra

Mundua amildegirantz ote doa

2026ko maiatzaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egunotan hantabirusa izan, ebola izan, birusen mehatxuak bolo-bolo ageri dira hainbat hedabidetan eta tertuliatan. Oraingoan birus ezagunak dira, eta, gure artean duten arriskua txiki-txikia den arren, ezin da inoiz esan hutsa denik.

COVID-19 pandemiaren eragilea, aldiz, birus berria zen. Baina pandemia ondoren, horrelako berriak agertzen direnean kezka eta, batzuetan, alarma piztu egiten da.

Osasunaren Mundu Erakundeak, 2018an ebola agerraldi bortitza egon zenean mendebaldeko Afrikan, mundu mailako Prestakuntza Jarraipen Batzordea izendatu zuen, agerraldien eta pandemien aurrean hobeto prestatuak egoteko eta horiek ahalik eta ondoena kudeatzeko. Duela aste batzuk, batzorde horrek azken txostena argitaratu du, eta bertan azaltzen da momentu honetan mundua amildegi baterantz doala, pandemia bati aurre egiteko prestatuak ez gaudelako.

Azken urteetan OMEk nazioarteko hainbat osasun-larrialdi egoera izendatu ditu (mpox, ebola edo zika, besteak beste), beti aparteko gertaera izanik, osasun publikoarentzat arriskutsua eta nazioartean hedatu ahal delako, eta nazioarteko erantzun koordinatua behar duelako.

Egia esan, sufritu dugun azken pandemian gauza asko ikasi genituen. Alde batetik, oso garrantzitsua izan zen herrialdeen zein ikertzaileen arteko elkarlana; horrela aurrerapen teknologiko azkarren bidez infekzioen diagnostiko eta tratamendu arinak lortu daitezke. Hori modu eraginkorrean eta bidezkoan aprobetxatuz gero, oso baliagarria da, baina modu ekitatiboan ez bada egiten, ez du inolako zentzurik. Ebola Afrikan atzematen delako diagnostikatzeko teknika arinak edo botika eraginkorrak lortzeko ez bada inbertitzen, ezer gutxi egiten ari gara.

Bestetik, mundua bakarra izanik, bertako gizakiak, animaliak, ingurumena eta mikroorganismoak elkarri lotuta gaude, Osasun Bakarra kontzeptua barneratuz.

Baina gizakiak beste animalia batzuen lurraldeak inbaditzen ditugunean, haien birusen eraginpean jartzen gara. Are gehiago, lurraldeetako baso-soiltzeak mikroorganismoen gordailu naturalak aldatzea eragiten du, eta, ondorioz, animalia-gordailu horiek elikagaiak bilatzeko lekualdatu egiten dira gizakiak bizi diren guneetara. Animalia basatien eta gizakien espazio partekatuak drastikoki handitzen du infekzio zoonotikoen probabilitatea.

Tenperatura igoerak ere eragin zuzena du animalia zein mikroorganismoen hedapenean. Copernicus-ek (Lurra behatzeko eta monitorizatzeko Europar Batasunak duen programa) aipatzen duenaren arabera, berotze-joera handienak Ozeano Artikoan eta Europan ikusten ari dira. Igoera hori Europan munduko gainerako herrialdeetan baino 1ºC handiagoa da. Horrek Artikoan dagoen permafrostaren urtzea dakar, bertan egon litezkeen mikroorganismoak agerian utziz, eta Europan, beste eremuetako eltxoak eroso bizi ahalko dira (eltxo tigrea, kasu); horiek transmititu ditzaketen gaixotasunak hedatuz (dengea, chikungunya…).

Herrialde batzuetan hartutako neurri penagarriak eragin zuzena izaten ari dira bertako osasun publikoan. Estatu Batuetan, esate baterako, azken urteetan txertoen bidez prebeni daitezkeen infekzioen gorakada nabarmena ikusi da

Are gehiago, gatazka geopolitikoek eta krisi ekonomikoek gogor eragiten dute osasun globalean: uraren arazketa eskasa, sagu eta arratoien izurritzeak, parasitoen infekzioen igoera, txertaketen bidez prebeni daitezkeen infekzioen igoera, eta abar. 

Tamalez, herrialde batzuetan hartutako neurri penagarriak eragin zuzena izaten ari dira bertako osasun publikoan. Estatu Batuetan, esate baterako, azken urteetan txertoen bidez prebeni daitezkeen infekzioen gorakada nabarmena ikusi da. Elgorriaren kasuan, txertaketaren estaldura %3 gutxitu da azken bost urteetan, eta horren ondorioz elgorri-kasuak hamabi aldiz gehiago igo dira, hainbat ospitalizaziorekin eta hildakorekin.

Zientzia ukatzea eta desinformazioa bultzatzea norberaren buruaren kontra doa eta, gainera, eragin zuzena du guztiongan. 

Aurreko guztiari gehitu behar zaio pandemiaren ondoren osasunera bideratutako garapena nabarmen murriztu dela eta, mundu mailan, osasun publikoan egiten ari den inbertsioa gutxitu dela. Mundu mailan segurtasun hitza bala-bala dabilen honetan eta arma-lasterketa egoera honetan, ez al da hobe osasun publikoan inbertitzea eta ez armetan?

Etorkizunean ere mikroorganismo emergenteak (berriak zein ezagunak) egongo dira, eta horien aurrean prestatzea ez da soilik protokolo idatziak edukitzea, baizik eta zientziari eustea, laborategiak izatea eta finantzaketa egonkorra izatea

Dudarik gabe, mundu mailako osasuna kudeatzeko pentsaezina da gizakiak eredu indibidualista edo partziala izatea; guztiz holistikoa edo integratzailea izan behar du pentsamendua, osasun bakar horretako partaide guztiak barneratuz.

Etorkizunean ere mikroorganismo emergenteak (berriak zein ezagunak) egongo dira, eta horien aurrean prestatzea ez da soilik protokolo idatziak edukitzea, baizik eta zientziari eustea, laborategiak izatea eta finantzaketa egonkorra izatea, komunikabideetan inolako titulurik ez egon arren. Azken finean, prestaketa osasun-larrialdiaren aurretik eraiki behar da beti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA