Kirola ez da inoiz kirola bakarrik. Herrialde baten nortasun kolektiboaren adierazpiderik ikusgarrienetako bat ere bada. Kirol selekzioek munduaren aurrean proiektatzen dituzte nazioak, kidetasun sentimendua sortzen dute eta herriek nazioartean beren burua ordezkatzeko duten espazio nagusietako bat dira. Horregatik ematen diete estatuek horrenbesteko garrantzia. Eta, hain zuzen ere, horregatik jarraitzen du Espainiako Estatuak Euskal Herriari eta Kataluniari beren selekzioekin ofizialki lehiatzea eragozten.
Euskal Herriak eta Kataluniak Estatuko kirol sistema federatu sendoenetakoak dituzte: tradizio luzekoak, lurraldean errotze handia dutenak, eta hainbat diziplinatan nazioarteko aitortza duten federazio historikoez osatuak. Ofizialtasunik eza ez da, beraz, kirol arloko inolako mugaren ondorio. Izan ere, erabakia nazioarteko erakundeen eta kirol irizpideen esku dagoenean, gure federazioek tokia badutela argi gelditu da. Aldiz, erabakia Espainiako Estatuaren borondate politikoaren esku dagoenean, emaitza beti bera da: blokeoa.
Kataluniako patin hockeyko selekzioaren kasua da, ziurrenik, adibiderik paradigmatikoena. Kataluniak Nazioarteko Federazioaren behin-behineko aitortza lortu zuen, eta ofizialki lehiatzera ere iritsi zen. Hala ere, Espainiako Gobernuak egindako presioek eragotzi egin zuten aitortza hura behin betikoa bihurtu zedin. Eta ez zuten eragotzi Kataluniak kirol arloko baldintzak betetzen ez zituelako, Katalunia ordezkatzen zuelako baizik. Antzera gertatu da Euskal Herriko surf selekzioarekin eta futbol selekzioekin ere.
Errealitate hori, gainera, ez da salbuespena nazioartean. Europa osoan badaude estaturik gabeko nazioak hainbat diziplinatan beren selekzioekin ofizialki lehiatzen direnak, hala nola Eskozia, Gales, Ipar Irlanda eta Faroe Uharteak. Haien parte-hartzeak ez ditu estatuak ahuldu; normaltasun osoz onartu da haien parte hartzea. Arazoa, beraz, ez da kirol arlokoa, ezta juridikoa ere: arazoa erabat politikoa da.
Arazoa, beraz, ez da kirol arlokoa, ezta juridikoa ere: arazoa erabat politikoa da
Honako hau ez da gertakari bakana, ordea. Euskal Herriko eta Kataluniako selekzioak aitortzeari etengabe eta sistematikoki uko egiteak borondate politiko jakin bati erantzuten dio: gaur egun gure nazioek nazioartean beren burua ordezkatzeko duten esparru nagusietako batera sarbidea eragozteari. Selekzioak ez dira lehiatzera mugatzen; nortasun partekatua ere proiektatzen dute, kidetasun sentimendua indartzen dute eta herrialde baten existentzia munduaren aurrean normalizatzen laguntzen dute. Ahalmen horrek azaltzen du, hain zuzen ere, Euskal Herria eta Katalunia nazioarteko aitortza lortzetik gertu dauden bakoitzean Estatuaren erantzuna beti bera izatea: eragoztea.
Ordezkaritza nazionala kontrolatzeko borondate hori ez da gure selekzioen aitortza eragoztera mugatzen. Kirolariengan ere badu eragina. Izan ere, Kirolaren Legeak Espainiako selekzioaren deialdia onartzera behartzen ditu, 30.000 eurorainoko isunak edo federazio lizentzia etetea ezartzeko mehatxupean. Inork ez luke zigorrik jaso behar bere sentitzen ez dituen ikurren pean lehiatu nahi ez izateagatik. Geure selekzioak izateko eskubidea ukatzen digute eta, aldi berean, kirolariak beste selekzio bat ordezkatzera behartzen dituzte.
Erabat kontraesankorra da Espainiako Estatuak bere aniztasuna aldarrikatzea eta, aldi berean, aniztasun hori nazioartean adieraz dadin eragozteko aktiboki jardutea. Aniztasuna ez da defendatzen Euskal Herriko edo Kataluniako nortasuna adierazpen folkloriko batera mugatuta; aniztasun hori aitortuz eta kirolaren esparruan ere errespetatuz defendatzen da.
Euskal Herriak, Kataluniak eta estaturik gabeko gainerako nazioek beren selekzioekin nazioartean lehiatu nahi duten erabaki ahal izatea bermatzea ez da kontzesio bat, ezta kirol arloko aldarrikapen hutsa ere. Demokrazia, eskubide kolektibo eta askatasun kontua da. Herri orok, hala erabakiz gero, munduaren aurrean bere ikurrekin bere burua ordezkatu ahal izatea bermatzea da; baita kirolari orok zer selekzio ordezkatu nahi duen askatasunez aukeratu ahal izatea ere.
Munduko Txapelketak planeta osoko milioika pertsona berriz ere hunkitu dituen urte honetan, guk oraindik ezin dugu esperientzia hori bizi geure nazioak ordezkatuz. Guk ere maite dugu kirola. Guk ere geure sentitzen dugun selekzio baten garaipenak ospatu nahi ditugu.
Euskal Herriko eta Kataluniako selekzioak defendatzea ez da inoren aurka egitea. Printzipio demokratiko bat defendatzea da: Euskal Herriak eta Kataluniak munduan beren ahotsarekin lehiatzeko duten eskubidea.
Â