Aurtengo uda garaian 46 gradura iritsi da tenperatura Espainia eta Portugalgo leku batzuetan. Europako beste leku batzuetan ere 40tik gorako tenperaturak izan dituzte, baita Euskal Herrian ere. Iaz baino tenperatura handiagoak izan ditugu eta aspalditxo izan ditugun handienak. Uda beroa, beroegia izan dugu, baina ez naiz hemen zergatiak azaltzen hasiko, zergatik gertatzen den jakingo banu ere.
Hemen da udazkena, udazkeneko ekinokzioa; izerdirik gabeko egunak izango ditugulakoan, lasaitu ederra hartuko dugu. Eguzkiaren beheranzko erdibidea. Orekatua, lasaia eta goxoa. Zenbat aldiz gozatu izan dugun udazkena, paisaia koloretsuarekin batera haize epelaren igurtzia. Urtaro baketsua.
Aurtengo udaran egurats beroa izan dugu arlo guztietan: naturan (suteak), politikan eta geopolitikan. Oraindik ere beroak jarraitzen du nagusi lur honetan, eta ez dakit gatazkak hoztuko direnik ere. 50 gerra edo gatazka omen daude une honetan munduaren borobilean; Bigarren Mundu Gerra gertatu zenetik gehien dagoen unea.
Eguzki errea baino erreagoak diren pertsona horiek izango al dute ekinokziorik? Azkenaldian gehien entzuten ditugun sonatuenak botako ditut: Donald Trump, Benjamin Netanyahu, Vladimir Putin. Egin genezake zerrenda amaigabea, baina hiru haiek nahikoak dira zeri buruz ari garen azaltzeko.
Zentzudunek, orekatuek, ekinokzioa bizi duten pertsonek aipatutako buruzagiei beldurra dietela aitortzen dute. Neu ere beldurtzen naute, noski. Baina, pentsatzen jarrita, agintari haiek baino gehiago kezkatzen nau haien atzetik dagoen gizateriak, haiek agintean jarri dituzten gizon-emakumeek arduratzen naute. Ez dira bat edo bi, gizartearen multzo handi bat da. Alegia, zuzenean botoaren bidez aukeratu dituztenak, eta daramaten politikaren eta geopolitikaren aurrean isilik gaudenok. Bai, gu ere bai.
Gizateria, gure lurra eta atmosfera bezalaxe, hondatzen ari da; usteltzen, esango nuke. Gure lur honek 8.239 milioi bizilagun omen ditu, Nazio Batuen Erakundearen arabera. Beste iturri batzuek diotenez, erroldatu gabekoak kontuan hartzen baditugu, 11.000 milioira ere iristen omen gara. Hori da hori sagar ale mordoa! —sagardo garaian gaudelarik, ondo datorkit irudia—. Denak ustelak? Ez, noski. Baina ustelak asko dira edo gara, eta ingurukoak usteldu egiten ditugu. Afrikatik edo beste lurralde pobre batzuetatik datozenek gure antzera bizi nahi dute, Europako Mendebaldean bizi garenon antzera, baina ispilatze, ilusio bat besterik ez da. Gurean ere politika, demokrazia, faltsutua dago, ekonomia aberatsenek bideratua, eta gizartea guztiz materialista bihurtua: erosketa eta kontsumoa da nagusi. Gurpil zoro batean sartuta gaude: ekoitzi eta kontsumitu; kontsumitu ekoizten jarraitzeko. Gurpil honek lurra bera ere kontsumitu egiten du eta zeruak zikindu. Kapitalismoaren ondorioak dira, dudarik gabe. Hau da daukagun eredua kanpotik datozenei eskaintzeko. Zoriontasun faltsuaren eredua.
Gizateria sugarretan bizi da eta atsedenik ez du. Noizko gizateriaren ekinokzioa? Noiz konturatuko da gizakia bizi izateko arnasa hartzea, aire garbia hartzea dela garrantzitsuena? Noiz konturatuko da gizakia izateko beste batzuen izatea beharrezkoa duela? Denok dugula bestearen beharra. Ez naiz ari besteek zer egin behar duten esaten, guk denok zer egin beharko genukeen aitortzen baizik; gure inguruko sagarrak ez ditzagun gehiago usteldu. Udazkeneko ekinokzioak duen oreka eta goxotasuna behar ditugu munduan bizi izaten jarraitu nahi badugu. Hartu arnasa!