Laurogeiko hamarkadatik hona, Eskola Publikoa Euskal Eskola Publikoa bihurtu da. Euskal Eskola Publiko euskalduna, herrian txertatutakoa, denona eta denontzat irekia. Hezkuntza komunitate osoaren parte-hartze demokratikoa eta errespetuzko harremanak bultzatzen dituena. Gure ikasleak era egokian gizarteratzeko eta zoriontsuak izan daitezen lan egiten duena. Urte hauetan guztietan, Euskal Eskola Publiko sendoa lortzeko, eskola komunitateko familiek, irakasleek eta langileek lan itzela egin dute Hezkuntza Administrazioaren, erakunde publikoen eta hainbat giza entitateren laguntzaz.
Gaur egun, Euskal Eskola Publikoa da haur eta gazte gehienak euskalduntzen dituena. Izan ere D ereduan matrikulatuta dauden hiru ikasletik bi Euskal Eskola Publikoan daude. Euskal Eskola Publikoak gure hizkuntza eta kultura zabaltzen dizkie hainbat jatorritako ikasleei. Bakoitzaren jatorrizko hizkuntza eta kultura errespetatuz, bizi diren lekuko hizkuntza eta kultura ikasten, errespetatzen eta maitatzen ikasten dute, euskara izanik gizarteratzeko eta kultur artekotasunerako giltzarri eta bidelagun.
Euskal Eskola Publikoan ikasten duten ikasleak gure gizartea bezain askotarikoak dira. Euskal Eskola Publikoko eskolak ere beraien artean desberdinak dira, kokatuta dauden herri, hiri edo auzoetako biztanleriaren eta inguruaren ezaugarriak desberdinak direlako. Baina Euskal Eskola Publiko guztiak denontzat daude irekiak, eta denok dugu zer esana eta zer egina.
Eskoletan gizartean dagoen aniztasuna islatzea aberasgarria da ikasleen heziketa integralerako eta gizartearen kohesiorako. Ikasleek era naturalean eta errealean egoera eta kultura desberdinak dituzten gelakideak ezagutzen, onartzen eta errespetatzen ikasten dute. Honek guztiak pertsona seguruagoak, irekiagoak, malguagoak eta kooperatiboak hezten lagunduko digu. Hala, eskola garaian izandako esperientziaz baliatuz, etorkizunean biztanle parte-hartzaileak eta gizartea hobetzeko ahalegina egingo duten ikasleak hezten ditugu.
Garapen pertsonal eta akademikoan arrakasta izaten lagundu nahi diegu ikasle guztiei. Hau da, ikasle bakoitzak ahal bezain garapen maila handiena lortzea. Alde horretatik, ikasleen jatorrizko desberdintasunak konpentsatzeko curriculuma eta baliabideak egokitzen dira ikaslearen garapen osoa berma dadin. Horretarako, familia eta eskolen arteko elkarlana ezinbestekoa da. Familiek eta eskolek ados egon behar dute ikasleak mezu berdina jaso dezan. Bestalde, familia eta irakasleriaren prestakuntza eta inplikazioa beharrezkoak dira. Formazio hau etengabekoa izan behar da bizitzan, beharrak ere aldatzen direlako. Azkenik, ikasleriaren motibazioa eta ahalegina ezinbestekoa da, ikaslearen motibaziorik gabe beste ahalegin guztiak alferrikakoak izango baitira. Hiru atal horiek garatuz joateko Euskal Eskola Publikoan hamaika proiektu egin dira urte hauetan guztietan.
Laburbilduz, Euskal Eskola Publikoa ikaskuntzaren etengabeko hobekuntzarekin konprometitua dago. Hori dela eta, irakaskuntza-ikaskuntza metodologia parte-hartzaileak, eta ikasleek beren kasa ikasteko metodologiak abiarazi ditugu: proiektuen bidezko irakaskuntza, ikaste komunitateak, lan kooperatiboak, hizkuntzen trataera bateratua... gure ikasleak benetako protagonistak eta ikas-irakas prozesuaren ardatz nagusiak izan daitezen. Guztiagatik, urtetik urtera ikasleen emaitzak hobetzen doaz, kasu askotan jatorria kontuan hartuz gero espero zitezkeenak baino hobeagoak izanik.
Euskal Eskola Publikoaren hobekuntzarekin konprometituak gaudelako, Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar egitasmoa osatzen dugun eragileok (EHIGE, BIHE, Sarean) hobekuntza horretarako ildoak zehazten dituen dokumentuak argitaratu ditugu: Euskal Herrirako Curriculuma (2009) eta Euskal eskola publikoa haratago (2012).
Hots, gure eskola delako, euskalduntzen duelako, denona delako, elkarrekin bizitzen erakusten duelako, ikasle guztien arrakasta lortu nahi duelako eta herri orok eskola publiko sendo bat behar duelako, harro sentitzen gara eta esaten dugu: ni, euskal eskola publikokoa.
Ni, euskal eskola publikokoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu