NaBairen herentzia

Patxi Zabaleta, Asun Fernandez de Garaialde eta Txentxo Jimenez
2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Orain bederatzi urte, Nafarroa Bai—NaBai— sortu genuenean, ahalegin arriskatua, zaila eta berritzailea egin genuen. Hala ere, ahalegin horrek balio izan du Nafarroako mapa politikoa atzera bueltarik gabe aldatzeko. NaBaik agerian utzi du Nafarroako gizartea prest dagoela, beharrezko duela eta erabakia duela UPNren gobernuen segida hori amaitzeko; hau da, Nafarroako gizarteak aldaketa behar duela erakutsi digu. Baina aldaketa hori egiazkoa izateko izaera demokratikoa izan behar du, ez-baztertzailea: ezkerreko identitate abertzale eta aurrerakoiekin osatua izan behar da.

Nafarroako bigarren indar politikoa izatea lortu duen lehen indar abertzalea izan da NaBai, 80.000 botorekin. Gainera, euskal politikarentzat funtsezkoak izan diren ekarpenak egin ditu Aralarrek Nabairen bitartez: bakegintzan, lurraldetasunean, erabakitzeko eskubidean, zeharkakotasunean eta, batez ere, ezkerreko alternatiba aurrerakoiak osatzeko orduan.

NaBairen sustatzailea izateak ematen didan poztasunetik, eta horrek suposatu duena aintzat izanda, proiektu hori akitua dagoela esan beharra daukat. Emailea hil aurretik herentzia jasotzeko Geroa Bai egiten ari den ahalegina patetikoa da. Hil aurretik norbaiten herentzia jasotzeko ahalegina egiten denean, ohikoa izaten da pertsona hori aldez aurretik hiltzea.

NaBairen herentziaren baitan, bere ideiak, historia eta proposamenez gainera, bere espazioa eta boto-emaileak daude; eta hor dago gakoa, boto-emaileetan. Nora joango dira eta nork eramango ditu? Zer diote boto-emaileek? Azken hauteskundeak hor daude, hori egia da. Baina bada beste datu adierazgarri bat: NaBairen boto-emaileen %90ek baino gehiagok ezkerrekotzat, abertzaletzat eta aurrerakoitzat dute bere burua. Egin diren inkestetan, NaBaik parlamentuan egin dituen politikekin bere adostasuna agertzen dute behin eta berriro boto-emaileek; eta parlamentuan garatu diren politikak ezkerrekoak izan dira, berdinen arteko bakea eta normalizazio demokratikoa bilatu dutenak, aurrerakoiak, ustelkeriaren kontrako konpromiso irmoa izan dutenak.

Zilegia da eta desiragarria ere izango litzateke Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban daukan espazio sozio-politiko bera hartzea EAJk Nafarroan, hemen UPNk berarentzat daukalako bere osotasunean. Baina bada agerikoa eta eztabaidaezina den zerbait: nafarrak normalak dira, edo ez? Nafarroan, EAEn edo munduko beste edozein tokitan bezala, herritarren artean ideologia ezberdinak daude, eta nafar batzuk ezkerrekoak dira eta beste batzuk, eskuinekoak. Jakina! Beraz, bere burua ez ezkerrekotzat eta ez eskuinekotzat duten indar politikoak haur-komikietako asmakeriak baino ez dira.

Gainera, NaBairen identitate-oinarria ez zen identitatearen ukapena, baizik eta zeharkakotasuna. Geure burua definitzean, NaBain ez dugu inoiz esan abertzaleak eta ez-abertzaleak garenik; beti esan izan duguna da abertzaleak garenok eta ez-abertzaleak ados jarri garela ezkerreko programa aurrerakoi komun bat aurrera ateratzeko. Eta EAJk onartu egiten zuen, nahiz eta programa horretan jasotakoa EAEn defenditzen zuenaren ezberdina izan eta, zenbait kasutan, aurkakoa ere bai. Nafarroa erabaki-eremu bezala onartzea izan behar da identitate arloko adostasun puntua. Subjektu edo ez-subjektu terminologia ez dator bat zeharkako akordio anitzetan.

Nork jasoko du NaBairen herentzia? Zalantzarik gabe, herriak, herritarrek, botoa eman dioten herritarrek. Gehien-gehienak ezkerrekoak dira, eta hori agerikoa da. Horregatik, duela gutxi, GaBaik—EAJ barne— bi prentsa-ohar atera ditu ezkerreko politikak egiten jarraituko dutela esanez (sic). Urkullu gizarajoa oraindik eta tristeago geratuko zatekeen irakurriz gero, baina horixe da daukaguna. Horixe da NaBairen boto-emaileen gehiengoak sentitzen duena, eta horiei zuzendu nahi diete mezu hori. Baina bada ezberdintasun handi bat NaBairekiko: orain jeltzaleak ez dira gehiengora egokitzen; orain inposatu, agindu eta zuzendu egiten dute.

2004an, Aralarrek EAJ parlamentuz kanpoko izaera horretatik atera zuenean, sinetsita zegoen Nafarroako sektore abertzaleak zentro-eskuineko ordezkaritza bat behar zuela, EAEn hartzen duen antzeko espazio politikoa hartuko zuena. Zoritxarrez, ezker abertzaleari sektore abertzaleko hegemonia irabazteko borrokari temati eusten diote jeltzaleek, eta horretan ez dira asmatzen ari.

Nafarroako politika ezberdina da jada. Eta horretan zerikusi handia du NaBaik. NaBairen herentzia bere boto-emaileena da, hau da, herriarena. Ez EH Bildu eta ez GeBai ez dira NaBairen herentziaren jasotzaileak, baizik eta haren boto-emaileak. Eta agerikoa da NaBairen boto-emaileak ezkerrekoak direla, murrizketen eta AHTaren aurka daudela, ingurumenaren alde eta Aranzadiren alde daudela, eta bakearen, normalizazio demokratikoaren eta Euskal Herriaren eta Nafarroaren erabakitzeko eskubidearen alde daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.