Nahi al dugu, benetan, bakean bizi?

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo García eta Ramón Balenziaga
2013ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eusko Jaurlaritzak joan zen ekainean aurkeztutako Bake eta Bizikidetza Planak ez zuen izan, Euskal Herriaren aldetik, guztiok desio genuen harrera beroa. Kontra egin zitzaion, argi eta garbi, hartaraino non zalantzan jarri baitzen esandako planaren bideragarritasuna. Bilatzen zen adostasuna lortzeko borondatea bera ere dudan jartzera iritsi zen. Txostenak irailera arte atzeratu behar izan zuen hurrengo bilera. Hori zela eta, lehendakariak honako hau adierazi zuen: «bake-txostenaren kudeaketa zaila da, baina dena ez dago galduta oraindik». Txosten hori estuki lotua dago memoria historikoaren gaiarekin, eta eragina izan du Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanetan.

Galdera bat sortzen zaigu horren guztiaren harira: zergatik ez dira politikariak ados jartzen bakea eraikitzeko zereginean? Galdera onartzeak esan nahi du, benetan nahiko balute, lor lezaketela bakea egitea. Eta hori horrela baldin bada, beste galdera bat: zer interes edo arrazoi dituzte aginte politikoa eskuan dutenek interes horiei lehentasuna emateko bakea egiteko eginkizunaren gainetik? Eta nola guztiok «demokratak» garela esaten dugun —alegia, politikariek eskuetan duten aginpidea herritarrengandik datorkiela esan nahi du horrek—, egiazko interesak eta arrazoiak zeintzuk diren galdetu beharko dugu. Bakea ez da gobernatzen gaituztenek egiten diguten opari bat. Bakea Herriaren eskubide bat da, komunitate politiko osoaren eskubidea. Eta herriari ezin liezaioke eskubide hori kendu, gobernuan dauden indarren interesen arabera.

Orain esaten ari garen hau iritzi soil bat baino askoz gehiago da. Eta nornahi irits daiteke ondorio honetara, bakea eraikitzeko obligazioa dutenek ematen dituzten arrazoietatik abiatuta, ez baitira Herriak eskatzen dien akordioetara eta adostasunera iristen. Berez, bakearen oinarrizko osagai ez diren arrazoiak eta interesak dira ahotan ditugun hauek. Aldiz, interes edo «ondasun politiko» partikularrak dira, eta beroriek lortzeko eztabaidak egiten dira, edo hitzarmenak sinatzen dira, bakea erdiesteko promesarekin. Baina bakeak, berez, interes partikularren arteko eztabaida horretatik kanpo egon behar luke, hau da, zeinahi «truke», «hitzarmen» edo «merkataritza» politikoren gainetik egon behar duen zerbait da.

Politika, berez, pertsonen eta Herriaren duintasunari estuki lotutako giza errealitatea da. Baina galdu egiten du duintasun hori aldezten dituen helburu legitimoak lortzeko oinarrizko balio bat zalantzan jartzen baldin bada: kolektibitatearen bizikidetza baketsua. Herriak politikoki aske izateko eskubidea du bakearen aitorpenak berarekin dakarren askatasunarekin.

Baketzea lortzeko, beren artean bateragarriak ez ziren dokumentuak aurkeztu dira. Elkarrekin adostu ezin ziren dokumentuak ziren, hala edukien nola motibazioen aldetik. Bakeak, izan ere, egiazkoa eta iraunkorra izango bada, guztiek partekatzen dituzten «motibazioetan» oinarritu behar baitu. Bakea, bizikidetza baketsua, guztiei dagokien zerbait da, eta guztientzat izan behar du, egia baldin bada, behintzat, guztion artean eratzen dugun Herri osoaren bakea izan behar duela. Horrela izan ezean, hobe genuke guztiok aitortuko bagenu ez garela kapaz izan bakearen eta elkarbizitza baketsuaren oinarriak adosteko. Horrelako aitorpen batek duintasuna emango lioke herri-ordezkarien zeregin politikoari berari.

Herri hau osatzen dugun guztion artean Bakea eraikitzeko konbikzio honek guztion eta guztiontzako «egia» eta «justizia» bilatzera obligatu behar gintuzke. Ez da nahikoa talde bakoitza «bere» egiatik eta «bere» justiziatik soilik aritzea, talde bakoitzaren iritzi-askatasuna nahi adina guztia justifikatu nahi bada ere. Zenbat eta aldaezinagoak izan taldeko konbikzio partikular horiek, are zailagoa izango da egia eta justizia partekatzea guztiontzat baliagarri izango den bake batera iristeko. Pertsonok gizartean biziz iristen gara pertsona gisa osatzera eta gauzatzera; eskubide hori guztiei aitortu behar zaie, baita horrek norberaren askatasunarentzat ezartzen duen muga ametitu ere. Nire askatasuna bestearena amaitzen den tokian hasten baita.

Bizikidetza baketsua, iraunkorra eta zintzoa ez da, izan ere, egia asko elkarren ondoan jartzearen emaitza izango, beste gabe; baizik eta gure egia besteenarekin elkartzearen eta adostearen fruitu izango da. Geure artean desberdinak izan arren, pertsonak gara, Herri bakar batean bizi gara, eta bertan gauzatu behar dugu pertsona gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.