Ni ohi eroa naiz.
Bai, badakizu, mutil batekin lehen hitzorduan edo bikotean zarelarik bere garaiko neska-laguna burutik jota zegoela aipatu dizu, ezta? Ni naiz.
Ni naiz, bai, bikoteetan oihuka ari den neska galdua, negar egiten duen histerikoa, krisiak egiten dituen zoroa. Suposatzen dut zure maitaleak detaileak eman dizkizula nire jarrerari buruz. Esplikatu dizu nire adimengabeko faseek ez dutela ezer ikustekorik harekin. Dena, absolutuki dena, nire falta dela? Normala da, alienatua naiz. Nola segurtatzen ahal dizu horrelakoa naizela? Ziurrenik psikiatrian doktorego bat egin duelako! Ezetz? Goazen, beraz, arazoaren lehen azala, epidermisa, kentzera. Zerk egin du zure amorosaren aitzinekoak kasik beti histerikoa izateko?
Nire kasuan, pertsona batek pentsatzen duelarik nire denbora bestearen zerbitzurako dela, gezurrak eta disimulazioak metatzen direlarik, iruditzen zait nire mugak ez direla errespetatuak. Horretarako entseatzen naiz argiki oinarri horiek finkatzen. Nire inguruari erreparatuz, ohartu naiz harreman heterosexualetan maiz, nahiz eta neska batek bere beharrak argitu dituen, mutikoak ez dituela errespetatuko eta barkamena eskatu ordez, argudioak atzemanen dituela, gezurretan arituko dela eta egoera eraldatuko duela. Egoera hori ez da salbuespena, egia erran aski masiboa da, anglo-saxoiek hitz bat eman diotelako: gaslighting.
Hitza, film batetik inspiratua baldin bada, tranpa mentala aipatzeko erabilia da. Hots, arduradunak ez ditu sortzen dituen kalteak bere gain hartuko, errua bikotekideari botako dio edo errealitatea desitxuratuko du, eta biktimak pentsatu hark duela arazoa. Adibidez, maitaleak zure emozioak ukatzen, apaltzen edo trufatzen dituelarik edo gertakari baten ibilbidea osoki aldatuko duelarik, zure ikuspegia engainatuz, hori gaslighting da, manipulazioa da. Hots, azpijoko mota hori emazteak isilarazteko artea bezala agertzen da. Zein erreakzio sortzen du horrek kaltedunaren gainean? Nahasmendua, autoestimuaren apaltzea, depresioa, antsietatea eta batzuetan, suizidioa. Hori da leporatzen zaigun erokeria.
Aurrera, arazoaren bigarren azala, dermisa, kendu dezagun! Maite nuen pertsona batek etengabe errepikatzen zidanez burugabekoa nintzela eta bere ingurukoek hori ulertarazten zidatenez, ikuspegi honetan sinesten bukatu nuen. Gaur, oraindik emozio azkarrak bizitzen ditudalarik, burutik jota naizela pentsatzen dut. Alta, psikologoak eta psikiatrak ikusi ditut. Haien diagnostikoa mutiko zintzo honetaz desberdindu da: ez, ez naiz eragabekoa... baina traumatizatua izan naizela? Dudarik ez. Horrez gain, zoroa izatea ez da diagnostiko bat. Pertsona bat apaltzeko izenondo bat baizik ez da.
Baina, batez ere, hitz hori erabiltzea norbaiten sufrimendua ikusezin izateko, estrategikoa da. Nola entzun daitezke mentalki desorekatua den pertsona baten hitzak? Era berean, lehengo maitalea burutik jota bezala deskribatua delarik, erran nahi ote du eritasun mentalak dituzten pertsonak ez ditugula sinetsi behar? Bipolartasuna, depresioa, eskizofrenia... jendarteak gaizki ikusten dituen patologiak dira. Horrek suposatzen ote du eritasun mentalengatik ezin dugula agresiorik jasan?
Orain, arazoaren muinera, hipodermisera sartu gaitezen!
Problema ez da bikotea eta intimitatea. Beti bezala, sistema patriarkalari lotzen den jarrera kolektiboa da. Scoop bat badut: pertsona bat ez da kausarik eta testuingururik gabe, kolpez kexatzen. Emazteak eroak bezala deitzen ditugularik, psikoanalisiak sortutako kalteak elikatzen ditugu. Gure gaizki izatea baliogabetzen dugu jendarte matxistan, jaunek haien jarrera sexistak eta pribilegioak aldatu ez ditzaten.
Zergatik, orduan, gaur oraindik mutiko horiek sinesten ditugu haien ohikoa histeriko bezala deskribatzen dutelarik? Nire teoria: tipoek haien homologoak defenditzen ikasten dute, haiek ere ex eroak dituztelako. Eragabekotasuna jarrera toxikoen erreakzio bat dela onartzen baldin badute, haien errua begi bistan ematera behartuko lituzke. Baina zergatik onartzen eta defenditzen dituzte emazteek horrelako diskurtsoak? Nire ustez, bi faktorerengatik. Hasteko, harreman heterosexualak desorekatuak direlako eta askok gizonen onarpena behar dutelako ongi sentitzeko. Gero, aitortzen baldin badute aipatutako ex-burutik-jotako hori ez dela hain zoroa, haien egoera onartu beharko lukete: haiek ere norbaiten eroak kontsideratuak dira.
Ondorioz, gaur, ohiko eroa izatea asumitzen dut. Harreman heterosexualetan jasaten ditugun abusuei aurre egiteko gure tresna bakarra gure ahoa irekitzea delako. Defenditzeko eta burua altxaturik egoteko zentzugabekoa bezala ikusia izan behar baldin badut, onartuko dut.
Orain, beste andere eragabe guztien eskuak hartu nahiko nituzke, munduaren inguruan erronda erraldoi eta alaitsu bat egiteko. Arazoa ez gara gu, arazoa sistemari eta gizonei baimentzen zaiena da. Nik behintzat badakit mutil batek bere aitzinekoa histerikoa dela erraten baldin badit hura dela bandera gorria.