Ez dakit oso ondo orain arte sortu ditudan pertsonaia literarioen artean zeini emango niokeen —baldin eta horretarako ahalmenik banu— bizitza bizigarri bat; hau da, materiala, erreala, hezur-haragizkoa, gaur egungo testuingurura moldatu beharko lukeena berak bere kabuz. Ez dakit pertsonaia horietatik zein gustatuko litzaidakeen ikustea idatzi zituen honen egunerokotasun urbano hiperestimulatuan ahal bezala moldatzen; ahaleginak eta bi egiten edo patxadan, batek daki. Badakit, ordea, pertsonaia horien artean nor besarkatuko nukeen beti; eta nor ia-ia beti; eta nor batzuetan baino ez —haren minak neurearekin bat egiten duenean edo—. Besarkatuko ez nukeenik badagoen, hori ez dut uste.
Besarkatuko ninduketen, hori ere ez dakit; ez dakiten moduan beraietako baten batek nire beharrik baduen oraindino, zer eta protagonista eta bere buru izaten jarraitzeko. Beraiei buruz zerbait zuzendu edo gehitu edo moldatu dezadan zain ote dauden; nik erredimitu ditzadan nahi duten, edo ez duten egotzi dizkiedan bertute eta okerretatik bat bera ere beren gain hartzen; beraien bitartez zer esan nahi nuen asumitu duten edo beraiek esateko zeukatenetik ere neuk zerbait ikasi dudan. Zerbait kontatzeko sortu zirela —eta sortu ginela— onartzera iritsi diren ala ez —edo garen ala ez—; eta gero, nik kontatu nahi nuenetik zerbait kontatzera iritsi badira, ea kapaz diren ikusteko lortu, lortu dutela autorea bera ere izatera iritsi direlako.
Izan bere, ez dakit ondo noiz apurtzen den idazlearen eta narratzailearen, edo idazlearen eta pertsonaien arteko kontratua —inoiz apurtzen bada behintzat—, ezta zein neurritan uste dugun alde bakarrekoa ere. Figura baten sinesgarritasunean, kontraesanetan, sakontasunean eta geruza anitzetan haginak bota beharrean lan egin ondoren, guzti-guztia ondo loturik uzten duen idazleari ere sartuko diolako lantza bat hegalean bere kreaturak; esango diolako «amiga, nik beste izan bat behar nuke». Nor behar lukeen, hori ja beste kontratu batzuk sinatzea litzateke, baina ez dakit hainbeste zor diegun ez haiei, ez geure buruei. Derradan, arketipoaren eta estereotipoaren arteko esparru lauso eta malguagoan mugitu ahal izan garela, geure buruak definitu eta zedarriztatzeko ditugun zailtasun igualtsuekin hala geure protagonistekin ere.
Ea zer uste duten beraien bidaideez, aukeratuko lituzketen beste istoriorik bizi nahiko balute, edo ia tramak aurrera egin baino lehen jakin bazekiten bidaideok zertan akonpainatuko zituzten eta zertan abandonatu; non elkartuko ziren eta non aldendu; zenbatez egon beharko zuten ahantzitako kanpandorre batean utziak bezala, denboraren izkina ahaztu batean. Ea ausartuko diren inoiz galdetzera zertarako ekarri ditugun literaturaren plaza honetara eta zergatik jarri ditugun beraien ahotan gureak diren berbak baina gureak ere ez direnak gure nahi ez ditugulako edo guretzat ez ditugulako izan nahi. Zenbat neke eta poz eman diguten, eta guk zenbat kendu beraiei. Beraien eta geure artean dauden distantziak —dena direlakoak izanda ere— nahita markatu ditugun horrenbeste edo horren gutxi, zertara jolastu nahi genuen.
Jolastu nahi genuela erantzun beharko baitiegu, zintzotasun minimo bat zor badiegu. Jolas egin nahi genuela literaturaren galsoro eder honetan; mundu bat eraiki eta eskaini, eta bertan plazer hartu. Mundu hori geure protagonistei behintzat habitagarri egin bazaie, bejondeiela; eta mundu hori irakurleei gozagarri egin bazaie, bejondeigula geuri ere.